Auzo txiroetan inon baino oztopo gehiago euskaraz hezteko. Nola liteke?

Ostirala, 2018ko apirilaren 13a

Otxarkoaga eta Txurdinagako EISEko hezitzailea den Izaskun de la Ruari elkarrizketa

EISEko gizarte hezitzaileak argazkian. Eskuinean Izaskun de la Rua

·  Zein lan egiten duzue EISEn (Equipo de Intervención Socioeducativa)?

Otxarkoagan eta Txurdinagan bizi diren adingabe eta familiak artatzeko helburua duen prebentziozko hezkuntza-programa da gurea. Egoera zaurgarrian edo babesik gabe geratzeko arrisku arinean dauden familiak hezitzaileokin harremanetan jartzen ditu.

Gizarte Zerbitzuek komunitateko gainerako baliabideekin koordinatuta egiten dugu lan (ikastetxeak, osasun-zentroak, e.a.).

·  Zer esan ohi dizu guraso batek euskarari buruzko aipamena egiten diozuenean?

Aukera gutxi daukagu euskarari buruz hitz egiteko. Euren seme-alabekin euskaraz egiten dugunean harro sumatzen ditugu gurasoak. Haurrak euskaraz berba egiten entzutean, poztu egiten dira. Otxarkoagako auzoan, eta familia batzuekin bereziki, euskara bazterkeriarako beste eragileetako bat da, eta egoera horrekin apurtu behar daukagu.

·  Eta zuen zerbitzuan dabiltzan haur edo nerabeek zein harreman dute euskararekin?

Euskara ez da euren etxeko hizkuntza, beraz, gai pertsonaletan sakontzen dugunean erraztasun handiagoa daukate gaztelaniaz berba egiteko.

Gehienentzako euskara eskola hizkuntza baino ez da, eta eskolarekiko daukaten harremana oso ona ez denez, ba atera kontuak! Gainera, eskolarekiko harremana hobetzen da formakuntza profesionalera joaten direnean, eta auzoko formakuntza profesionaleko zentroak gaztelaniaz dira. Ondorioz, sarritan behartutako harremana dela esango nuke.

·  Eta zuek, hezitzaileek, nola bizi duzue euskararen gaia?

Azkeneko urteetan, jarrera aldaketa handia bizi ahal izan dugu lantaldean. Hezitzaileak jabetuta gaude euskara gure eskuhartzea hobetzeko eta gizarteratze helburuak lortzeko bidea dela.

·  Zer egiten ari zarete zuen zerbitzuan euskarari leku egiteko?

Lehenengo eta behin, prestakuntza, langileen euskara maila indartzeko eta beldurrak astintzeko.

Eta hortik aurrera, euskara gure egunerokotasunean sartzen ari gara: hezkuntza zentroekiko harremana pixkanaka euskalduntzen ari gara, zenbait ekintza euskara hutsean egiten ditugu, gure arteko harremanak euskalduntzen ari gara. 

Komunitate mailan, auzoan, euskara lantalde bat sortu dugu Gizarte eta Hezkuntza Mahaiaren barnean, eta parte hartzen dugun ekintzetan euskarari leku egitearen konpromisoa hartu dugu.

·  Zer eskatuko zenieke Otxarkoagako euskaldunei?

Otxarkoagako euskaldunak mugitzen hasi dira eta ideia politak dauzkate. Hala ere, kalean ia ez da euskararik entzuten, eta auzoan bertan dauden hezkuntza zentroak A eredukoak dira. Hezkuntza Sailak (eta instituzioak, orokorrean) zentro hauetan baliabideak handitu beharko lituzkete. Kontraesana da, Otxarkoagan beste auzo gehienetan baino arazo gehiago daude eta euskaraz ikasteko aukera gutxiago eskaintzen ditu administrazioak. Hemen ez dago euskara ikasteko gurasoentzako eskaintzarik eta eskola A ereduan da, juxtu inonn baino behar handiagoa dagoen auzoa izanda. Ez du zentzurik, politika honekin auzotarren bazterkeria areagotzen gabiltza, ez zaielako euskara ikasteko aukerarik eskaintzen. 

Txurdinagako egoera ezberdina da, eskolak D ereduan izanda ere,  hemen ere euskara ez da kalean entzuten. Baina, Txurdinagako gizartearen gehiengoa ijitoa eta txiroa ez denez, erakundeek daukaten jarrera oso ezberdina da.

Euskarak ekonomiarekin zerikusi handia dauka, auzo txiroetan ez da euskara ikasteko aukera ematen eta besteetan bai. Euskararekiko sentsibilitate eta egoera ezin da familien gain jarri, familiek euskaraz ikasteko eskaintzen zaizkien baliabideak urriak direnean. Baliabide ezak areagotzen du familien eta auzotarren bazterkeria eta horrekin apurtu beharra dago.

 

Amaia Balda (Emuneko kidea)

Erantzun