Haurrek eta gazteek eskolan eta handik kanpo euskaraz bizitzeko aukera eta erabakia har dezaten lagungarriak diren praktika linguistikoak landu ditugu “Hizkuntza-praktika ekologikoak haurren hezkuntzan” ikastaroan,  UEUn, Baionan, 2017ko uztailaren 4an eta 5ean.

Tailerra euskaraz eman dugun arren, euskaldunentzat eta erdaldunentzat pentsatuta dago. Gurasoentzako eta guraso-elkarteetarako, eskoletako eta eskolaz kanpoko hezitzaileentzako, haur eta gazteekin lan egiten duten aisialdi- eta kirol-elkarteetarako, eta, oro har, haurrei eta gazteei hizkuntza aktibistak izaten lagundu ahal dien edonorentzako.

Gaur egun, gazte asko eskolan euskalduntzen dira, baina hori ez da nahikoa izaten euskaldun oso bilakatzeko, batez ere etxean eta eremu hurbilean euskaraz bizi ez badira. Horren aurrean, gurasoek eta irakasleek zeresan handia izan dezakete haur eta gazte horiek euskaraz bizitzeko erabakia har dezaten.

Haurren hizkuntzen jabekuntza prozesuetan eta sozializazioan helduon interbentzio moduez jardun dugu tailer horretan, gure hezkuntza komunitateko kide garenok, elkarrekin, modu ekosistemikoan egin dezakegunaz.

Haurraren ingurune linguistikoaren azterketa egin, adin tarte bakoitzaren ezaugarriak ezagutu eta haurraren momentuko beharrak aintzat hartu ditugu. Eta hizkuntza praktika ekologikoak identifikatzeko, gutako bakoitzaren motibazioak eta portaerak aztertu ditugu.

Hizkuntza kontzientzia areagotzeko, haurrei eta gazteei eragiten dieten hizkuntza eskubideen urraketei buruz hitz egiteko tartea ere izan dugu eta horretarako bideo hau erabili dugu:

 

Bideoaren jatorrizko loturak:

Haur eta gazteen hizkuntza eskubideen urraketak (euskaraz)

Haur eta gazteen hizkuntza eskubideen urraketak (gaztelaniazko eta frantsesezko azpitituluekin) 

Albiste hau hemen ere irakur dezakezu:

Ekogunea gaztelaniaz

Ekogunea euskaraz

Artikuluaren egileak: Itsaso Olaizola (Kutxa Ekogunea) eta Ainhoa Lasa (Emun)

Irakurtzen jarraitu...

Ulma Handling Systems-eko (UHS) Euskara Batzordeak euskara planaren asmoak jaso ditu bideo batean. Urtetan egindako lana eta etorkizunean egin nahi dena egungo lankideei eta etorriko diren lankide berriei azaltzeko tresna aproposa prestatu dute. Euskara UHSko lan-hizkuntza izateko, konpromisoa eta elkarlana behar dira ordea… eta gonbidapena egin diote kolektibo osoari: “Bazatoz?”

Irakurtzen jarraitu...

Otxandiotik Iruñerako bide jendetsua egin du aurtengo Korrikak.

Korrika ez da, baina, Otxandiotik abiatu den bakarra. Ipuinek, kantek eta olerkiek Bularretik Mintzorako bidea egin dute Otxandioko haurren eta gurasoen eskutik. Eta arrasto sakona utzi dute.

Haurrak hurrengo saioa noiz iritsiko irrikan, gurasoak umeen begirada ameslariekin hunkituta: doinu jolasak, adierazkortasuna, emozioa eta irribarreak. Azken batean, istorioekin eta jolasekin magia sortzen.

Bi taldetan banaturik, lehen hezkuntza eta haur hezkuntzako 32 bat familia aritu dira hilean behin saioak eginez liburutegian. Hiru saio udazkenean eta beste hiru neguan. Eta ez pentsa, ez zaie gogoa itzali, datorren udazkenean ere jarraitu nahiko lukete eta.

Otxandioko etorkizuneko euskalduntasunerako zutabe da Bularretik Mintzora: sormenean, hizkuntzaren gozamenean eta kulturaren transmisioan. Ea datorren ikasturtean ere amets egiten jarraitzen duten Otxandioko txikiek eta handiek.

EZETZ ASMATU!

Txori ikusgaitzak dira

eta haur lokartuen ile artean

egin ohi dute habia.

Txori horiek eramaten gaituzte

lurralde urrunetara,

normalean ezinezkoak diren

lanak eta jolasak egitera

Iturria: IGERABIDE, J.K. (2001.). Mintzo naiz isilik. Elkarlanean

Irakurtzen jarraitu...