ULMA Forjan euskaraz programatutako produktuak saltzen ditugu mundu osora

Asteartea, 2015eko otsailaren 10a

ULMA Taldea osatzen duten enpresetariko bat da ULMA Forja (edo ULMA Piping): 333 langileko lantaldea gara eta altzairuzko brida forjatuak egiten ditugu. Ia produkzio osoa atzerrira esportatzen dugu. Langileen ezagutza %84koa da eta erabilera, berriz, %64koa. Langileak euskaraz lan egitea da euskara planaren helburu nagusia, eta horretan asko lagundu du fabrikazioko makinen aplikazioa euskara hutsez jarri izanak.

ARGAZKIA

2010ean langileen gertuko erabileran eragin beharra zegoela ondorioztatu genuen. Horrela, makinak programatzeko Goitek aplikazioan eragitea ezinbestekoa zela erabaki genuen, fabrikazioko ia langile guztiek egunero erabiltzen baitute. Beraz, 2010eko eta 2011ko gestio planetako helburuak zehazterakoan, Goitek aplikazioa euskaraz jartzea adostu genuen Euskara Batzordean.

Alde teknikoari dagokionez, aplikazioko pantailak itzuli eta aldaketak aplikazioan ezarri genituen; laguntza gisa, euskara-gaztelania / gaztelania-euskara hiztegia sortu eta langileentzat eskuragarri jarri zen. Behin ordenagailu batean probak egin ostean, ordenagailu eta fabrikako makina guztietara zabaldu genuen; datutara ekarrita: 5 ordenagailu eta 15 makina euskarazko aplikazioarekin, eta 90 erabiltzaile inguru.

Langileengan nahiko harrera ona izan zuen. Hasieran, erdal hiztunek kezka adierazi zuten, baina, egun, ondo moldatzen dira. Erdal hiztunek izan zitzaketen arazoak ekiditeko gakoa izan zen langile horiekin koordinatzailea eta euskara teknikaria banan-banan egotea: batetik, egitasmoaren berri emateko eta ideia nondik zetorren azaltzeko; bestetik, zalantzetarako laguntza gisa hiztegi terminologikoa banatzeko.

Lagungarria izan zaigu, batez ere, eguneroko jardunean erabiltzen den aplikazioa euskaraz izatea:

  • enpresak euskararen aldeko apustuan aurrerapausoak ematen jarraitzea ekarri duelako.
  • langile euskaldunei euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzen diegulako.
  • euskaraz ez dakiten langileak euskararekin harremanetan daudelako.
  • aplikazioa euskara hutsez egoteak euskarari prestigioa ematen diolako.

Asier Zulueta (ULMA Forjako koordinatzailea)

Erantzun