Ederfil-Becker euskararen eroale Goierrin

Osteguna, 2018ko otsailaren 1a

EDERFIL-BECKER kooperatibak, 1977 urtean sortu zenetik, eroale elektrikoak egiten ditu Alegi eta Legorretan dituen lantokietan. Ingurune oso euskaldunean kokatua, 2009an ekin zion kooperatiba euskalduntzeko lanari, lankideen gogoak eta MONDRAGON taldearen hauspoak eraginda.

Ez da makala izan bederatzi urte hauetan lortutakoa. Hasierako urte haietako parte-hartze handiak eta lankideen grinak lekua utzi die poliki-poliki erakunde mailako lidergoari, eta gaur egun baiezta genezake EDERFIL-BECKEReko euskara plana heldutasun fasean aurkitzen dela: euskararen presentzia handia da lantoki eta bulegoetan, euskaraz lana egiteko aukera bermatzen da —hein handi batean—, onartuta daude hizkuntza irizpideak eta hizkuntza eskakizunak, eta bitartekoak eskaintzen dira enpresan bertan euskara ikasteko. Horren guztiaren aitortza jaso zuen enpresak 2015ean BIKAINen erdiko mailako ziurtagiriarekin.

Zein dira, baina, aurrera begira kooperatibak dituen erronka nagusiak?

Lehenengo erronka egungo heldutasun fasetik iraunkortasunerako bidea egiten joatea da: euskara plana eta bere jarraipena kooperatibako prozeduretan erabat integratzea eta erakunde mailako lidergoa sendotzea. Hori guztia kooperatibako kolektiboaren parte hartzea alde batera utzi gabe.

Bigarren erronka, erabileran: %80ko euskararen ezagutza eta %67ko hitz egiteko gaitasunarekin euskaldunen leialtasuna %100 izateko bidean jartzea da asmoa, erabilera handitzeko. Izan ere, gauza bat da euskaraz lana egiteko aukera eskaintzea, eta beste bat egunerokoan euskaraz lana egitea erabakitzea.

Eta hirugarrenik, baina ez horregatik garrantzia txikiagoarekin, euskara ikasleen erronka dago: egun hamaika pertsona ari dira euskara ikasten EDERFIL-BECKERen, eta hori langile guztien %5 da. Horren ikasle kopuru handiak izateak erakusten du lanera sartzen diren langile ez-euskaldunek euskararen beharra sentitzen dutela, eta asmatu egin dela behar horri erantzun egokia ematen. Zalantzarik gabe zaindu eta elikatzen jarraitu beharreko dinamika da, errefortzu positiboa landuz eta ezagutzatik erabilerarako saltoan lagun eginez.

Ondo egindako lanak ematen duen oinarriarekin, aukeraz betetako etorkizuna dauka kooperatibak. Jarraitu dezala urte askoan eroaleak egiten, eta euskara etorkizunera eroaten.

Ekain Zubizarreta (Emuneko kidea)

Erantzun