EGIN SALTO! Hizkuntza portaerak aldatzeko interbentzioa

Asteazkena, 2015eko azaroaren 11a

Joan zen urriaren 7an, IMHk antolatzen duen 30+10 mintegian, Edurne Gonzalezek Emunek diseinatutako Egin salto! hizkuntza portaeretan eragiteko metodologia aurkeztu zuen lehendabizikoz.

Egin salto! hiru hilabeteko iraupena duen interbentzioa da, eta enpresako/udaleko/lagun-taldeko/bikoteko euskararen erabileran aurrerapauso nabarmena lortzeko diseinatu da.

Interbentzioaren helburua da, bikoteak abiapuntu gisa hartuta, maila desberdinekotako euskara ezagutza duten pertsonek dakiten euskara hori erabiltzeko saltoa ematea; eta Emunek salto hori emateko behar duten prestakuntza eskaintzen die. Abiapuntua bikotea izan arren, interbentzioaren eragina bikoteetatik haratago zabaltzen da, eta erakunde osoan eragiten du.

Orain arte, euskaraz ondo moldatzen ez zirenei hizkuntza trebakuntza eman izan zaie. Interbentzio honek, kontrara, hizkuntza trebakuntza baino, hizkuntza ohiturak aldatzeko trebakuntza psikolinguistikoa hobetsi du, eta euskaldunek lehen mailako eginkizunak eta lanak hartzen dituzte. Euskaldunak dira akuilu, eredu eta motor.

Interbentzio hori hainbat erakundetan egin da, hala nola, Hazi, IK4-TEKNIKER edo Tolosako Udaltzainetan; eta, beste erakunde hauetan ere abian jartzekoak dira: Sopelako Udalean, Clece-Zaintzen-en eta Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoan.

Interbentzio martxan jartzen lehenengok Hazikoak izan ziren; bideo honetan Haziko Publizitate eta Diseinuko arduraduna den Amaia Asuak bere esperientzia kontatzen du:

Erantzun