Euskararekiko jarrerak lan munduan (II)

Asteartea, 2012ko irailaren 11a

Artikulu honen lehen atalean azaldutakoen hariari jarraiki, gure buruari ondorengo galdera egin diogu: gure lan tokietan euskararen gaineko urratsak oztopatzen dituzten aurkako jarrera edota diskurtsoekin topo egiten dugunean zer egin, nola jokatu edota zein diskurtso garatu behar dugu?

Gaitza da galdera honi erantzun oso eta borobil bat ematea, baina, akaso, baliagarriak izan daitezkeen hainbat baliabide edota jarraibide orokor aipatzera ausartuko gara, erantzun edota diskurtso eraginkorra garatze aldera:


Hizkuntza Eskubideak:

Hizkuntza guztiek garapen osorako eskubidea dute, besteak beste, bere lurrean hizkuntza oso izateko eskubidea, osoki jaso eta osoki transmititzeko eskubidea eta gurasoek seme-alabei transmititzeko eskubidea. Era berean, pertsonek, hizkuntza komunitateek eta taldeek, ere, hizkuntza eskubideak dituzte.

Egoeraren ezagutza:

Aurkako diskurtsoan aurki ditzakegun aurreiritzi eta bestelakoen aurrean informazio eta ezagutza zehatza edukitzea lagungarria da. Halaber, euskarak gure lan tokian duen egoeraren analisi zehatzak gure diskurtsoari sendotasuna eta oinarri on bat emango dio.

Berdintasunaren diskurtsoa:

Hizkuntza guztiak dira beharrezkoak, giza ekosistemaren osagarri izanik, hizkuntza bat galtzeak sistema guztia pobretzen du. Horrela bada, euskararen alde eginez, munduko aberastasunaren alde egiten ari gara, eredu mosaikoaren alde. Denok irabazten dugu.

Era berean, hizkuntza guztiak berdinak dira, eta, goian aipatu moduan, guztiek dituzte eskubide berberak. Hala, hizkuntza guztiak berdinak diren heinean, hizkuntz guztiek behar dituzte hiztunak, bai orain eta bai gero; hizkuntza guztiek funtzio guztiak bete ditzakete (berdinak direlako) eta guztiek beren burua antolatzeko gaitasuna behar dute.

Hizkuntzek bizitzeko bere lurra behar dute. Euskararen lurraldean erdara dago ziurtatuta, euskara gutxiagotuta. Berdintasunik ez dagoenean, sortu egin behar da, eta beraz, diskriminazio positiboa beharrezkoa da. Ildo berean, subsidiaritatearen printzipioa aplikatu beharko litzateke: hizkuntza lokalean egin daitekeena, ez dadila egin hizkuntza globalagoan.

Bestalde, enpresarentzat euskara baliagarria izan daiteke, gizarte hobe baten aldeko irudia islatzen du eta euskara inplementatzen duen enpresak aldaketetara egokitzeko gaitasuna erakusten du (enpresaren gizarte erantzukizunaren ideiarekin, ere, bat egiten du). Era berean, euskaraz eskainitako zerbitzu eta produktuek kalitate handiagoa dute.

Portaera:

Gure diskurtsoa lantzerakoan erabiltzen ditugun argudioak, arrazoiketa edo bestelakoak garrantzitsuak izanagatik ere, ez dugu ahaztu behar norberaren portaerak izan dezakeen pisua; hau da, mezuak besteko garrantzia izan dezake mezua nola ematen den.

Ildo horretatik, besteak beste, komeni da:

• Modu asertiboan jokatzea

• Gure iritziez konbentzituta aritzea

• Ez-ahozko mintzaira zaintzea

• Gaietan, gertaeretan zentratu, ez pertsonetan.

• Ez iraindu, ez garrasi egin, ez atera zure onetik

Gogoan izan behar da, jarreren atzean osagai afektibo bat, ere, badagoela, eta beraz, maiz, argudio zorrotz eta pisuzkoak erabili arren ez dugula besteen jarreretan guk nahi bezala eragingo. Beraz, gaiarekiko dauden emozioek gure mintzakide edo lankideak duen jarrera nabarmen baldintza dezakete, eta, horrela bada, pertsuasioa landu nahi badugu, gutxienean mintzakidearekiko dugun portaera edo jokabidea zaindu behar dugu. Bestalde, ongi berezitu behar da aurkako jarreren gain pertsuasioaren bidez eragitea, eta konbentzitzea. Batzuetan, helburua bestelako jarrera duten lankideen diskurtso eta iritziak aldarazi eta gurera ekartzea izango da, baina muturreko jarreren aurrean, ziurrenik, gure helburuak bestelakoa behar du: gure argudioak ongi azaltzea, autoafirmazioa egitea, bestearengan zalantzak sorraraztea, muturreko jarrera horren diskurtsoa ahultzea, muturreko jarrera hori apur bat gerturatzea… Hau da, jarrera borondatetsua duen lankide batek erdaldunen bat dagoen batzar batean
euskaraz aritzea errespetu falta dela esaten baldin badigu, akaso, gai izango gara diskurtso edo iritzi hori aldatzeko, baina, gauza bera aurkako jarrera erakusten duen erdaldun elebakarrak aurpegiratzen baldin badigu, gaitza izango zaigu, munduko argudiorik onenak erabilita ere, bere jarreran nabarmen eragitea edota guztiz kontrakoa pentsaraztea.

Beraz, lan munduan euskararekiko dauden diskurtso eta jarreretan pertsuasioaren bidez eragin nahi badugu, aintzat hartu behar dugu, batetik, jarrera eta diskurtso ezberdinak aurkitu ditzakegula eta bakoitzak bere ezaugarriak dituela, eta bestetik, jarrera eta diskurtsoen atzean dagoen osagai afektibo/emozionalak pisu nabarmena izan dezakeela. Hala bada, pertsona eta egoera ezberdinetan helburuak ere ezberdina behar du izan;
batzuetan besteen jarrera aldaraztea izango da, baina beste kasu batzuetan, ziurrenik, lorgarriagoa izango da besteek gure diskurtsoa onartzea edo aitortzea, edota gure mezu eta argudioak argi eta sendo azaltzea, besteengan zalantza sortzea, guregana gerturatzea…

Bidaltzailea: Josu Zaloña, Emuneko teknikaria

Erantzunak

  1. […] Halaber, euskarak gure lan tokian duen egoeraren analisi zehatzak gure diskurtsoari sendotasuna eta oinarri on bat emango dio. • Berdintasunaren diskurtsoa: Hizkuntza guztiak dira beharrezkoak, giza ekosistemaren …  […]

Erantzun