Emun euskara normalizatzeko metodologia etengabe berritzen

Asteartea, 2015eko ekainaren 30a

Emunen etengabe ari gara euskara normalizatzeko metodologia berritzen. Horretarako berrikuntza proiektuak abiatzen ditugu; baina ez horiek bakarrik, ezagutza partekatzearekin batera metodologia berritzeko (eta hobetzeko) bestelako gune edo foro batzuk ere antolatzen baititugu. Jarraian azalduko ditugu bakoitzaren ezaugarriak eta xehetasunak.

2752099532_f037d28f8b_o

Argazkia: Flickr

Emunen, urtero, enpresa planetako metodologia hobetzeko dozena bat berrikuntza proiektu izaten ditugu, eta proiektu horietan Emuneko euskara teknikari guztiak aritzen gara.

Berritzeko premiak iturri askotatik jasotzen ditugu, baina iturri garrantzitsuena bezeroa da; izan ere, bere proiektuan dituen erronken berri emateaz gain, zerbitzua hobetzeko proposamenak ere helarazten dizkigu.

Horiei guztiei erantzuteko berrikuntza proiektuak jartzen ditugu martxan Emunen. Proiektuaren jabea bezeroarenean dabilen teknikaria izaten da, bezeroa bera ez denean. Bere ardura izaten da azkeneko produktua zein izango den bezeroarekin adostea; horretarako, oso garrantzitsua izaten da bezeroaren arazo edo erronka hori ondo ulertzea: zerk eragin duen bizi duen egoera, zein ondorio dituen…

Berrikuntza proiektua garatzeko teknikariak lantalde baten laguntza izaten du. Lantaldea beste erakunde batzuetan dabiltzan teknikariek eta proiektu arduradunek osatzen dute; normalizazio prozesuetan eskarmentua duen jendea da, eta gaian duten interesarengatik edota gaian arituak direlako parte hartzen dute. Era horretan landutako gaiak dira, adibidez: laneko mezu elektronikoen erabilera, erakunde bateko eragileen lidergoa…

Baina Emuneko berrikuntza proiektu guztiak ez dira bezero jakin bati lotutakoak, beste batzuek gure metodologiari ekarpen orokorragoa egiten baitiote. Proiektu horiek askotariko jatorriak dituzte: zaintza bidez identifikatutako nazio edo nazioarte mailako esperientziak, teknikarion iritziekin garatu beharreko metodologiak, eta abar. Era horretakoak dira, esate baterako: euskara planeko eragileen artean diren erdaldunekin nola lan egin, pertsonen motibazioan oinarritutako euskara planen diseinua…

Halaber, beste erakunde batzuekin batera ere garatzen ditugu berrikuntza proiektuak; adibidez, Soziolinguistika Klusterraren edo Kontseiluaren bidez, urtero, bi edo hiru berrikuntza proiektutan hartzen dugu parte.

Berrikuntza proiektuekin gure metodologia, gure lanerako tresnak, sortzen eta berritzen ditugu. Metodologia hori bezeroaren etxean aplikatzen dugun aldiro ikasi egiten dugu, eta esperientziatik ikasitakoa lankideen artean partekatzeko beste bitarteko batzuk ditugu: mintegiak eta praktika komunitateak.

Bien arteko alde nabarmenena iraupena da. Mintegiak gai oso zehatzen inguruko bi ordu inguruko saioak dira. Gaiak teknikariok geuk proposatzen ditugu, eta interesa dugunok elkartzen gara elkarrekin kezkak, esperientziak, jakin-minak, gomendioak… partekatzeko. Praktika komunitatean, berriz, urtean hiruzpalau saio izaten dira gai orokorrago baten inguruan; esate baterako, erakundeetan euskararen inguruko motibazioan eragiteari buruzkoa da praktika horietako bat.

Euskararen normalizazioak adar asko ditu eta kontzeptu ikaragarri konplexua da. Beraz, guretzat ezinbestekoa da gure jarduna hobetzeko eta berritzeko lan egitea; bai proiektuen bidez, eta baita bezeroari zerbitzua ematerakoan egiten den lanaren bidez ere.

Bidaltzailea:  Emuneko Berrikuntza Arloa

Erantzun