Raul Garcia, ULMA Taldeko lehendakaria

ULMAn euskara kudeatzeko politika orokorrak zehazteko, lehenik eta behin atzera begiratu dugu, ULMAko Euskara Planek 14 urteko ibilbidean egindakoa baloratzeko. Izan ere, zenbaitetan sentitu dezakegu aurrerapausorik ez dugula ematen, baina, egungo argazkia eta hasierakoa konparatuz gero, balorazio ona egiten dugu oro har. Lan asko egin da, pertsona askok parte hartu du eraikitze eta eraldatze prozesu honetan eta lorpen garrantzitsuak ere aitortzen ditugu.

ULMAko kooperatibetan egun daukagun euskararekiko giroak ez du zerikusirik orain dela urte batzuk zegoenarekin. Euskara, poliki-poliki, barneratzen joan gara, eta horrek harrotasuna eta poza sortzen du gugan. Aldi berean, aurrerapauso horiek ematea ez da erraza izan, oztopo eta erresistentzia faktore asko egon direlako, eta honek zenbaitetan nekea sorrarazi izan du.

Gainera, bidea luzea dela ere aitortzen dugu. Obra hau bukatzeke dago, oraindik asko falta zaigu, eta politikak zehazteko egin berri dugun lanketa honek eraikin horri bultzada indartsua emateko balioko duelakoan gaude.

ULMA Taldearen berezko araudian aipatzen da euskal kultura eta hizkuntza babestu eta bultzatu egin behar ditugula, baina bakarrik horrekin ez dira bermatzen gure nahiak. ULMAn, gai sozialak eta eguneroko lanekin lotutako gaiak Talde bezala arautu eta landu egiten dira, eta hori da euskararekin ere egin nahi duguna, eta horretarako zehaztu ditugu Euskara kudeatzeko politika orokorrak. Horrekin, euskararen kudeaketak indarra eta homogeneotasuna lortuko du ULMAn. Era berean, gure kolektiboari eta gizarteari begira, talde izaera eta hizkuntzarekiko konpromisoa ere indartuko ditugu.

Euskal Herriko egoitzetan euskaraz lan egitea da gure helburua. Beste hizkuntza batzuk ere erabili eta kudeatu behar ditugu, noski, baina euskara erdian jarri nahi dugu. Badakigu bide luzea dela, eta horregatik esaten dugu progresiboki landu behar dugula. Hori bai, era proaktiboan, hau da, aurrerapausoak egiteko planak martxan jarriz eta beraien jarraipena eginez, etengabe. Hau guztia ez dugu gure lau hormen artean bakarrik egin nahi. Gure bezero eta hornitzaileei begira eta oro har gizarteari begira ere eredu eta eragile izan nahi dugu, euskararen garapen iraunkorrari gure ekarpena eginez.

ULMAko 8 kooperatibetako Batzar Nagusietan eman dugu hizkuntza politikaren berri, prozesuan parte hartu duten pertsonekin egindako bideo hau jarriz:

Euskararen normalizazio prozesuari dagokionez, gure kolektiboan landu eta lortu nahi ditugun jarrerak balio hauen isla izango dira:

– Erantzukidetasuna: denona delako euskara normalizatzeko erantzukizuna. Organoek eta batzordeek arauak, kudeaketa sistemak eta baliabideak jarriko dituzte eta eredu izango dira eta pertsona bakoitzak bere esku dagoena egiteko erantzukizuna dauka.

– Proaktibotasuna, etengabe aurrerantz tira egin nahi dugulako, planak eta ekintzak proposatuz, orain daukagun sugar hori itzali ez dadin.

– Positibotasuna: denok konbentzituta baldin bagaude, arlo sozialean zein exekutiboan, eta iparra garbi baldin badaukagu, baikortasuna, konfiantza eta barne kohesioa hobetzeko ere balio izango du arlo honetan egiten dugunak.

– Parte-hartzea: gure izaerarekin bat doalako, euskararen garapenerako denon ekarpena behar dugulako.

Politika orokorrak adostu eta zehazteko prozesuan ULMAko 100 langilek hartu dute parte. Lantalde nagusian, Taldeko Kooperatiba bakoitzeko lehendakariak eta euskara koordinatzaileak hartu dute parte. Horretaz gain, ULMA Taldeko zuzendari nagusia ere izan da lantalde horretako kidea, bere bitartez alderdi exekutiboaren partaidetza bermatzeko. Hau oso gauza positibo eta eraikitzailea izan da, lantalde honek egindako proposamenak nolabait exekutiboaren lehenengo oniritzia baitzeukan. Taldeko Motibazio Taldeak eta baita Euskarazko IKTen Batzordeak ere egin dute beraien ekarpena, bakoitzak bere ikuspegitik, eta ULMAko kooperatibetako Euskara Batzordeekin ere egin da prozesua.

Behin prozesua bukatuta, ULMAko Euskara Planen logotipoa eta lema sortu ditugu. Hitz nagusi bezala “haritza” hartzen dugu. “Hartu” eta “hitza” hitzekin jokoa egin dugu horretarako. Haritza zuhaitz indartsua da, eta horrelakoa nahi dugu izatea euskararen presentzia ULMAn: indartsua, sendoa eta ondo errotua. Haritzaren hostoek komikietako elkarrizketak irudikatzen dituzte, eta hosto bakoitzak ULMAko kooperatiba baten kolorea dauka. Horretaz gain, “ULMAn har ezazu hitza” esaten dugunean, parte hartzea sustatu eta eskatzen ari gara.

Prozesuaren eta emaitzaren balorazio positiboa egiten dugu ULMAn. Prozesua bera aberasgarria izan da. Batetik, parte-hartzaileok geneuzkan ideiak eta egonezinak antolatzeko balio izan duelako. Bestetik, Talde osoarentzat marko orokor berri bat diseinatzeko prozesuan, gure arteko kohesioa hobetu delako eta pertsona bakoitzaren euskararekiko atxikimenduari ere bultzada polita eman diogulako. Horretaz gain, ULMA Taldeko zuzendari nagusiaren parte-hartzea argi eta garbi lanketa honen arrakastarako gakoetako bat izan dela esan dezakegu.

Raul Garcia (ULMA Taldeko lehendakaria)

Irakurtzen jarraitu...

Azken garaian “arnasgune” hitza asko entzuteaz gain, euskarari eusteko ezinbesteko guneak direla ere aipatu izan da. Arnasguneak herriak edota eskualdeak izan daitezke, baina baita bestelako gune batzuk ere; adibidez, lantegi bat edota lantegi bateko gune txikiago bat. Eta zalantzarik gabe, nire ustez euskararen normalizazioan aurrera egiteko ezinbestekoak dira. Horren harira, Fagor Elektronikako esperientzia konpartitu nahi dut zuekin.

Fagor Elektronikak, Emunen eskutik,urteak daramatza euskara normalizatzeko ahaleginetan. Aurrerapenak egin ditugula ezin da ukatu, nabarmenak direlako, baina, hala eta guztiz ere, sakon-sakonean galdera bat datorkigu behin eta berriz: zer egin dezakegu atzerapausorik ez egiteko? Erantzuna ez da erraza, baina bide onetik goazela uste dut. Fagor Taldeko lan ildoetariko batek arnasguneak bultzatu behar direla esaten du eta horretan ari gara.

Iaz lantegiko 5 gune izendatu genituen arnasgune. Euskara hutsean funtzionatzen dute. Gune horietako kideen arteko hartu-emana euskaraz da ahoz zein idatziz eta harreman informaletan zein bileretan. Eta printzipioz gune edo sail horietara ezingo da sartu lanera euskara normaltasunez erabiltzeko prest ez dagoen inor.

Jakina, horrek ez du esan nahi beste gune batzuetan euskara ez dela erabiltzen. Baina, gune bat arnasgune izendatzeak gune hori ahaldundu egiten du eta aurrera begira babestu. Era berean, erabaki horrekin norabide bat eta mezu garbi bat ari gara bidaltzen: borondate irmoa dugu euskarak bere lekua har dezan.

Iaz, Elektronikako sailkako edota gunekako analisia egin ostean, langileen %10 arnasguneetan aritzeko moduan zeudela ikusi genuen. Abiapuntua hori izanda, plan estrategikoan urtero gune horietan % 4 gehiagok lan egitea aurreikusi genuen. Urtebeteko ibilbidea egin ondoren, uste dugu langa hori gainditu eta aurten arnasguneetan lan egingo duten langileak %19 izatera ere heldu gaitezkeela. Arnasgune bilakatzeko prozesua lasai egin behar dugu, baina ditugun aukera guztiak aprobetxatuta.

Bestalde, arnasguneak sortu eta hedatzeko prozesu honi jarraipena egiteko modua ere finkatu dugu: urtean hiru bilera labur egingo ditugu arnasguneetako kideekin ondo egindakoak, arazoak, zailtasunak eta abar detektatzeko, eta, behar izanez gero, aholkua eta laguntza eskaintzeko.

Horretan gabiltza, ondo ari garelakoan gaude eta ez dugu amorerik emango.

Enrike Letona (Emuneko kidea)

Irakurtzen jarraitu...

Danobateko erabaki organoek Aginte Panelaren bidez egiten diote jarraipena euskararen erabilerari.

Aginte panel hau Zuzendaritza Batzordeak, Kontseilu Errektoreak eta Kontseilu Sozialak hilero erabiltzen duen tresna da erakundearen kudeaketa helburuen jarraipena egiteko. Txertatzen diren gaien artean daude eskaerak, fakturazioa, proiektu estrategikoen jarraipena, pertsonen bilakaera eta abar.

Erabaki organoek euskararen erabileraren jarraipen sistematikoa egiteko helburuarekin, 2017an 3 adierazle txertatu dira aginte panel honetan. Adierazleak definitzerako orduan, kontuan hartu dira Danobaterako esanguratsuenak diren arloak:

·    Lanpostuko euskara eskakizuna betetzen duten kontratatu berrien kopurua

·    Bileretan euskararen erabilera ahoz eta idatziz

Adierazleak Euskara Batzordeak proposatu ditu eta Zuzendaritzak bere horretan onartu.

Hilero adierazle bakoitzari dagokion ehunekoa txertatzen da tresnan eta erabaki organoetan kopuruen bilakaeraren jarraipena egiten da.

Pausu hau emateko ezinbesteko izan da Euskara Batzordearen eta Zuzendaritzaren arteko elkarlana.

2018ko helburuen artean egongo da organo hauetan bilakaerari buruzko hausnarketa bultzatzea.

Saioa Amuriza (Emuneko kidea)

Irakurtzen jarraitu...

Oarsoaldean lan mundua euskalduntzeko egiten ari diren ahaleginei buruzko artikulua argitaratu zuten NAIZen aurreko astean. Oarsoaldeko Euskara Saileko zuzendari Joxe Luix Agirretxek esandakoak jaso dituzte eta lanketa horren adibide gisa, ABB Niessen enpresari buruzko bideo laburra ikus daiteke.

 

2003an jarri zen indarrean eskualdean OLA plana, hau da, Oarsoaldeko Lan mundua Euskalduntzeko Plana. Garairik onenean 11 enpresa izan dira OLA planean aritu direnak. Joxe Luixen ustez, eskualdean OLA planean dauden enpresen arteko lotura egitea inportantea da, bakarrik senti ez daitezen eta egitasmo handiago baten parte direla ikus dezaten. «‘Olakaria’ izeneko berripapera igortzen diegu aldian-aldian eta hilero euskararen inguruko jakingarriez osaturiko newsletter moduko bat». Horretaz gain, jardunaldiak eta topaketak antolatu ohi dituzte enpresen artean, bai jakintza konpartitzeko bai elkarri animoak emateko.

Artikulu osoa hemen: Lan munduan euskara

Juanjo Ruiz (Emuneko kidea)

Irakurtzen jarraitu...

Idatzian euskara bultzatzeko ekimenak martxan jarri izan ditugunetan, maiz sumatu izan dizkiegu ezerosotasunak, ez horiei soilik baina, hezkuntza-sistemetatik euskara idatzia lantzeko aukerarik eman ez zaien euskal hiztunei. Datozen hauek, esaterako, aurrez aurre entzundakoak dira:

Inoiz semeari oharren bat utzi izan diot euskaraz, baina, gaizki egiten dudala esaten dit”

Erosketa-zerrenda gaztelaniaz egiten dut, ingurukoek barre egingo didaten beldurrez”

Nire erreleboaren ondoren datorrenak oso ondo daki euskaraz, eta ez naiz ausartzen berari argibideak euskaraz idazten”

Behin e-maila euskaraz bidali nion, eta zuzenduta erantzun zidan”

Txiste honek baditu urteak: umea itotzeko zorian atera dute itsasotik hondartzara. Gurasoa, konturatu denean, zuzen umearengana joan, belarrondokoa eman, eta esan dio: “igerian ikasi arte, ez zara berriro uretara sartuko”.

Txistea baino berrixeagoa da, baina ez hain berria ere, Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzordeak eskatuta, Joserra Garziak, Kike Amonarrizek eta Andoni Egañak landutako Euskararen kalitatea: zertaz ari garen, zergatik eta zertarako txostena. Besteak beste, kalitatea/kantitatea eta zuzentasuna/jatortasuna/egokitasuna kontzeptuak aletu zituzten bertan.

Esperientziak, txisteak eta txostenak kokatu ondoren, azpiko esakuneak, aipatutako testuinguruetan, egokiak gutxienez badira:

Seme-alabei oharra: “Egun afaria izanen dut. Frigorificuan ttuzu arrautzak ta chistorra

Erosketa-zerrenda: “Azenariok, lechugak, esnea, zortzi yogur ta arrozcoleche bat, chocolatea eta ogie”.

Lankideari oharra: “Robotan aldeko atia esin da sarratu. Pasatu avisua mantenimientuai

Ortografian arriskuak hartzea egokia da, beraz, baita bilera-dei bati e-mailez erantzuteko ere: “Ni hordubitan hiritxiko nahiz”.

Goiko gomendio horiek, zuzenean, euskara idatzian hezteko aukera izan ez dutenentzat dira, erosoago idatz dezaten, eta, zeharka, aukera izan dutenentzat, erosoago irakur dezaten.

Asier Iriondo (EMUNeko langilea, euskara eskoletan)

Irakurtzen jarraitu...