Zer dakigu zeinuen hizkuntzei buruz?

Astelehena, 2014ko abenduaren 8a

Euskarak berezko zeinuen hizkuntza al du edo mundu osorako zeinuen hizkuntza bakarra dago? Mimika al da? Noizbait halako edo antzeko zalantzak izan dituenari Miren Lazkanok, EMUNeko aholkulariak, egindako HIZNETeko sakontze-egitasmoa irakurtzea gomendatzen diogu. Jarraian jaso dugu Mirenek, guk eskatuta, egin digun proiektuaren laburpena:

71915_3f9fd7d161_z

Argazkia: https://www.flickr.com/photos/istolethetv/71915

Gorrak entzuleez inguraturik bizi dira. Komunitate txikia osatzen dute –mila jaioberritik bat gor sakona da– eta, gainera, sakabanaturik bizi dira. Arrazoi horiek eta beste batzuk tartean direla, gorren komunitatea ikusezina eta arrotza da oro har gizartearentzat eta, horren ondorioz, zeinu hizkuntzei buruzko hainbat aurreiritzi nahiko zabaldurik daude egun gizartean.

Batetik, esan beharra dago zeinuen hizkuntzak ez direla mimika, izan ere, mimika hutsa balira entzuleok gai izango ginateke ulertzeko, eta agerikoa da ez dela hala gertatzen. Bestetik, oso ohikoa da pentsatzea zeinuen hizkuntza bat eta bakarra dela. Uste okerra da hori ere, zeinuen hizkuntza asko baitaude munduan, gorren komunitate bakoitzak berea du: Espainiako Zeinuen Hizkuntza, Kataluniako Zeinuen Hizkuntza, Amerikako Zeinuen Hizkuntza… Azkenik, jende askok uste du zeinuen hizkuntzak zeinuetara ekarritako ahozko hizkuntzak direla. Aurreko baieztapen hori indargabetzeko nahikoa da azaltzea Mexikon eta Estatu Batuetan zeinuen hizkuntza bera edo oso antzekoa erabiltzen dutela, eta Britainia Handikoa eta Estatu Batuetakoa, berriz, oso desberdinak direla.

Euskal Herrira etorrita, hemen bi zeinu hizkuntza erabiltzen dira: Espainiako Zeinu Hizkuntza eta Frantziako Zeinu Hizkuntza. Baina sakontze-egitasmoan azaltzen den moduan, elkarren artean ulergarriago dira nolabait zeinu hizkuntzak ahozko hizkuntzak baino, eta mugaz bi aldeetako gorrek elkar ulertzen dute arazo handiegirik gabe. Arrazoi desberdinak egon litezke ulergarriago izate horren atzean; gehiago jakin nahi izanez gero, egitasmoko testuan informazio osoagoa dago.

Bestalde, zeinuen hizkuntzak badituzte antzekotasunak ahozko hizkuntza gutxituekin. Zeinuen hizkuntzak, ahozko hizkuntza gutxituak bezalaxe, diglosi egoeran bizi dira, hizkuntza menderatzaileak funtzio ugari bereganaturik dituela –hizkuntzari prestigioa ematen diotenak batik bat: zientzia eta politikarako hizkuntza, goi mailako gizarte taldeen hizkuntza, hezkuntzarako hizkuntza…–. Esan daiteke, bestalde, bai zeinu hizkuntzen bai ahozko hizkuntza gutxituen erabiltzaileek, euren hizkuntzen urte luzetako bazterketaren ondoren, harrotasun ezak eraginda, autogorroto sentimendua garatu izan dutela euren kulturarekiko eta hizkuntzarekiko. Bukatzeko, Euskal Herrira etorrita, aipatuko nuke bi kasuetan herri mugimenduek izan duten garrantzia. Ume gorren gurasoek sortutako elkarteek bultzada handia eman zioten gorren komunitateen eskubideak aldarrikatzeko mugimenduari. Euskararen kasuan, gizarte antolatuak egindako lan eskerga gure hizkuntza normalizatzeko bidean oinarri sendo bat izan da azken berrogeita hamar urteotan.

Bidaltzailea:  Miren Lazkano (EMUNeko aholkularia)

Erantzun