Erdaldunen parte hartzea euskara planetan

Asteartea, 2009ko urriaren 20a

Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritza Nagusiaren diru-laguntzaz, EMUNek egin du ikerketa aplikatuko proiektu bat. Horren bigarren alea duzue artikulu hau, Gipuzkoaeuskara webgunetik hartua.

Erlazionatutako sarrerak:

Euskara planak martxan jarri zirenetik asko aldatu da planak martxan jarri dituzten enpresen tipologia. Hasieran, eskualde euskaldunetan zeuden enpresak abiatu zituzten planak, eta langile euskaldunen portzentajea altua zen.

Gaur egun, euskara planak Euskal Herri osoan barna ari dira hedatzen, bai euskaldunen portzentaje altua duten eskualdetan baita Euskal Herriko hainbat zonalde erdaldunetan ere. EMUNek, esate baterako, Gasteizen, Basaurin edota Orkoienen ditu euskara planak abian.

EMUNen garatu dugun proiektu baten bidez, erdal hiztunekin lanean dauden teknikariak lagundu nahi ditugu, erdaldunekin lanean hasterakoan metodologia bat eta hainbat ekintza eskura izan ditzaten.

Horretaz gain, erdaldunekin lanean hasi aurretik,erdaldunak ongi ezagutzeko formazio-hausnarketa saio batzuk ere proposatu ditugu, euskara teknikarien kolektiboan beraiengana hurbiltzeko aurreiritzi gehiegi daudela uste baitugu.

Helburuak

Proiektuak bi helburu nagusi dituela esango genuke:

  • Euskara teknikariak erdaldunek euskara planean parte hartzeak duen garrantziaz ohartaraztea. Horretarako egungo metodologia egokitu eta formazio-hausnarketa saio batzuk
    antolatuko dira.
  • Erdaldunei euskara planaren norabidea erakutsi eta bertan parte hartzeko aukera ematea.

Egitasmo honen helburu zehatzak honakoak dira: teknikariei gai honen inguruan sentsibilizatzeko laguntza ematea; teknikariei erdaldunak euskara planetan parte hartzeko baliabideak ematea; erdaldunak eta euskaldunak modu naturalean elkarrekin lana egin dezaketela demostratzea; euskara plana enpresa osoarentzat (bai euskal hiztunentzat, bai erdaldunentzat) abian jarri dela demostratzea eta, azkenik, erdaldunak euskara planaren ekintzetan parte hartzera bultzatzea, bakoitzak nahi duen konpromiso mailarekin.

Metodologia hobetzen

Orain arte enpresetako euskara planen metodologia euskaldunen portzentaje altua duten enpresei zuzendutako metodologia izan da. Planaren ardatza erabilera da, eta planaren eragileak enpresako euskaldunak. Metodologia hori hankamotz gelditzen da erdal hiztunak nagusi diren enpresetan.

Euskara planen metodologiaren ardatzak ezagutza, erabilera eta motibazioa dira. Hala ere, Euskara planaren helburu eta ekintza gehienak erabilerarekin lotu izan dira. Euskaldunen portzentaje altua duten enpresen kasuetan hau izan da eraginkorrena urteetan.

Euskara planaren helburu eta ekintza gehienak erabilerarekin zerikusia izan arren, erdaldunen parte
hartzea ezagutzarekin bakarrik lotu izan dugu: erdaldunentzat bideratutako ekintza bakarrak euskara
eskolak izan dira. Ez gara gai izan euskarazko gaitasunik ez duten pertsonek dituzten indargune eta aukerak aprobetxatzeko.

Proiektu honen bidez, metodologia osatzen eta hobetzen saiatu gara. Ezagutza, erabilera eta motibazioa, planaren ardatzak izanik, erdaldunei eskaintzeko ekintza ezberdinak pentsatu ditugu.

Enpresaren inplikazioa

Erdaldunak euskarara hurbildu eta planean parte har dezaten nahi badugu, enpresak bere aldetik zenbait erraztasun eman behar ditu.

Euskal hiztun batentzat erabilera taldeko ordua errekuperatzea gogorra dela baldin badakigu, egoera
hori erdaldun batentzat oso erakargarria ez dela ere badakigu. Erdaldun batek euskara plan batean parte hartzen duenean berezko esfortzua egiten du, ezin diogu gehiago eskatu. Eta horretarako enpresak baliabideak jarri beharko ditu.

Enpresa guztietan ez da posible izaten euskara planari dedikatutako ordu guztiak enpresaren kontu joatea baina benetan erdaldunen inplikazioa lortu nahi badugu, enpresak ere bere inplikazioa erakutsi beharko du eta horretarako, ahalik eta baliabide gehien eskaini beharko ditu, hurrengo atalean azaltzen ditugun ekintzek arrakasta izan dezaten.

Ekintza sorta

Hurrengo lerroetan erdaldunekin lana egiteko ekintza batzuk aipatuko ditugu.

  • Lan talde mistoak: erdaldunak nagusi diren enpresetan ezin dira erabilera taldeak martxan jarri. Erabilera taldeen ordez, lan taldeak osatuko ditugu. Lan talde hauetan erdaldunak parte hartzea proposatzen dugu.
  • Euskararen hurbilpenerako modulua: Euskara hurbiltzeko moduluak (ikastaro laburrak).
  • Euskararen historiaren modulua: Gure proposamena gai hau modu ludiko eta arinean lantzea da. Hasieran ezagutzak jasotzeko saio labur bat egitea (ordubetekoa) eta ondoren bigarren saioan (ordubetekoa), landutako materiala lehiaketa moduan lantzea (“tribial” antzeko bat egitea adibidez).
  • Erdal hiztunentzako soziolinguistika saioak: Soziolinguistika saioetan parte hartuz, erdal hiztunak Euskara Planera hurbiltzea, izan ditzaketen aurreiritziak eta mesfidantza gutxitzeko. Talde dinamikaren bitartez kideak hausnarketara bideratzea, eta eztabaidaren bidez,
    erdaldunak euskararen egoeraz eta Euskara Planean betetzen duten tokiaz eta rolaz kontzientziatzea.
  • Erdaldunen lan taldea: Hilean ordu betez elkartuz, Euskara Planean hartutako erabakiak eta prestatutako materiala eztabaidagai izatea. Kezka bakoitza aztertu eta eztabaidatzea. Beldurrak uxatzea. Planaren borondate ona azaltzea. Beraiek zeregina eta protagonismorako aukerak aztertzea. Entzumena lantzeko jarrera eta teknika lantzea.
  • Euskara planaren inguruko formazio saio berezia: 2 orduko formazio saioa.
  • Euskara teknikariaren gidaritzapean erdaldun talde batek euskara planen funtzionamenduaren inguruko formazio saioa egitea.

Ekintza sortaz gain, erdaldunekin bakarkako lana egitea beharrezkoa da. Erdaldunekin komunikazio kanalak zabalik izan behar ditu teknikariak eta ahal duen guztietan euskara plana zertan den azaldu behar dio teknikariak.

Formakuntza saioak

Proiektu honen bidez hizkuntza teknikarien prestakuntzan eragin nahi dugu. Oso ohituak gaude euskaldunekin lana egitera, euskaldunek euskararekiko dituzten jarrera ezberdinak ongi ezagutzen ditugu, eta enpresa planak horren arabera egiten ditugu. Baina erdaldunekin lana egiteko ohiturarik ez dugu. Beraiengana hurbiltzeko arazoak ditugu.

Eta erdaldunekin lana egiteko, behar-beharrezkoa da teknikariak prestatzea. Alde batetik, prestakuntza teoriko bat behar da; eta beste alde batetik, teknikariok erdaldunen inguruan ditugun aurreiritziak bertan behera utzi behar ditugu. Aurreiritziak ez dira egun batetik bestera sortzen, normalean urteetan eraiki dira. Eta gehienetan bakoitzaren bizipenekin hornitu ohi ditugu aurreiritziak. Horregatik, hainbat aurreiritzi alde batera
uzteko, hausnarketa sakona egin behar dugu denok.

Hiru formazio saio proposatzen ditugu:

  • Erdaldunen inguruko hausnarketa-formazio saioa: Formazio-hausnarketa saio honen helburua euskara teknikarien kolektiboan dauden aurreiritzi batzuk bertan behera gelditzea da. Horretarako erdaldunengana hurbilduko gara. Erdaldun bakoitzaren atzean historia bat, arrazoi batzuk eta sentimenduak daudela erakutsi nahi dugu.
  • Enpresetako erdaldunen inguruko hausnarketa-formazio saioa: saio honetan hiru gai landuko ditugu bereziki, batetik euskara planetako erdaldunen kezka, ikuspegi, zailtasun, esperientziak eta abar ezagutu eta euren/gure jarreraren inguruan hausnartu; bestetik, euskara planetako erdaldunen parte hartzeaz hausnartu eta ondorio nagusia atera; eta azkenik erdaldunen parte hartzea bideratzeko proposamen zerrenda ezagutaraztea.
  • Erdaldun moten inguruko formazio saioa. Erdaldunen tipologia ezagutu eta tipologia bakoitzak euskararekin duen harreman aztertuko dugu azkenengo saio honetan.
Bidaltzailea: lantalan

Erantzun