Sarea egiten: community managerrak

Asteazkena, 2010eko uztailaren 7a

Pasa den astean UEUk antolatuta, Community Manager-en inguruko ikastaro praktikoa izan da Eibarren, hiru egunetan. Irakaslea Mikel Lizaso izan zen. Han esandako guztiak laburtzea ezinezkoa da, baina ikastaroari buruzko zertzelada batzuk eman nahi ditugu. Gainera, ikastaroko eduki guztiak publikoak dira eta han izango duzue ikastaroen berri.

Gainera, UEUkoen blogean ere agertzen dira Mikel Lizasori eta Naiara Perez de Villarreali egindako elkarrizketak.

Sare sozialak eta komunitate birtualak indarrean daude egun, eta errealitate horren inguruan lanpostu berriak sortu dira, community managerrarena esaterako. Baina zer da community manager bat? Hiru arlotan egin behar du lan manager batek: marketin arloan, komunikazio arloan eta teknologia berrien arloan. Baina hiru hauen artean batez ere komunikazioari eman behar zaio garrantzia, eta ez horrenbeste tresnak erabiltzeari.

Manager batek hiru zeregin nagusi ditu erakunde edo enpresa baten: kanpotik barrurakoak, barrutik barrurakoak eta barrutik kanporakoak. Kanpotik barrura, batez ere entzun egin behar du: entzun zer joerak dauden, zer esaten den markari buruz, zer tresna berri dauden, … Barrutik barrurako lanak, ostera, estrategiarekin eta motibazioarekin zerikusia dute. Eta barrutik kanporakoak, ordea, inspirazioarekin eta errekrutatzearekin batez ere. Barrutik kanpora managerrak edukiak sortu behar ditu, sortzen diren arazoei erantzun, moderazio lanak egin eta parte hartzea bultzatzeko estrategiak martxan jarri.

Hori guztia egiteko, ezagutza baino, ezagutza lortzeko gaitasuna eskatzen zaio community managerrari. Jarrera argia izan behar du managerrak: gardena, originala, aztoratzailea, komunikatzailea, babeslea, ausarta, eskuzabal, zuhurra, egoskorra, hurbila, jantzia, baliagarria, …

Ikastaroan beste eduki asko ere egon ziren. Azken egunean, adibidez, Pilar Kaltzadak eta Naiara Perez de Villarreal etorri ziren, Innobasque erakundetik. Bi hauek batez ere metrikari buruz egin zuten berba. Zer da metrika ba? Interneten egiten duguna neurtzeko moduari deitzen zaio horrela.

Gaur egun ez dago neurketa sistema bateraturik. Baina, oro har, lau alderdi neurtzen dira interneten: jarduera (trafikoa, bisita kopurua, …), tamaina (jarraitzaile kopurua, harpidedun kopurua, …), eragina (zenbat aipamen egon diren, nork egin duen, …) eta bizigarritasuna (sarean zer esaten den, ona edo txarra den, zenbat izar jarri diren, …). Dena den, kasu guztietan ez da dena neurtu behar, bakoitzak erabaki behar du zer neurtu eta zer ez. Baina ekimena martxan jarri aurretik, komeni da zer neurtuko dugun aldez aurretik zehaztea.

Hiru egunetako eduki teorikoek ariketa praktiko bat izan dute ardatz: UEUrako komunikazio kanpaina bat diseinatzea. Egin egin genuen, baina oraindik ez dakigu zertan den, UEUk onartuko duen edo martxan jarriko den.

Horrez gain, Linkedin sare sozialean talde bat sortu dugu, Saregileak izenekoa. Izan ere, arazoak izan genituen community manager hori euskaraz emateko, eta saregilea berba etorri zitzaigun burura. Taldea, jakina, irekia da eta edonork har dezake parte. Euskaraz community manager-i buruz sortu den lehen taldera gonbidatuta zaudete, beraz.

Bidaltzailea: Amaia Mendizabal eta Txerra Rodriguez, Emuneko teknikariak

Erantzun