Ubuntu sistema eragilea

Astelehena, 2008ko ekainaren 23a

Hona hemen lau adituk Ubunturi buruz duten iritzi teoriko eta praktikoa:

Zein abantaila ditu Ubuntuk Windows-ekiko (Vista, XP…)?

Ubunturen gauza onak bere filosofiatik hasten dira. Bere filosofiaren arabera Softwarea jaitsi, exekutatu, kopiatu, banatu, elkarbanatu, aldatu eta hobetzeko aukera izan behar du edozein eratan eta ezer ordaindu gabe. Era berean, softwarea bakoitzak bere hizkuntza erabiltzeko aukera izan beharko du. Filosofia honek euskararen erabilera posible egiteaz gain, softwarearen itzulpenak egiteko tresnak eta baliabideak jartzen ditu; honela Ubuntu osoa eta programa
gehienak euskarara lokalizatuak daude komunitateak egindako lanari esker.

Praktikotasunari begira Ubuntuk gauzak asko errazten ditu.
Instalaturik dakartzan programak, normalean pertsona arrunt batek bere egunerokotasunean erabiliko dituenak dira, Firefox nabigatzailea, Open Office ofimatika paketea, Pidgin berehalako mezularitza tresna, GIMP irudi editorea, bideo eta audio erreproduzigailuak etab. Beraz hasieratik lan egiteko prest dagoen tresna bat dugu. Honetaz gain, zerbait berria instalatu beharko bagenu ez da Windows sistematan bezala bilatu behar, kasu gehienetan Synaptic edo komando bat erabiliz automatikoki instalatzen baita. Hau gutxi balitz gauza espezifikoak egiteko prestatuak dauden banaketak ere badaude (programa sorta
ezberdinak instalatutako Ubuntuak). Edubuntu hezkuntzarako, nUbuntu segurtasun kudeaketarako, Ubuntu Studio audio edizioarentzat etab.

Honi guztiari GNU/Linux sistema orok dituen gauza onak ere baditu trinkotasuna, segurtasuna, errekurtso gutxi eskatzea, software garatzaile komunitate irekia eta zabala eta honek dakarren filosofia parte hartzaile guztia.

Gorka Julio, Informatikari Ingeniari Teknikoa.

Zein desabantaila ditu Ubuntuk Windows-ekiko (Vista, XP…)?

Asko dira Windowsen aurrean Ubuntu bezalako Linux sistema eragile bat erabiltzeko ditudan arrazoiak, baina guztien artean eskaintzen duen askatasuna eta malgutasuna nabarmenduko nuke. Izan ere, software librea izateak oso erraz bilakatzen du aplikazio berriak instalatu eta daudenen eguneraketak egitea. Windowspean bagabiltza, gure kabuz arduratu behar gara instalatuta ditugun aplikazioen eguneraketez, hauen webgunera joz, eta hauetako bakoitza guztiz independentea da besteekiko; Ubuntu sistema batek, ordea, eskuragarri ditugun eguneraketa guztien berri emango digu era automatikoan, eta guztiak lotuta daudenez aldi berean berritu. Oso erosoa da horrelako sistema bat mantendu eta kudeatzea.

Eta zeresanik ez malgutasun horren barruan sistema eragilea pertsonalizatzeko eskaintzen zaigun aukera zabalaz, eta tartean, berau guk nahi dugun hizkuntzan erabiltzekoaz. Noski, horien artean ere badugu euskara, eta ez dugu inongo arazorik aurkituko, beraz, Ubuntu bere osotasunean gure hizkuntzan erabiltzeko.

Eta Windowsetik Linux sistema eragile batera salto egiteak ematen duen beldurretako bat, sarritan, lehen erabiltzen genituen aplikazio guztien baliokideak topatzea izaten da. Hala eta guztiz ere, hau ez litzateke traba izan beharko gaur egun, denetarik eskaintzen baita software librearen merkatuan: OpenOffice.org ofimatikarako, Firefox web nabigatzaile bezala, Thunderbird e-posta kudeatzeko, Gimp irudi editore gisa, Pidgin bat-bateko mezularitzarako, P2P sareetan aritzeko aukera zabala, eta abar luze bat.

Guzti honen gakoa: software librea izatea eta komunitate zabal batek mantentzea.

Arkaitz Zubiaga Mendialdua, ikertzailea.

SW erabiltzaile “arrunta” zaren aldetik, nolakoa izan da zure euskarazko Ubuntuaren esperientzia?

PC batekin ohituta dagoenarentzat, oso erraza da, Mac sistema baino ezagunagoa egiten zaio erabiltzaileari funtzionamendua. Hala ere, ordu erdi edo ordubeteko ikastarotxo bat dakien bat komeni da. Bereziki erabilgarria da programak instalatzeko duen sistema, eta gero eguneraketak eta partxeak nola kudeatzen diren. Gauza gehienak euskaraz daude interfazeetan, eta hori ere eskertzen da.

Luistxo Fernandez Ostolaza, interneten aditua.

Zer egin behar da euskarazko Ubuntu gure PCan instalatzeko?

Ubuntu euskaraz instalatu ahal izateko ez da ezer berezirik egin behar, Internetetik jaits daitekeen instalatzaile estandarrak edo hortik zehar (aldizkarietan-eta) banatzen diren Ubunturen CD arruntek euskarazko bertsioa ere barnean dakarte. Hizkuntza aukeratzeko esaten digunean, euskara hautatzearekin nahikoa da. Edo aurrez intalatutako Ubuntu baten ere edozein unetan alda dezakegu hizkuntza euskarara.

Instalazioa oso erraza da. Hauek dira jarraitu beharreko pausuak:

  • Lortu Ubuntu CD bat, edo jaitsi Internetetik eta CD baten grabatu
    – Ordenagailua CDtik abiarazi
    – Lehen menua agertzen denean, F2 sakatu eta Euskara hizkuntza aukeratu
    – Itxaron Ubuntu kargatu arte, eta ondoren sakatu Instalatu
    – Erantzun galderei (hizkuntza, ordu-zonaldea, teklatua, erabiltzaile izena, pasahitza…)
    – Eginda!

Galdera gehienak oso sinpleak dira, baina diskoa banatzearena apur bat zailagoa da. Bi aukera daude nagusiki:

  • Ordenagailua berria bada, ez badugu ezer bertan eta ez badugu inoiz gehiago Windows-ik behar, edo dagoen Windows instalazioa eta datuak ez baditugu behar, disko gogor guztia hartzeko esango diogu
    – Ordenagailuak Windows badakar eta berau ere mantendu nahi badugu, Windows-ek hartzen duen disko-espazioa automatikoki txikitzeko esango diogu, edo guk eskuz txikitu dezakegu nahierara (komeni da aurretik diskoa desfragmentatzea eta gure datuen kopia bat egitea, badaezpada ere); honela eginez, ordenagailuan abio duala izango dugu, hau da, ordenagailua abiarazten dugun bakoitzean aukeratuko dugu Ubuntun edo Windows-en ibili nahi dugun

Windows erabiltzailea bazara eta diskoa banatzeak beldurra ematen badizu, badago hirugarren aukera bat, Wubi bidez egitea hain zuzen ere. Windows-en gaudela, Wubi jaitsi eta exekutatuko dugu. Horrela, Ubuntu gure disko gogorreko Windows partizioan instalatuko da, eta abio duala izango dugu.

Instalazioari buruzko argibide gehiago estekan begiratu.

Igor Leturia, informatikaria.

Bidaltzailea: LanTaLan

Erantzun