Pitxer berrian, ur freskoa. 10 urte berritzen

Asteartea, 2015eko irailaren 29a

Halaxe dio esaera zahar batek. EMUNeko bezeroek euren egunerokoan ur freskoa beharrezko dute eta, horri erantzuteko, pitxarrak berritzeko sistema indartzen dihardugu azken hamar urteetan.

lantalan

Dagoeneko 2002. urtean, I+Gko egitekoak zerrendatu genituen orrialde batean, eta baita ondorio azkar bat atera ere: baliabide eta dedikazio gabe ez goaz inora!

Beraz, 2005ean berrikuntza arduraduna izendatu –Imanol Larrea– eta erabaki organoa eta talde teknikoa jarri ziren lanean. Berezia izan zen urte hura, dena baitzegoen sortzeko. Pentsatzeko eta antolatzeko urtea izan zen. Hainbat kontzeptu ere deskubritu genituen: zaintza sistema, estandarizazioa, word-cafeak, praktika onak, hobekuntza…

Hurrengo bi urteak ikasitakoa EMUNeratu eta martxan jartzeko urteak izan ziren, eta oparoa izan da ordutik gaur egunera arte egindako bidea:

  • EMUNeko teknikari guztiek parte hartzen dute, urtero, IGBk proposatutako barne proiekturen batean. Horretaz gain Soziolinguistika Klusterra edo Langune moduko erakundeekin hainbat proiektu martxan ditugu.
  • 200 praktika on edo baliagarritik gora jaso dira.
  • Hainbat liburuxka argitaratu ditugu: Zer egin…?, Hizkuntza harrerarako gidaliburu praktikoa
  • Beste hainbat produktu merkaturatu dira: kultura planak, aniztasun zerbitzuak, ETM edo TELP saioak (azken horiek Gemma Sangines eta Ferran Suay-k sortutako saioen egokitzapena dira)…
  • 2013ko Hausnartu Sarietan 1. Saria jaso zuen I+G+Btik bideratutako “Lantokietako ahozko erabileraren neurketak. Interpretaziorako eta interbentziorako hainbat gako” lanak.
  • Une honetan 5 teknikari dabiltza I+G+Bko taldean –dedikazio desberdinekin–.

Eta oraindik ere pitxerra berritzeko langintza horretan dihardugu. Horretarako behar-beharrezkoa dugu EMUNkide guztiok berrikuntza sisteman aktibo izatea eta talde tekniko indartsu bat izatea, bideratzaile lanetan. Bide horretan jarraituko dugu, ur freskoa etengabe izan dezagun.

Bidaltzailea: Olatz Olaso (EMUNeko I+G+Bko zuzendaria)

Erantzun