Bergarako arlo soziokulturalean EUSKARAREN ERABILERA bultzatzeko PLANA aukeztu da

Asteazkena, 2006ko apirilaren 12a

Hizkuntza erabiliz zorrozten den tresna da. Erabiltzen ez bada, herdoildu ez ezik kamustu ere egiten baita. Horregatik zaindu behar dira ondo familiaren eta eskolaren luzapen eta ingurune diren jardunbide guztiak: kirola, aisia, erlijioa, kultura, eta abar. Datozen urteetako erronka nagusia belaunaldi berrientzat euskara eremu guztietarako erabiltzeko atsegin eta baliozko egitean datza. Horretarako euskarazko zerbitzuen eskaintza eskolatik harantzago eraman eta beste esparruetara zabaldu behar da.

Bergarako Udalak 2003an onartutako Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren (EBPN) barruan erronka honi heldu dio eta ume eta gazteentzat eskolaz kanpoko ekintzak antolatzen dituzten talde, elkarte eta entitateetan euskararen erabilera bultzatzeko plana jarri du martxan.

Garrantzitsua da azpimarratzea ez dela hutsetik hasten. Haur eta gazteen eskolaz kanpoko munduan euskara bultzatzeko asmoarekin, 1991n Euskararen Hitzarmena sinatu baitzen 49 elkarteren artean. Hitzarmen hori izan da plan honen abiapuntu eta oinarria.

Plan hori aurrera eramateko Bergarako Udalak EMUN Hizkuntza Aholkularitza kontratatu du.

Proiektu honek bi zati berezitu izango ditu: batetik planaren diseinua (hemendik eta ekainera bitartean) eta bestetik planaren inplementazioa eta jarraipena.
Plana diseinatzeko pauso hauek emango dira apirila eta ekaina bitartean:

-Aisia, kirola, kultura eta erlijio arloetan jarduten ari diren talde, elkarte eta entitateen euskararen egoeraren diagnostikoa egingo da. Horretarako banan-banan bisitak egingo dira eta galdetegi baten bidez datuak jasoko dira.

-Diagnostikoaren ondorioak atera ondoren, euskararen erabilera handitzeko 3 urteko plana diseinatuko da. Diseinu horrek 3 maila desberdin izango ditu:

  • Talde, elkarte eta entitate guztientzat ekintzak definituko dira.
  • Arlo bakoitzeko elkarte multzoetan eragiteko ekintzak definituko dira.
  • Talde, elkarte eta entitate bakoitzarekin eta bakoitzarentzat helburuak eta ekintzak proposatu eta adostuko dira.

Bergarako Udalak herriko talde, elkarte eta entitateak animatu nahi ditu ekimen honetan parte hartzera eta bakoitzaren errealitatetik abiatuta euskararen alde konpromisoak hartzera. Euskara normalizatzeko bidean esparru guztiak dira garrantzitsuak eta beharrezkoak, denok daukagu zer egina eta denok gara beharrezko, inor ez dago sobran.

Bergarako herritarrei aurrez aipatutako guztiaren berri emateko prentsaurrekoa eman zen 2006ko martxoaren 29an, Bergarako Udaletxean. Hizlariak hauek izan ziren: Victoriano Gallastegi, Bergarako Alkatea; Maripi Laskurain, Udaleko Euskara Teknikaria; Pello Garitano, Lokatza Taldeko ordezkaria; Mireia LarraƱaga, Orkestrako kidea eta Larraitz Trojaola Emun-eko Euskara Teknikaria.

Bidaltzailea: EMUN

Erantzun