Tripetatik

Asteazkena, 2016ko irailaren 14a

Uda aurretik 3 soziolinguistika hausnarketa-saio-bazkari egin genituen EMUNeko hainbat lankidek. Txoko banatan, mokadu eta mokadu artean, soziolinguistikaz aritu ginen, batzuetan gai-jartzaileak proposatutako gaiari tiraka, beste batzuetan libre, buruan bueltaka genituen ideiak, kezkak eta iritziak lankideekin partekatuz. Han aipatutakoetatik abiatuz, soziolinguistikan aditu diren 3 lankideri artikulu bana idaztea eskatu diegu. Jarraian irakur dezakezue lehena, Txerra Rodriguezek josi duena, hain zuzen ere.

txerra_rodriguez

Askotan galdetu diot neure buruari enpresetako Euskara Plana abiatzeko erabakia nondik irteten den. Hiru aukera bururatu zaizkit: tripetatik, bihotzetik edo onuratik.

Hala ere, erabakia nondik datorren baino, nora doan iruditzen zait garrantzitsuago. Eta hasieratik Zuzendaritzarekin adostu behar da zer aldaketa egiteko prest dauden. Era berean, arduradun teknikoari (hau da, euskara teknikariari) zer eskatuko zaion eta zer ez ere adostu behar du enpresak berak. Eta gutxien-gutxienik Zuzendaritzari eskatu behar zaio iraunkortasuna (hau da, euskara plana urte batzuetan iraungo duen agindua, agindu berbaren bi adieretan).

Eta arduradun teknikook zer? Guk ezin dugu gure ideologiaren arabera jokatu euskara plan batean. Guk komunitateak (enpresa eta langileak) esaten duena hartu behar dugu aintzat. Baina horrek ez du esan gura guk bide hori dagoenean onartu behar dugunik. Ez.

Guk azaldu behar diegu helburuak lortzeko hartu beharreko bidea zein izan daitekeen. Eta azaldu behar diegu ere eurek hartutako bidearekin eurek jarritako helburuetara heltzeko zer zailtasun edo eragozpen egongo diren.

Beste hitz batzuekin esanda, guk zintzo jokatu behar dugu, guk zorrotz jokatu behar dugu. Bide bakoitzak zer dakarren eta zer ez azaldu behar diegu, zintzo. Hala ere, ezin dugu ahaztu hau, zorionez, ez dela zientzia zehatza.

Txerra Rodriguez  (soziolinguista eta EMUNeko lankidea)

Erantzunak

  1. Eskerrik asko, Txerra, zure gogoeta honengatik. Inolako bainarik gabe, ezin hobeto eta ezin laburrago adierazi duzu gure egoera, lana eta patua.
    Durduzatuta utzi nau. Gehiago mastekatu behar dut. Ezer berririk bururatzen bazait, gehituko dut.

    Aitor

Erantzun