EUSLAN programa pilotuko enpresak: euskaraz lan egitea helburu, metodologia eraberritzeko bide-erakusle

Astelehena, 2016ko urtarrilaren 18a

Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS), EUSLAN programa pilotua jarri du martxan. Programa horren helburua honako hau da: enpresa industrialetako lan hizkuntza gisa euskara gero eta gehiago erabiltzeko prozedurak eta praktikak diseinatzea eta gauzatzea.

Programa horretan parte hartu ahal izateko enpresek baldintza zorrotzak bete behar izan dituzte eta, azkenean, honako hauek dira parte hartzen ari direnak: JMA, Batz, Cikautxo, Elay, Maier, Orkli, Copreci, Danobat, Eika, Goizper, Erreka eta Ulma Eraikuntza (azken seiei EMUNek aholkularitza eskaintzen die). Enpresa horietatik 8 Gipuzkoan daude, eta beste 4rak Bizkaian; guztien artean 5.000 langiletik gora biltzen dituzte.

Halaber, helburu eta konpromiso bat hartu dute programa pilotuan parte hartzen duten enpresek: enpresa barruko ahozko eta idatzizko lan harremanei eta hizkuntza paisaiari dagokionez euskararen erabilera %90era iristea edo, gutxienez, %20ko hobekuntza izatea 2017an. Konpromiso horren neurgarritasuna Bikain ziurtagiriaren bidez bermatuko da –enpresa parte-hartzaileek 2017an Bikain ziurtagiriari dagokion ebaluazioa izango dute–.

Programa horren oinarrian Elay enpresak euskara normalizatzeko egindako ibilbidea dago.

Euslan_Logoak

EUSLANi buruz gehiago jakiteko asmoz, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendari den Jorge Giménez Bechengana hurbildu gara:

Non kokatzen da EUSLAN? Nola uztartzen da LANHITZ programarekin?

EUSLAN, LANHITZ programaren baitan martxan jarri den lan-ildo berri bat da.

LANHITZ programa duela 29 urte sortu zen arlo soziekonomikoan euskararen presentzia eta erabilera sustatzeko eta, urte hauetan guztietan, hainbat norabidetan aritu gara lanean. Hor ditugu, adibidez, euskara planak egin eta kudeatzeko diru-laguntzak (LanHitz deialdiak 26,7 milioi euro banatu ditu laguntzatan 1987tik hona, eta 418 enpresa izan dira onuradun, guztien artean 84.000 langile biltzen dituztenak), Bikain ziurtagiriak, euskaraz lan egiteko eskaintzen ditugun askotariko baliabideak…

Urte hauetan hainbat praktika eta ezagutza metatu dira, eta plangintza-eredu batzuk sortu dira. Legealdi hau gogoeta egiteko une egokia zen zertan egin aurrera eta zertan sakondu erabakitzeko, hain zuzen ere. Gogoeta horren ondorio edo fruituetako bat da EUSLAN programa hau.

Zein helbururekin jarri duzue martxan?

Jakin nahi dugu ea zeintzuk diren euskara lan hizkuntza bihurtzeko, euskara enpresetan txertatzetik erabiltzera jauzia emateko beharrezkoak diren lanabesak, praktika onak eta aurrera daramaten bideak, eta baita zeintzuk diren hain ondo ateratzen ez direnak ere. Beraz, praktikan jarriaz, elkarrengandik ikastea ere bada gure helburuetako bat.

Ezagutzen dugu Elay enpresaren esperientzia. Enpresa horrek funtzionatzen du gaur egun; beraz, frogatuta dago egingarria dela. Elayren esperientziatik abiaturik, beste hainbat enpresatan programa pilotu bat martxan jartzea erabaki genuen; eta enpresa horiek euskara lan hizkuntza bihurtzeko egoera egokian zeuden enpresak izan behar ziren nahitaez, hizkuntza kudeaketan eta euskararen erabileran aurreratuta dauden enpresak, alegia.

Zein izan zen 12 enpresa horiek –eta ez beste batzuk– aukeratzeko arrazoia? Zergatik industria enpresak?

Deialdia irekia izan zen. Deialdira aurkeztu ahal izateko, baldintza nahiko zehatzak eta zorrotzak bete behar ziren (aginduko 5. artikuluan daude jasota).

Aginduan zehazten ziren 3 baldintza orokorrak honako hauek ziren:

1) Industria enpresak izatea, kontuan izanik sektore horrek Euskal Herrian betidanik izan duen eta duen garrantzia.

2) 150 langiletik gorako enpresak izatea ere ezarri genuen baldintza moduan, batik bat pisu edo egitura sendoa duten enpresekin nahi genuelako lan egin.

 3) Azkenik, LANHITZ deialdian 2014an onuradun eta 2015ean eskaera egindakoa izatea eskatzen genuen, horrek enpresaren hizkuntza egoera eguneratua eskura izatea ziurtatzen zigulako.

Zein da HPS egiten ari den ekarpena?

Urtetan metaturiko ezagutza programa pilotu honen zerbitzura jartzen dugu, eta programaren koordinazioa bere gain hartu duen Elay enpresako Anaje Narbaizarekin lantaldea osatzen dute gure teknikariek. Horrez gain, jakina, 3 urterako 904.000 euroko diru-partida dago onartuta, programan parte hartzen duten enpresek beren gain hartzen dituzten gastuak finantzatzen laguntzeko.

Zein izaten da enpresako ordezkariekin komunikazioa?

Eguneroko zalantzak argitzeko eta enpresa parte-hartzaileei laguntzeko Koordinazio Lan-taldea dago; horrez gain, Jarraipen Batzordea ere badago, eta, bertan, sailburuordea da batzordeburu, eta enpresa bakoitzetik 2na ordezkarik hartzen du parte: batetik, Zuzendaritzako kide batek; bestetik, enpresako langileen ordezkari batek. Horrela, beste helburu bat ere lortzen ari gara: programaren helburuekiko konpromisoan enpresaren estamentu guztien arteko zehar-lerrotasuna indartzea.

Zein da lortu nahiko zenuketen emaitza?

Lortu nahi genuke euskara lan hizkuntza gisa gero eta gehiago erabiltzea ahalbideratzen duen eredu erabilgarri eta kontrastatu bat; eredu malgua, ez zurruna, gero beste enpresetan zabaltzeko. Era berean, aurrerapauso sendoak nahi ditugu, atzera egiteko arriskuak saihesteko neurrien bidez bermatuak. Kontua ez da, jakina, inongo ereduren aplikazio mekanikoa egitea. Horregatik, programa pilotu honen bidez plangintzarako eredu edo marko malgu bat eraikitzen lagundu nahi genuke. Etorkizunerako eragin sakona izan dezakeen helburua da hau.

Orain industria enpresekin egin duzuen bezala, aurrerago beste sektore batzuetara zabaltzea aurreikusten al duzue?

Ez nuke baztertuko, aurrerago, beste sektore batzuetan beste proba pilotu espezifiko batzuk egitea; baina, gure ustez, helburua gehiago izango da plangintza eredu eraberritua enpresa gehiagotara hedatzea, eta ez hainbeste proba pilotuak ugaltzea.

Erantzun