Euskara hutsezko kanala Soralucen

Asteartea, 2014ko ekainaren 24a

Aurrekoan aipatu genuen bezala, Mondragon Korporazioko euskara koordinatzaileek Otaloran egin zuten topaketak, prestakuntzaz gain, bigarren helburu bat ere izan zuen: kooperatibetako esperientzia eta praktika baliagarriak elkarrekin partekatzea. Horren baitan, Soraluceko euskara koordinatzaileak, Andoni Korkostegik, kooperatiban martxan duten euskara hutsezko kanalaren nondik norakoak azaldu zituen.

Euskara hutsezko kanalak Soralucen from Emun_hizkuntzak on Vimeo.

Euskarak, hegemonian eta nagusitasunean landu den eremu eta funtzioetan egin du aurrera: ikastoletan, euskaraz garatu diren komunikabideetan… Planteamendu elebidunetan euskarak normalean galdu egin du.

Lorea Agirre

Hizkuntza lokal batean egin daitekeen guztia ez dadila egin hizkuntza globalago batean. Horrela, tokiko hizkuntzari funtzio esklusibo eta espezifiko batzuk ziurtatuko zaizkio, hedapen handiko beste hizkuntzen aurrean babestuz.

Albert Bastardas

Soraluce kooperatiban 2001. urtetik dugu euskara plana eta, lehen urteetan askotariko ekintzak martxan jarri ostean (motibazio kanpainak, itzulpenak, berripapera…), 2009an urrats berri bat ematea erabaki genuen: euskara hutsezko kanala martxan jartzea, hain zuzen ere. Lortu ditugun emaitzek eta soziolinguistikan aditu direnek zer dioten irakurtzeak, bide onean goazela baieztatu digute.

Labur-labur honako hau da euskara hutsezko kanalaren helburua: Soraluceko bazkide euskaldunei -%79- ahalik eta funtzio gehien eskaintzea edo eginaraztea euskara hutsez.

Landu ditugun funtzioak, momentuz, honako lau hauek izan dira: email orokorrak, 10T/nominak, Danon Ataixa (intraneta) eta OpenOffice/Outlook.

Jarraituriko estrategiari dagokionez, desberdina izan da hartzaile motaren arabera. Izan ere, kasu batzuetan euskaraz egitea eskaini (galdetu) egiten zaie bazkideei; beste kasu batzuetan, berriz, eginarazi (galdetu gabe); galdetu gabe badiogu ere, argi utzi nahiko nuke bazkideak duela azken hitza eta, nahi izanez gero, edozein unetan egin dezakeela atzera. Estrategiak:

1. Soralucen lehendik dauden bazkide euskaldunak: email orokorrak euskaraz jasotzea eta OpenOffice/Outlook euskaraz edukitzea eskaini egiten zaie; horren osagarri, bazkideak animatzeko kanpainak egiten ditugu. 10T/nominak eta Danon Ataixa, berriz, zuzenean jartzen zaizkie euskaraz.

2. Langile berriak: aipatutako lau funtzioak hasieratik jartzen zaizkie euskaraz.

Hauek dira estrategia horiekin lortu ditugun emaitzak: bazkideen %79k euskara hutsez dauzka edo jasotzen ditu 10T, nominak, Danon Ataixa eta email orokorrak; horrez gain, %51k euskara hutsez dauzka OpenOffice eta Outlook.

Funtzio horiez gain, une honetan beste funtzio batzuk ere lantzen ari gara: Harrera Plana, Batzar Nagusia eta hitzaldi informatiboak. Horiek guztiak euskara hutsez izatea da epe motz-ertainerako jarri dugun helburu.

Bidaltzailea: Andoni Korkostegi (SORALUCEko euskara koordinatzailea)

Erantzun