Enkarterriko 2018-2022 euskararen plana aurkeztu da Zallan

Asteartea, 2018ko martxoaren 20a

Enkarterriko Mankomunitateak 2018-2022 epealdirako Euskara Sustatzeko Ekintza Plana diseinatu du, EMUN Aholkularitzaren laguntzarekin. 3 saio egin ditu hurrengo urteetarako ideiak eta proposamenak jasotzeko. Saio horiek izan dira prozesu osoaren muina, esparru desberdinetako hainbat eragile, herritar eta arduradun gune bakar batean bildu eta guztien arteko hausnarketa bideratu delako. Irakaskuntza, bertsogintza, kultura, kirola, euskalduntzea eta mankomunitate/udaleko ordezkariek parte hartu dute.

Martxoaren 15ean egin da planaren aurkezpena, Zallako Kultur etxean, Estibaliz Elgezua udaleko zinegotziak, Esther Lasa mankomunitateko lehendakariak eta Lorea Otxoa euskara zerbitzuko teknikariak bideratuta. Hauek izan dira aipatu diren indarguneak eta ahulguneak:

Indarguneak:

Euskararen ezagutza handitzen doa Enkarterrin:

-Enkarterriko biztanleen %50ek daki euskaraz: %27 ia euskalduna da (euskara ulertzen du, baina ez du hitz egiteko gaitasun nahikorik) eta %23 euskaraz hitz egiteko gai da.

-Enkarterriko haur eta gazte gehienek dakite euskara.

-Gero eta heldu gehiagok daki/ulertzen du euskara (15-34 urtera artekoak): %78k euskaraz daki, euretatik %37 ia euskaldunak dira eta %41 hitz egiteko gai da.

Orain dela 40 urte guztiz erdalduna zen gunea euskalduntzen hasi da (urteetako lanaren ondorioz).

Ahulguneak:

Euskararen erabilera oso txikia da:

Enkarterriko euskaldun asko hiztun berriak dira, etxean eta kalean euskara ahul dagoen tokietakoak. Honek euskararen erabileran aurrera egitea eragozten du. Zaila da eskolan ikasitakoa mantentzea, euskara maila hobetzea, hiztun osoa izatea, euskaraz bizitzea.

Ondorioak:

-Guztiz erdalduna zen gunean euskara agertzen hasi da.

-Enkarterriko euskaldun asko hiztun berriak dira, etxean eta kalean euskara ahul dagoen tokietakoak.

-Hiztun osoak sortzeko, eskolaz gain, hiztunak sozializatzeko beste esparru batzuk behar ditu.

Euskal hiztun berriak ikerketan azaldu bezala, erronka berriak ditugu begien aurrean, hiztun berrien tipologiak eremu euskaldunetako hiztun tipologiarekin alderatuta, oso bestelako ezaugarriak baititu:

–        Euskarak presentzia txikia duen inguru soziolinguistikoetan bizi dira.

–        Komunikatzeko gaitasun mugatua dute, oro har.

–        Euskara eskolarekin lotzen dute, ez dute garatu euskararekiko benetako atxikimendurik.

–        Euskara oso gutxitan erabiltzen dute.

–        Euskal hiztun ez osotzat dute beren burua.

–        Batuaz baino ez dira mintzatzen.

–        Batzuek frustrazioz edo penaz bizi dute egoera hori; denek ez, ordea.

Beraz, orain arte esandako guztia kontuan hartuta, hauxe izango da hurrengo urteetarako erronka nagusia Enkarterrin:

Hiztun berriek, eskolaz gain, sozializatzeko erabiltzen dituzte esparruak ondo elikatzea.

Eta hauxe hurrengo 2018-2020 bitartean lortu beharreko helburua:

Haur eta gazte giroan euskaraz egiteko aldeko giroa eta guneak sortzea.

Horretarako ezinbestekoa izango da, hurrengo bost urteetan 0-18 bitarteko haur eta gazteentzako kirol eta kultur eskaintzetan euskararen erabilera bermatzeko ekintzak bideratzea.

Ima Elexpuru (Emuneko kidea)

Erantzun