Udaltopera noa

Asteazkena, 2013ko martxoaren 27a


 Joxean Amundarain, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zerbitzuko Normalkuntza programetako  atalburua da.

Bizitza petrala de tarteka. Azken urte hauetan petralaldi horietako bat bizi izatea egokitu zait; ondorioz, Donostialdeko makina bat erietxe, anbulatorio, gizarte zerbitzuetako bulego … bisitatzeko suertea izan dut. Azkena gaur bertan.

Halako toki gehienetan egoten da harrera gune bat  eta hara joaten naiz ni, euskara ahoan eta  TELPeko ikastaroetan ikasitakoa poltsikoan dudala. “Egun on …” Denetako bizipenak izan ditut, halere oraindik ere harritu egiten naiz euskaraz egin eta harritu aurpegia jartzen didatenean. Nola da posible hori gertatzea hizkuntza bat ofiziala izan eta 30 urtera? Non eta erakunde ofizial edo hitzartu batean?

Donostialdean bizi dut egoera hau, jakina; segituan konturatzen naiz zer izan daitekeen zerbitzu publikoak euskaraz jaso nahi izatea Euskal Herriko hainbat eta hainbat txokotan.

Jakina, mahaiaren beste aldetik ere bizi izan dut egoera hori. Lanean askotan izan dugun euskarazko zerbitzuen erabilera mintzagai. Hala esan izan digute tarteka,  gutxi erabiltzen direla euskarazko zerbitzuak (bide batez, zer da gutxi, zer da asko?), herritarrek ez dituztela (behar adina) eskatzen, aldaketa handiegiak egin beharko liratekeela, etab.

Eta inoiz txunditu izan naiz antolatu izan diren hainbat ekimenen ondoren ez delako kexarik argitaratzen edo kezkatu egiten naiz  hainbaten ahaleginek ez dutelako nahi izango genukeen (edo merezi izango luketen) erantzuna izan. Poztu ere, poztu egiten naiz, jakina, esaten didatenean berrogei mila gipuzkoarrek baino gehiagok harremanak euskaraz izan nahi dituztela Ogasunarekin.

Euskaldun aktibo naizen aldetik eraginkorrago nola izan jakin nahi dut. Administrazioko langile naizen aldetik herritarrek euskarazko zerbitzuak erabili ditzatela nahi dut, administrazioaren euskarazko eskaintza ikusgarriago egin nahi dut. Horretarako ezinbestekoa dut teoriekin janztea, ikerketak ezagutzea eta praktika zehatzen berri izatea.

Kezka horiek ditudalako joango naiz aurten Udaltopera. Beno, ez bakarrik horregatik, aspaldi ikusi gabeko lagunak ikusi nahi ditut, lankide berriak ezagutu nahi ditut, gure arlo profesionalean ze kezka dauden ezagutu nahi ditut … Baditut hamaika arrazoi aurten Lasartera joateko, eta zuk?

Erantzun