Euskara hutsezko kanalean zelan aritu?

Osteguna, 2012ko azaroaren 29a

Pasa den astean Xare azokaren barruan aurkeztu nuen Enpresek sarean zelan jokatu beharko lukete hizkuntzekin? hitzaldia. Hitzaldian zehar #sarekohizkuntzak eztabaida eta ikerketan ateratako ondorioak aletu nituen. Baina berritasun batzuk sartu nituen eta horiek azaltzera nator oraingoan.

Hitzaldiaren bideo osoa eskegi dute Xarekoek:

Bi kontu ala kontu bakarraren eztabaida izan zen nagusi #sarekohizkuntzak ikerketan. Guk aholku nagusi modura hauxe eman genuen:

Gure ustez, enpresak sare sozialetan duen jarduna oso zabala ez bada euskara eta erdara kontu bakar batean uztartzeak ikusgarritasuna ematen dio euskarari. Aldiz, enpresak sare sozialetan duen jarduna oso zabala bada hizkuntza bakoitzarentzat kontu bat erabiltzea proposatzen dugu.

Kontu bakarra erabili behar denerako aholkuak eman genituen, baina bi kontu erabiltzeko aholkurik ez genuen eman. Eta hori osatzera dator gaurko artikulu hau.

Bi kezka nagusi agertzen zaizkigu euskara hutsezko kanalen inguruan:

Mezuak errepikatu eta itzuli behar dira? Gure ustez, ez. Kasu batzuetan ezinbestekoa izango da horrela aritzea. Baina, gure ustez, euskara hutsezko kanalak nortasun propioa izan behar du. Adibidez, beste kanaletan agertuko ez diren mezuak agertu daitezke euskarazkoan. Izan ere, gure ustez informazioaren arabera, kanala aukeratu daiteke. Era berean, gure ustez, gure enpresa edo entitateak bere kontakizuna eraiki behar du sareetan. Eta kontakizun hori ezberdina izan daiteke hizkuntzatik hizkuntzara. Hizkuntza konpartitzen duten horien balioak eta mundu-pertzepzioak aintzat hartu behar ditu.

Euskarazko kanala sustatu behar da. Euskarari enpresa edo entitatearen komunikazioan funtzio propioak ematea aurrerapausoa da, dudarik gabe. Baina ezin dugu ahaztu gure hizkuntza oraindik orain ez duela egoera normalizatu bat, ezta sare sozialetan ere. Horregatik, gure ustez euskaldunen artean euskarazko kanala sustatzeko lana egin behar da, ez dadila geratu bigarren plano batean.

Oraindik ikasten ari gara sare sozialen munduan. Oraindik ez dago erantzun argirik. Baina apurka-apurka sare sozialetan ibiltzeko irizpideak fintzen eta zorrozten ari gara. Aurrera ere, horrela jarraituko dugu.

Bidaltzailea: Txerra Rodriguez (Emuneko teknikaria)

Erantzun