Zertan da udaletako euskara teknikarien koordinazioa? Nafarroako Euskarabidea eta Nuets.

Asteartea, 2010eko uztailaren 27a

Nafarroako bi koordinazio guneren berri ekarri ditugu gaurkoan:

  • Euskarabidea, Nafarroako Gobernuaren Instituto Vasco del Vascuence.
  • NUETS, Nafarroako Udaletako Euskara Teknikarien Sarea.

Aldez aurretik, bi artikulu argitaratu ditugu gai honen inguruan:

Artikulu sorta honekin bukatzeko, Gipuzkoako koordinazio esperientzien berri emango dugu datorren artikuluan.

EUSKARABIDEA / Udal Euskara Zerbitzuak

Orain arteko koordinaziorako ahaleginak

Nafarroako Gobernuak 1990. urtetik euskararen normalizazioa udal mailan laguntzeko eta antolatzeko programak indarrean ditu. Programa horien bidez eremu euskalduneko eta mistoko udal gehienetan euskara zerbitzuak antolatzea bultzatu eta lagundu izan da. Prozesu horri behar bezalako antolakuntza eta koordinazioa emateko, 1998ko azaroaren 11n, Nafarroako Gobernuaren eta toki entitate zenbaiten arteko lankidetza hitzarmena sinatu zen euskararen erabilpena udal esparruan normalizatzeko.

Hitzarmena sinatu zenean guztira 19 udal euskara zerbitzu zeuden. Egun 24 euskara zerbitzu daude eta bi hitzarmen sinatuta daude: alde batetik 23 udal euskara zerbitzu kontuan hartzen dituena eta bestetik Iruñeko udalarekin dagoena. Udal Euskara Zerbitzu hauek Nafarroako 105 udali zerbitzua ematen diete (Nafarroako biztanleen % 64 bizi dira udalerri horietan).

Hitzarmenean kontuan hartzen diren eginkizunak hauek dira:

  • Euskararen erabilpena eta udaletako gizarte bizitzan euskal kultura sustatzea.
  • Euskara teknikariak kontratatzea.
  • Langileri politikaren plangintza egitea eta garatzea.
  • Administrazioaren jarduketa indarrean den hizkuntza araudiari egokitzea.
  • Udalen jabetzako euskal komunikabideak finantzatu eta indartzea.
  • Udal esparruan euskarari buruzko azterlanak egitea.
  • Euskararen normalizazio eta erabilerarekin lotura izan dezaketen gainerako gaiak lantzea.

Urteroko laguntzen banaketa eta plangintzak adosteko Jarraipen Batzordea eratua dago. Batzorde horretan Euskarabideko ordezkariek eta udaletako ordezkari politikoek parte hartzen dute. Batzordean urteroko laguntzen banaketa erabakitzen da, Legebiltzarrak programa honetarako onartzen duen aurrekontuaren arabera.

Maila teknikoko koordinazioa ez da modu sistematikoan landu. Azken urteetan elkarlana proiektu zehatzetan eta Euskarabideak antolatzen dituen gainerako jardueretan parte hartzeko eskaintza eginez gauzatu da.

Aurrera begira

2009ko jarraipen batzorde batean erabaki zen hitzarmena sinaturik zuten toki entitateetan euskara nola garatzen ari zen jakiteko asmoz azterlan bat egitea. Nahiz eta oraindik behin betiko emaitzak ez izan, lan honetan biltzen diren hobekuntzetarako proposamenen artean, zera agertzen da Euskarabidea eta Tokiko Entitateen Euskara Zerbitzuen arteko harreman teknikoa hobetu egin behar dela.

Horrela izanda, aurtengo hitzarmena sinatu zenean jarraipen batzordeak koordinazio gune bat sortzea onartu zuen (gehiagorik zehaztu gabe). Formula desberdinak aztertu eta aztertzen ari gara, baina gune hori sortu baino lehen itxarongo dugu lehen aipatutako azterlanaren behin betiko emaitzak izan arte.

NUETS (Nafarroako Udaletako Euskara Teknikarien Sarea)

Udaletako lehenengo Euskara Zerbitzuak sortu zirenean (duela 20 urte) Nafarroako Udaletako Euskara Zerbitzuen Sarea sortu zuten (NUETS).

Gaur egun 24 Zerbitzu gara eta 29 teknikari. Zenbait zerbitzutan (Mankomunitateak eta zerbitzu handiak) 2 edo 3 teknikari daude. Lan Talde hauetan banatuta gaude:

1. Hausnarketa Lan Taldeak

  • Ebaluazioa
  • Gogoeta, ikerketa, ideia berriak
  • Trebakuntza
  • Kohesioa + Barne Harremanak
  • Kanpo harremanak, Komunikazioa
  • IDAZKARITZA

Lan taldeetan hausnarketa egiten dugu, zein behar ditugun prestakuntza edo trebakuntza aldetik, zein egitasmo gelditu diren zaharkituta eta berrikuntza premian dauden, e.a.

Bestalde, kanpo eta barne harremanak hobetze aldera, komunikazioa eta harremanak lantzeko taldeak ere baditugu.

2. Lan Esparruen Lan Taldeak

  • Familia
  • Aisialdia
  • Irakaskuntza
  • Sentsibilizazio/motibazioa
  • Helduen euskalduntze-alfabetatzea
  • Administrazioa
  • Komunikabideak/Kultura
  • Lan-mundua eta merkataritza

Teknikari bakoitzak lehenengo multzoko eta bigarren multzoko talde batean egon behar du gutxienez.

Lan Esparruen Lan Taldeek urtean zehar egiten ditugun kanpaina eta horien material guztiak diseinatzen dituzte:
Transmisio kanpaina, Eskolatze kanpaina, Helduen Euskalduntze-Alfabetatze kanpaina, Etxepare Literatur lehiaketa, “Ze berri?” aldizkaria, Administrazioan Euskaraz Kanpaina, Udalekuak, Euskara merkataritzan eta elkarteetan Programa, ea…

Hilabetean behin elkartzen gara NUETS-eko teknikari guztiok Sare bileran.

Lan Taldeak bere aldetik elkartzen dira eta proposamenak, kanpainak, materiala, aurrekontuak…Sare bileretara eramaten dituzte.

Gure arteko koordinazioa posta elektronikoaren bidez egiten dugu. Azken hilabeteetan askotan hitz egin dugu gure arteko komunikazioa hobetzeko guretzat neurrian diseinatutako tresna beharko genukeela baina oraindik ez dugu martxan jarri. Kontuan hartu behar da hilabetean behin elkartzen garela guztiok eta lan taldeek behar duten guztietan.

Bidaltzailea: Amaia Balda, Emuneko teknikaria

Erantzun