Zertan da udaletako euskara teknikarien koordinazioa? Bizkaiko Alkarbide Bilgunea.

Asteazkena, 2010eko uztailaren 14a

“Koordinatu beharra daukagu”, zenbat aldiz entzuten dugu esaldi hau lantokian, herrian eta gure lurraldean? Udal<>ekin egitasmorako prestatutako erreportajea da hau.

Erreportajea irakurri ahala konturatuko zarete Nafarroako, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako esperientziak bildu ditugula eta Iparraldekoen esperientzia ez dagoela. Hurbildu gara haiengana ere, baina ez dugu modurik izan haien esperientzia hona ekartzeko.

Beraz, lau artikulutan banatuta emango dugu herrialde bakoitzaren errealitatea:

  1. artikulua: Bizkaia, Alkarbide Bilgunea.
  2. artikulua: Araba, Euskara Foru Zerbitzua.
  3. artikulua: Nafarroa, Euskarabidea eta NUETS (Nafarroako Udaletako Euskara Teknikarien sarea)
  4. artikulua: Gipuzkoa, Udal<>ekin programa.

Zertan da Bizkaiko udaletako euskara teknikarien koordinazioa?

ALKARBIDE BILGUNEA

Alkarbide Bizkaiko Lurralde Historikoko udal eta mankomunitateetako euskara zerbitzuen bilgunea da.

Euskara Sustatzeko Zuzendaritza Nagusia sortu berria zela, 1999an, Bizkaiko Foru Aldundiak antzeman zuen sekulako koordinazio-beharrizana zegoela Bizkaiko udal eta mankomunitateetako euskara zerbitzuen esparruan. Hala, Euskara Sustatzeko Zuzendaritza Nagusiak lehentasunezko ekintzatzat jo zuen gure lurralde historikoko udal eta mankomunitateetako hizkuntz politikak koordinatu eta bateratzeko ekimenak bideratzea, euskararen sustapen eta hizkuntza normalizazioaren alde lan egiteko xedez. Horren ondorioz, antzeman ziren beharrizan horiei erantzuteko sortu zen Alkarbide bilgunea 2001ean Eusko Jaurlaritza eta EUDELekin lankidetzan. Harrez gero, ahalegin berezia egin du Bizkaiko Foru Aldundiak Alkarbide diruz eta baliabidez nahikoa hornitua izan dadin.

Alkarbideren helburu nagusia euskararen aldeko toki politikak bateratu eta bideratzea da, hala euskara sustatzeko irizpideak finkatzeko, nola udal eta mankomunitateen iritziak eta iradokizunak jaso eta ahalbideratzeko.

Helburu zehatzak, berriz, ondoko hauek dira:

  1. Bizkaiko euskara zerbitzuen euskararen aldeko politikak koordinatzea, EBPNren ildotik.
  2. Euskara biziberritzeko aholkularitza eta laguntza ematea Bizkaiko euskara zerbitzuei. Horrezaz gain, era guztietako prestakuntza eskaini, trebakuntza ikastaroak antolatu eta terminologia lantzea.
  3. Bizkaiko Lurralde Historiko osorako egitasmoak prestatu eta garatzeko zerbitzuak eskaintzea.

Alkarbideren egiturari dagokionez hiru maila bereiztu behar ditugu: politikoa, antolakuntza maila eta maila teknikoa. Maila politikoa batzorde artezkariak osatzen du; batzorde eragilea daukagu antolakuntza mailan eta maila teknikoa, aldiz, lan-mahaiek osatzen dute.

Lan-mahaiak udal eta mankomunitateetako teknikariek osatzen dituzte eta lau taldetan banatuta daude eredu soziolinguistikoaren arabera eta, kasu batzuetan, banaketa geografikoa ere aintzat hartu izan da. Udal edo mankomunitate bateko teknikaria izaten da lan-mahaiko koordinatzailea eta urteko batzarrean erabakitzen da hurrengo urtean koordinatzaile berak jarraituko duen edota aldatu egingo den. Horrez gain, lan-mahai bakoitzak Alkarbide bilguneko idazkaritza teknikoko ordezkaria ere badu.

Alkarbideren jardunbidea lau ataletan bana dezakegu: koordinazioa, proiektugintza, prestakuntza eta esperientzien gordailua.

Koordinazioa aipatzen dugunean lan-mahai barruko eta lan-mahaien arteko koordinazioa dugu hizpide. Koordinazio bideak finkatuta daude lan-taldeek egiten dituzten bilera eta posta bidezko harremanari esker.

Harreman horiek bilguneko idazkaritza teknikoko teknikariek kudeatzen dituzte. Koordinaziorako posta arruntaz gain beste hainbat tresna ere erabiltzen ditugu, esaterako web gunea eta Alkarpost. Azken honen bitartez teknikariek, beraien pasahitza erabilita, Alkarbide bilgunea osatzen duten gainontzeko teknikariei edozein mezu helarazten diete eta azken urteetan gero eta gehiago erabiltzen duten tresna dugu honako hau.

Proiektugintzan, EBPN oinarri hartuta, teknikariek mahairatzen dituzten beharrizanak izaten ditugu kontuan proiektuak garatzerakoan.

Egitasmo batzuk urtero errepikatzen dira (matrikulazio kanpainak, transmisio kanpainak, euskarazko produktuen katalogoa…), beste batzuk, aldiz, unean uneko beharrizanei aurre egiteko sortu eta garatu ditugu.

Prestakuntza atala: Beste herri administrazio batzuekin elkarlanean teknikarien prestakuntza osatzen eta lantzen saiatzen gara urtez urte, betiere beraien eskarietan oinarrituta. Atal honetan eta beren berez prestakuntzari oro har ez badagokio ere, aipatzekoa da, teknikari hasi berriek Alkarbidetik jasotzen duten etengabeko aholkularitza, laguntza eta prestakuntza zerbitzua.

Alkarbideren jardunbideen laugarren eta azken atala Esperientzien Gordailua dugu. Atal hau web gunearen atal garrantzitsua da; bertan Alkarbidek koordinatzen dituen egitasmoak eta udaletako euskara zerbitzuek egiten dituztenak jartzen ditugu teknikari guztiek egiten denaren berri izan dezaten. Atal hau web gunean egin dugun azken berrikuntza da eta eguneratuta izateko aparteko ahalegina egiten ari gara.

Gaur egun, 47 euskara zerbitzuk osatzen dute bilgunearen sarea, eta guztira gure lurraldeko 85 udalerriri ematen diote zerbitzua, hala ere, Alkarbidek euskara zerbitzurik ez duten 5.000 biztanletik beherako udalerriei aholkularitza zerbitzua eskaintzen die.

Aurrera begira, Alkarbideren asmoa, euskara teknikariek horrela eskatuta, orain arte jorratutako bideari eustea da. Alkarbideren lan ildoak honako hauek lirateke:

Koordinazioari dagokionez, euskara zerbitzuek gauzatzen dituzten kanpaina, ekimen eta jardueren berri herritarrei emateko ahalegin handiagoa egitea aurreikusten dugu urte osoan zehar, ez bakarrik kanpainak etxeetara iristen direnean. Era berean, barruko harremanen esparruari gagozkiola, euskara sustatzeko berariazko koordinazioguneak (trebatzaileen bilgunea abian dugu, euskara arduradunen topagunea…) sustatzea dugu helburu. Trebatzaileen bilguneari Trebagune izena eman diogu eta wikiplaza deritzon jakintza librean oinarritutako gune birtuala erabiltzen hasi gara trebatzaileen material eta bestelakoak partekatzeko. Bestalde, euskara zerbitzuen arteko koordinazioari dagokionez orain arte egon denari eutsiko diogu, betiere gure asmoa daukaguna hobetzea delarik.

Proiektugintzaren arloan, orain arteko bidea jarraituko dugu eta teknikariek eskatzen dizkiguten egitasmoak bideratu eta garatuko ditugu, hala ere, ezin dugu ahaztu euskara zerbitzu gehienetan aurrekontuak murriztu dituztela eta egitasmo eraginkorrak egitea ezinbestekoa izango dugula. Gainera, ahalegin berezia egingo dugu egitasmoen eragina neurtzeko, orain arte gutxitan izan dugu horretarako aukera eta aurrerantzean aparteko ahalegina egingo dugu bideratzen ditugun egitasmoak neurtu eta baloratzeko. Arlo hau uneoro web gunean egin ditugun azken aldaketekin lotuta egongo da.

Azkenik, prestakuntza arloan beste erakunde batzuekin elkarlanean jorratutako bideari ekingo diogu. Teknikariek dituzten kezka eta zailtasunak gainditze aldera euren beharrizanei egokitutako ikastaroak bideratuko ditugu, besteak beste, gazteengana heltzeko bideak lantzen eta ezagutzen saiatuko gara sare sozialen inguruko prestakuntza eskainita eta, ahal dugun neurrian, ekintzen eragina neurtzeko bideak ere sakonduko ditugu.

Bidaltzailea: Amaia Balda, Emuneko teknikaria

Erantzun