Zertan da udaletako euskara teknikarien koordinazioa? Gipuzkoako Udalekin programa

Asteartea, 2010eko abuztuaren 31a

Zertan da gipuzkoako euskara teknikarien koordinazioa?

Gipuzkoako Udalekin programa

Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritza Nagusia 1997. urtean hasi zen Gipuzkoako udaletako euskara teknikariei eta hizkuntza normalkuntzako teknikariei laguntza eta aholkularitza eskaintzen modu sistematikoan. Urte horretan Euskara Zuzendaritzak hiru lan mahai sortu zituen, udalerri mailako plangintzak elkartu eta koordinatzeko helburuarekin. Merkataritza, kirola eta udal administrazioko gaiak lantzeko osatu ziren lan mahai horiek eta euskara teknikariek eskualdeko ordezkari gisa hartzen zuten parte.

Lan mahai haien esperientzia oso ondo baloratu dute beti udaletako euskara teknikariek, batez ere, elkargune oso egokiak izan direlako herri eta eskualdeetan martxan dauden egitasmoak ezagutzeko eta esperientzia berriak elkarbanatzeko.

Lan mahai haien lanaren osagarri, 2002an euskara teknikariei zuzendutako prestakuntza plana diseinatu zuen Euskara Zuzendaritzak, udaletako euskara zerbitzuetako ezagutza eta trebetasun beharrei erantzun nahian. Heziketa plan horretan prestakuntza saio presentzialak antolatu ziren euskara teknikarientzako izaera askotako gaiak lantzeko: prozedura administratiboaren legea, EFQM bikaintasun eredua, adi informatika aplikazioa, barne eta kanpo komunikazioa, udal kudeaketa eta zuzenbidea, zeharkako udal jarduera hizkuntza normalizazioan…

Heziketa planaren barruan antolatu ziren saioek ere udaletako euskara zerbitzuen lan dinamikarekin erabateko lotura izan zutenez, oso harrera ona izan zuten euskara teknikarien aldetik eta aurrerantzean ere jarraitzeko interesa eta gogoa azaldu zuten.

Beste urrats kualitatibo bat eman zuen Euskara Zuzendaritzak 2004an, euskara teknikariei zuzendutako laguntza eta aholkularitza zerbitzu integralagoa izateko asmoarekin. Teknikari izeneko programa sortu zuen, Siadeco enpresaren laguntza teknikoarekin, eta hauexek dira landu ditugun helburu eta egitasmo nagusiak:

  1. Tokian tokiko hizkuntza egoerak eta errealitateak modu objektiboan deskribatu eta hizkuntza normalkuntzarako oinarri teknikoak dituzten planteamenduetara iristeko prestakuntza eskaintzea euskara teknikariei (heziketa saioak).
  2. Berrikuntza, esperimentazioa eta ikerketaren bidetik, Gipuzkoako lurraldearen hizkuntza normalkuntzari bultzada berri bat emateko lehen urratsak ematea (ikerketa aplikatuak, esperientzia berrien laborategia, barne komunikazioa,…).
  3. Hizkuntza normalkuntzako teknikarien estatus eta eragin ahalmen handiagoa lortzen laguntzen duten jarrera eta posizio teknikoetan laguntzea, hori lortzeko bidea aholkularitza zerbitzu integrala eskaintzeko erabilitako metodoa izanik (EBPN Gipuzkoako udalerrietan garatzeko aholkularitza teknikoa, kiroletako lan mahaia).

Aldi horretan, aipamen berezia merezi dute bi egitasmok: hizkuntza normalizaziorako esperientzia berrien laborategiak, eta ikerketa aplikatuek.

Laborategiak udaletako eta Foru Aldundiko teknikariek osatu dituzte eta Teknikari programaren 5 funtzioetan sakontzeko egitasmo oso egokia izan da laborategia. Informazioa eta aholkularitza bilatu izan dituzte teknikariek batez ere, baina berrikuntza, heziketa eta esperientzien kontrastea egitea ere lortu da. Bi gai landu dira: hizkuntza paisaia eta hizkuntza bizikidetasuna.

Ikerketa aplikatuei dagokienez, HizBeGia 07 hizkuntza pertzepzioen inkesta kuantitatiboa oso oinarri garrantzitsua izan da Gipuzkoako biztanleek euskara, gaztelera, frantsesa eta ingelesaren inguruan dituzten pertzepzioak ezagutzeko eta ondorio interesgarriak ateratzeko.

Teknikari programaren jarraipen modura, Udalekin programa dugu indarrean 2008az geroztik, Emun enpresaren laguntza teknikoarekin. Programaren helburu nagusia da udal teknikariei laguntza zehatza ematen jarraitzea, ondoko lan ildoak jorratuz:
Prestakuntza, Praktika komunitatea, UETS intraneta, HizBeGia 07 ikerketa lana gizarteratzea, Ikerketa: Etorkinen hizkuntza integrazioa Gipuzkoan.

UETS intranetaren erabilera bultzatu nahi dugu modu berezian aro berri honetan. Beharrezkoa ikusten dugu intraneta teknikarien arteko galderak eta erantzunak kudeatzeko, teknikarien arteko komunikaziorako, ikastaro eta ekitaldiak kudeatzeko…UETS intranetaren bidez informazioa, esperientzia eta praktika onak hedatu eta trukatu nahi ditugu euskara teknikarien artean.

Praktika komunitatean, berriz, euskara teknikariekin dinamika berritzaileak jarri dira martxan. Euskara zerbitzuen lan prozesuak hobetu eta teknikarien artean berrikuntzaren kultura hedatzeko helburuei heltzeko formula egokia izaten ari da praktika komunitatea euskara teknikarientzat.

Bidaltzailea: Amaia Balda, Emuneko teknikaria

Erantzun