2014ko Euskararen normalizazio kasu aurreratuak (II): Edertek

Asteartea, 2015eko maiatzaren 19a

Aurrekoan, beste artikulu batean, azaldu genuen bezala, Soziolinguistika Klusterrak, Euskararen Normalizazio Kasu Aurreratuak proiektuaren bidez, hizkuntza kudeaketa arrakastatsua duten lau erakunde txikiren testigantza bildu du. Orduan Koniker-en kasua azaldu genuen; gaurkoan, berriz, Edertek-en txanda da.

Presentación1

Edertek Mondragon Taldeko Automozio Dibisioko CHP enpresa multzoaren barnean dagoen enpresa da, eta Garaia Berrikuntza Gunean kokatuta dago. Fagor Ederlan Talderako Berrikuntza da bere jardueraren eragilea, eta negozio berriak sortzera bultzatzen duena; Edertek zentro teknologikoaren helburua da produktu, prozesu eta material berrien ikerketa, diseinua eta garapena.

Edertek-ek eskaintzen dituen produktu-zerbitzuak ondorengoak dira: Automozioko osagarriekin erlazionatutako material berrien eta prozesu berrien inguruko I+G+B proiektuak / Osagarri berrien garapena / Fundizioko teknika ezberdinekin erabiltzeko molde eta tresnerien diseinua / Laborategi metalografiko aurreratuko zerbitzuak / Pieza berrien laginen fabrikazioa IMAn.

Edertek 2003an sortu zen, baina euskara plana 2007an jarri zen martxan, gaur egungo eraikinera etortzearekin batera, hain zuzen ere. Euskara Planak bi lan-lerro nagusi ditu:

  1. Hizkuntza Politika osatzen duten arauak betetzea. Ederlan Taldeko Euskal Herriko plantetan jarraitu beharreko hizkuntza-irizpideak dira, eta denek bete beharrekoak. Honako arlo hauetan du eragina: komunikazioa, formazioa, makinak, aplikazio informatikoak, kontratazioak, promozioa eta euskara eskolak, produktua eta zerbitzua eta hazkundea.
  2. Plan Estrategikoan eta Gestio Planean zehazten diren ekintzak betetzea.

Euskarak izan duen bilakaeran honako hauek izan dira mugarri aipagarrienak:

Hasierako fasea deitu diezaiokegunean, Fagor Ederlan Talderako helburuak jartzeko irizpide bertsuak zehazten ziren; maila nahiko orokorreko helburuak ziren. Bakoitzak bere egoeraren arabera moldatzen zituen arren, nahiko maila orokorren geratzen ziren helburu horiek.

Azken urte hauetan, euskara kudeatzeari garrantzia handiagoa eman zaio, hau da, euskara planeko helburuak enpresako kudeaketa sisteman txertatzeari, helburuak Adinet tresnan oinarritu eta zehaztasun handiagoz finkatzeari, arduradunak euskara planean inplikatzeari… Euskara planeko hutsune eta indarguneak identifikatu eta non hobetu behar dugun zehazten dugu; eta zer hobetu horiek izaten dira urteko Gestio Plana egiteko abiapuntu. Helburuak maila ezberdinetakoak izaten dira; erabileran, ezagutzan, motibazioan eta erakundetze mailan eragitekoak, hain zuzen ere.

Helburu horiek kudeatzeko ardura nagusia Euskara Batzordearena da eta, beharren arabera, Edertek-eko bestelako eragileekin lantzen dira. Esaterako, Bikain ebaluazioan parte hartzeak arduradunekin lanketa sakonagoak egitea eskatu digu.

Ederteken, enpresa txiki eta euskarazko ezagutza handia duen enpresa izanik, betidanik egon izan da ohitura bezero, hornitzaile eta bestelako erakunde euskaldunekin euskaraz jardutekoa. Bezeroei ere, kasu honetan barne bezeroa den Ederlanekin, proiektu batzuk hasieratik bukaerara euskara hutsez eskaini izan zaizkie. Urte hauetan guztietan inertzia batzuk hautsi direla eta euskara lanean txertatu dela ikusi da.

Bidaltzailea:  Jesus M. Larrabe (Edertek-eko Euskara Planeko koordinatzailea)

Erantzun