Antzuolako enpresak aitzindari euskararen prozesukako kudeaketan

Asteazkena, 2014ko uztailaren 2a

Ekainean Erreka eta Goizper elkartu ziren, euskararen kudeaketa erakundeko prozesukako kudeaketan txertatzeko egiten ari direnak elkarri aurkezteko. Elay-ko ordezkariek ere parte hartzen dute bilgune horretan, nahiz eta oraingoan ezin izan ziren bertaratu.

20140604_005Argazkian Erreka-ko Juan Kruz Lizarralde eta Josean Markez, eta Goizper-eko Agurtzane Iriarte, Leire Derteano eta Aitor Azkarate. Emun-eko Urrate Etxaburu izan zuten aholkulari.

Orain arteko ibilbidea

Erreka-k eta Goizper-ek badituzte hainbat gauza komunean; Elay bezalaxe, bi kooperatiba horiek ere Antzuolan daude kokatuta; euskara plana 1999an jarri zuten abian, eta urte hauetan guztietan, aldeak alde, ezagutzan, erabileran, motibazioan eta erakundetzean aurrerapauso nabarmenak eman dituzte. Ondorioz, beste erakundeentzat erreferente bihurtu dira hainbat arlotan; horren erakusgarri da Soziolinguistika Klusterraren kasu aurreratuetan Goizper eta Elay agertu izana, eta, duela gutxi, lantalan-en Erreka-ri buruz argitaratutako artikulua.

Hala ere, enpresa horiek, gauza komunetatik harago, badituzte berezitasun batzuk. Erreka-n, adibidez, hasieratik bereizi zituzten ildo ofiziala eta ildo boluntarioa. Goizper-en, berriz, euskara planaren lehen faseari amaiera ematea erabaki zutenean, euskararen estandarizaziora igaro zen plana; fase horretan euskararen eskuliburuan oinarrituta eta bertako pertsonek kudeatuta –kanpo teknikaririk gabe- lortutako erabilera maila altuari eustea lortu dute.

Hizkuntza politika erakundeko kudeaketa ereduan txertatzea helburu

Oraingoan, lanketa berri batek bildu zituen enpresa horietako ordezkariak; izan ere, euskararen kudeaketa erakundeko prozesukako kudeaketa ereduan txertatzen dihardute eta izan dituzten esperientziak elkarrekin partekatu beharra ikusi zuten.

Bileran ateratako ondorioetatik hiru ideia aipatu dizkigute:

  1. Uste dugu hizkuntza politika landuta izatea gakoa dela euskararen kudeaketa erakundeko kudeaketan txertatzeko eta, baita ere, nor diren lanketa horretako parte-hartzaileak.
  2. Euskararen kudeaketan garrantzitsuak diren beste hainbat ideia azpimarratu ditugu: lidergoa, kudeaketaren jarraipena, urteko helburuak, misio edo helburu orokorra, lanpostuen hizkuntza-eskakizunak
  3. Abiapuntu eta ezaugarri desberdinetako planak izan arren, gaur egun bat egiten dugu euskararen kudeaketa erakundeko prozesukako kudeaketan txertatzeko bidean.

Erreka-n prozesu bidez hedatu dira helburuak eta prozesu bakoitzean txertatu dira berari dagozkion euskarako helburuak eta jarraipena egiteko adierazleak. Oraindik orain, eta zikloa itxi artean, xehetasunak fintzen eta hobetzen joan beharra aurreikusten dute, baina egindako aurrerapausoa handia izan denik ezin ukatu.

Goizper-en, bestalde, lehen hurbilpen bat egin da, eta euskararen eskuliburuan aipatutako guztiak zein prozesurekin eta nola lotu behar diren zehaztu da.

Erakunde horietan prozesu batzuetan beste batzuetan baino garatuago daude, bai prozesuaren beraren lanketan, bai prozesu horretan euskarak duen lekuan, baina norabide egokian doazen ziurtasunarekin, udazkenean berriz elkartu eta harremanetarako bideak irekita agurtu zuten elkar.

Erantzun