Azpeitiko Euskara Patronatuak eta EMUN kooperatibak Lankidetza Hitzarmena sinatu dute

Asteartea, 2007ko maiatzaren 15a

Artikulu honetan maiatzaren 8an izandako sinadura ekitaldiko ideia nagusiak bildu ditugu.

Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) da Azpeitian euskara gizarte-esparru guztietara zabaltzeko giltza. Bere helburu nagusia euskara edonork, edonon eta edozertarako erabiltzea da.

Horretarako, Azpeitiko hizkuntza egoeraren azterketatik abiatuta, duela 3 urte finkatu ziren azpeitiarrek erabat euskaraz bizitzeko aukera izan dezaten jarraitu beharreko bidea eta eman beharreko pausoak.

Azpeitiko Euskara Patronatuan dauden lankideen eta aholkularitza enpresen elkarlanaren bidez egitasmo ugari ari dira lantzen, horiek bideratzeko bitarteko asko jarri dituztelarik.

Ohiko zerbitzuak eta lanak (Udalaren eta udal zerbitzuetan euskararen erabilera normalizatzeko plana, udal euskaltegia, erabili.com, …) eskaintzen jarraitzen badute ere, azken urteotan, Azpeitiko gizarteko beste zenbait esparrutan ere eragin nahian, era guztietako entitateei eta azken finean, azpeitiar guztiei zuzendutako egitasmoak bideratzen ari dira, Azpeitian euskara edonork, edonon eta edozertarako erabiltzeko helburua lortu ahal izateko.

Egitasmo horien artean, iaz abiatutako egitasmo batek pisu berezia hartuko du aurtengoan: ELEGUNE, Hizkuntza Gestiorako Zentro Teknikoa. Administraziotik enpresek euskarari bultzada emateko behar duten laguntza teknikoa doan, modu profesionalean eta bakoitzaren errealitatera egokitua eskaintzen da. Horrela, beraz, Azpeitiko enpresek euskararen normalizazioa gauzatzeko behar duten *laguntza teknikoa jasotzeko erreminta da ELEGUNE.

Egitasmo guztiak bideratzeko hainbat aholkularitza enpresa parte hartzen ari bada ere (Emun, Eregi eta Siadeco), Emun kooperatiba da hornitzaile nagusia, 3 egitasmo kudeatzearen ardura duelako:

  1. Aipaturiko ELEGUNE, Hizkuntza Gestiorako Zentro Teknikoa.
  2. Profesional liberaletan mikroplangintzak.
  3. Komunikazioa.

Baina batez ere aipatutako lehen egitasmoa kudeatzearen erantzukizuna duelako eta egitasmo horren garapen egokia delako esku artean duten erronka nagusia.

Maiatzaren 8an sinatu zuten hitzarmenarekin, aipatutako 3 egitasmoak kudeatzeko baldintzak zehaztu zituzten zenbait klausulen bidez. Elkarlan Hitzarmenaren iraupena urte amaiera artekoa da. Epe hori bukatzerakoan, eta egitasmoarekin jarraitzeko, berritu ahal izango da Elkarlan Hitzarmena.

Bidaltzailea: lantalan

Erantzun