Zer egin dezakegu haurrek eta gazteek euskararen aldeko hautua egin dezaten?

Osteguna, 2017ko uztailaren 13a

Haurrek eta gazteek eskolan eta handik kanpo euskaraz bizitzeko aukera eta erabakia har dezaten lagungarriak diren praktika linguistikoak landu ditugu “Hizkuntza-praktika ekologikoak haurren hezkuntzan” ikastaroan,  UEUn, Baionan, 2017ko uztailaren 4an eta 5ean.

Tailerra euskaraz eman dugun arren, euskaldunentzat eta erdaldunentzat pentsatuta dago. Gurasoentzako eta guraso-elkarteetarako, eskoletako eta eskolaz kanpoko hezitzaileentzako, haur eta gazteekin lan egiten duten aisialdi- eta kirol-elkarteetarako, eta, oro har, haurrei eta gazteei hizkuntza aktibistak izaten lagundu ahal dien edonorentzako.

Gaur egun, gazte asko eskolan euskalduntzen dira, baina hori ez da nahikoa izaten euskaldun oso bilakatzeko, batez ere etxean eta eremu hurbilean euskaraz bizi ez badira. Horren aurrean, gurasoek eta irakasleek zeresan handia izan dezakete haur eta gazte horiek euskaraz bizitzeko erabakia har dezaten.

Haurren hizkuntzen jabekuntza prozesuetan eta sozializazioan helduon interbentzio moduez jardun dugu tailer horretan, gure hezkuntza komunitateko kide garenok, elkarrekin, modu ekosistemikoan egin dezakegunaz.

Haurraren ingurune linguistikoaren azterketa egin, adin tarte bakoitzaren ezaugarriak ezagutu eta haurraren momentuko beharrak aintzat hartu ditugu. Eta hizkuntza praktika ekologikoak identifikatzeko, gutako bakoitzaren motibazioak eta portaerak aztertu ditugu.

Hizkuntza kontzientzia areagotzeko, haurrei eta gazteei eragiten dieten hizkuntza eskubideen urraketei buruz hitz egiteko tartea ere izan dugu eta horretarako bideo hau erabili dugu:

 

Bideoaren jatorrizko loturak:

Haur eta gazteen hizkuntza eskubideen urraketak (euskaraz)

Haur eta gazteen hizkuntza eskubideen urraketak (gaztelaniazko eta frantsesezko azpitituluekin) 

Albiste hau hemen ere irakur dezakezu:

Ekogunea gaztelaniaz

Ekogunea euskaraz

Artikuluaren egileak: Itsaso Olaizola (Kutxa Ekogunea) eta Ainhoa Lasa (Emun)

Erantzun