Euskararen historia eta atzerakadaren gakoak

Osteguna, 2014ko ekainaren 19a

Pasa den ekainaren 12an Mondragon Korporazioko hainbat euskara koordinatzaile bildu ziren Otaloran. Topaketak helburu bikoitza izan zuen: batetik, kooperatibetako esperientzia eta praktika baliagarriak elkarrekin partekatzea; bestetik, prestakuntzan sakontzea. Prestakuntza saioaren izenburua “Euskararen historiara hurbilpen bat” izan zen eta historian lizentziadun eta EMUNeko teknikari den Joseba Beltza izan zen hizlaria.

Bideoa:

Euskararen historiara hurbilpena izan zen hitzaldian euskararen jatorriari eta irauteko arrazoiei begiratu bat emateaz gain, atzerakadaren zergatietan sakondu genuen.

Roldan Jimenok dioen moduan, euskararen galbidean Nafarroako konkistak baino garrantzia handiagoa izan zuten borboitarrek, besteak beste, euren agintaldiak (frantziar nahiz espainiar estatuetan) eta estatu-nazioen sorrera garaikideak izan baitziren.

Ikerlari batzuek estatu-nazioen sorrera hori Westfaliako Bakearekin (1648) lotzen dute, baina egun ulertzen ditugun moduko estatu-nazioak hiru iraultzen ondorio dira: industria-iraultzaren, iraultza burgesaren eta iraultza liberalaren ondorio, hain zuzen ere.

Beraz, ordura arte gertatutakoa gutxietsi gabe, euskararen jazarpen erabakigarria, batez ere, Frantziako Iraultzaren eta Cadizko Gorteetan sortzen hasia zen Espainia nazionalaren eskutik etorri zen. Frantziar eta espainiar nazionalismoek zuten nazio proiektuetan euskararen altzoan sor zitekeen identitate nazionalak ez zuen lekurik; horregatik jo zen euskararen kontra etengabe, eta hori izan zen atzerakada nabarmena eragin zuena.

Hitzaldia bukatzeko, eta estatu-nazioen kontzeptua oraindik indarrean denez, gaur egungo egoerari begiratu bat eman eta hausnarketa irekia egin genuen bertaratutakoen artean.

Bidaltzailea: Joseba Beltza

Erantzun