Zertan da udaletako euskara teknikarien koordinazioa? Arabako Euskara Foru Zerbitzua.

Asteartea, 2010eko uztailaren 20a

Arabako Udal teknikarien koordinazio esperientziaren txanda da oraingoa.

Gogoratu uztailaren 14an Bizkaiko Alkarbide Bilgunearen berri jaso genuela; datozen asteotan, Nafarroa eta Gipuzkoako koordinazio esperientzien berri emango dugu.

Euskararen Foru Zerbitzua osatu genuenetik laster bi urte beteko dira. Harrezkero, gure zerbitzuko hiru kideez gain teknikari berriak ere gehitu dira Arabako lurraldean euskararen normalizazioan lanean aritzeko.

Hasi ginenetik EFZren helburu nagusia lurraldean euskara teknikarien sarea zabaltzea izan zen eta dagoeneko bigarren urtea da Kuadrilla bakoitzak bere teknikaria baduela. Hau aipatu ondoren, komeni da argitzea Kuadrillaren eskema erabiltzea gure ustez ezinbesteko kontua izan dela; nahiz eta bagenekien eraginkorragoa izan zitekeela udal bakoitzak bere teknikaria izatea eta dedikazio osoa ere esparru honi eskaintzea. Ikus dezagun EFZa sortu aurretik Araban nola ziren kontuak: alde batetik, udaletan bakarrik Laudion, Amurrion, Gasteizen, jardunaldi erdiz Aramaion eta aldizka Agurainen zeuden euskara teknikariak. Bestetik, bi euskara teknikari bi kuadrilletan soilik: Araiako Kuadrillan eta Aguraingo Kuadrillan.

Araban honelako egoera ikusirik, aurrera egiteko modu eraginkorrena eta dauzkagun baliabideak kontuan izanik, dezakegunetik abiatu gara eta horretan dihardugu: Kuadrilla bakoitzak bere euskara teknikaria hornituta.

Aurki, Trebiñuko euskara teknikaria ere gure artean izatea espero dugu.

2008tik hona Gasteizko Euskara Zerbitzuarekin batera koordinazio estua izan dugu, ia hilero bilerak antolatuz eta elkarren arteko gaiak bateratsu landuz. Bilera hauek bi erakundeen artean daukagun hitzarmenean dute ardatza. Hitzarmen honetako gaiak jorratzen ditugu eta hauez gain beste berri batzuk ere elkarlanean abiatu izan ditugu.

Beste udalekin, berriz, ez ditugu bilerak antolatu maiztasun zehatz batez, baizik eta gaiak hala eskatzen zuenean, hots, diru laguntza deialdiak, formazio ikastaroen eskaintza, komunikazio kanpainaren bat, Gabonetarako katalogoa…

Bestalde, sortu berri den euskara teknikari taldeak koordinazioaren beharra duela garbi geneukan hasiera- hasieratik. Horretarako, kuadrillatako sei euskara teknikariak biltzen hasi ginen eta hileroko bilerak antolatzen jardun dugu geroztik. Bileretako gaiak denoi dagozkigunak dira.

Koordinazio hau aberatsagoa izan zedin, Euskaraba.com gure webgunean aplikazio bat sortu genuen geure arteko koordinazioa gauza zedin, estraneta deitzen duguna. Bertan, hainbat azpi talde sortuta dauzkagu eta sare horietan pasahitza batekin denok elkarrekin komunika gaitezke. Estranet honetan bilera deiak, gai ordenak, esan eginak, zalantzak eta erantzunak, dokumentazioa igo eta partekatu dezakegu… hitz batean, elkarrekin komunikatuta gaude elkarrekin egon gabe. Une honetan hori da gure eguneroko koordinazio sistema, hilero biltzen jarraitzen badugu ere.

Lehen aipatu dugu udaletako euskara teknikariekin noizbehinkako bilerak izaten ditugula kuadrillakoekin batera, eta gaur da eguna Laudio, Amurrio eta Aramaioko euskara teknikariek besteekin batera koordinazio bilera horietan parte hartu nahi dutela adierazi digutena.

Uste dugu eskaera egokia dela eta aberasgarria izango zaigula, gehienetan aztertzen ditugun gaiak Arabako euskararen normalizazioaren gainekoak direlako.

Amaitu aurretik aipatu nahi dugu formazio eskaintza ere Lurraldeko teknikariei luzatzen diegula eta denon artean erabakitzen dugula zein behar ditugun.

Koordinazio gaiarekin jarraituz, urtero formazio eskaintza egitea da gure beste helburuetako bat, teknikari taldea osatzen dugunok ikasteko aukera elkarrekin izatea. Joan den urteko Udaltop jardunaldietan euskararen arnasguneak zaindu behar zirela zioen Mikel Zalbidek, osasuntsu dagoena mimatu eta lagundu behar dela zioen. Arabaren kasuan irakaskuntza arloa dela arnasgune horietako bat garbi daukagu. Aipatu formazio saio hauetan oraintxe bertan hastear daukagun gaia lan-munduko eta hezkuntzako euskara planen berri izatea da. Gure lau urteko Plan Estrategikoan helburu nagusietako bat Lurraldean eta herrietan batzordeak edo lan-mahaiak sortzea da, horretarako garbi dago elkar ezagutu behar dutela eta administrazioko EBPNak (Kuadrillakoa zein udaleko) eta Ulibarri programak (inguruko ikastetxeetakoak) eta Enpresetako euskara planak uztartu eta koordinatzea komeni dela denak norabide berean joan daitezen eta eragile garen guztion arteko koordinazioa lor dezagun.

Amaitzeko esan, Euskara teknikariak koordinatzeaz gain gizartean bizirik dauden arnasguneak eta administrazioa koordinatzen saiatu behar garela, horretan ari garelakoan gaude, benetako euskararen normalizazioa emango bada, denon beharra izango baitugu. Horregatik dira hain garrantzitsu herriko eta Kuadrillako batzorde horiek, elkarren berri izateaz gain iparra non dagoen ere berdin suma dezagun.

Bidaltzailea: Amaia Balda, Emuneko teknikaria

Erantzun