Fagor Elektronika arnasguneak sortzen eta indartzen

Asteazkena, 2018ko maiatzaren 2a

Azken garaian “arnasgune” hitza asko entzuteaz gain, euskarari eusteko ezinbesteko guneak direla ere aipatu izan da. Arnasguneak herriak edota eskualdeak izan daitezke, baina baita bestelako gune batzuk ere; adibidez, lantegi bat edota lantegi bateko gune txikiago bat. Eta zalantzarik gabe, nire ustez euskararen normalizazioan aurrera egiteko ezinbestekoak dira. Horren harira, Fagor Elektronikako esperientzia konpartitu nahi dut zuekin.

Fagor Elektronikak, Emunen eskutik,urteak daramatza euskara normalizatzeko ahaleginetan. Aurrerapenak egin ditugula ezin da ukatu, nabarmenak direlako, baina, hala eta guztiz ere, sakon-sakonean galdera bat datorkigu behin eta berriz: zer egin dezakegu atzerapausorik ez egiteko? Erantzuna ez da erraza, baina bide onetik goazela uste dut. Fagor Taldeko lan ildoetariko batek arnasguneak bultzatu behar direla esaten du eta horretan ari gara.

Iaz lantegiko 5 gune izendatu genituen arnasgune. Euskara hutsean funtzionatzen dute. Gune horietako kideen arteko hartu-emana euskaraz da ahoz zein idatziz eta harreman informaletan zein bileretan. Eta printzipioz gune edo sail horietara ezingo da sartu lanera euskara normaltasunez erabiltzeko prest ez dagoen inor.

Jakina, horrek ez du esan nahi beste gune batzuetan euskara ez dela erabiltzen. Baina, gune bat arnasgune izendatzeak gune hori ahaldundu egiten du eta aurrera begira babestu. Era berean, erabaki horrekin norabide bat eta mezu garbi bat ari gara bidaltzen: borondate irmoa dugu euskarak bere lekua har dezan.

Iaz, Elektronikako sailkako edota gunekako analisia egin ostean, langileen %10 arnasguneetan aritzeko moduan zeudela ikusi genuen. Abiapuntua hori izanda, plan estrategikoan urtero gune horietan % 4 gehiagok lan egitea aurreikusi genuen. Urtebeteko ibilbidea egin ondoren, uste dugu langa hori gainditu eta aurten arnasguneetan lan egingo duten langileak %19 izatera ere heldu gaitezkeela. Arnasgune bilakatzeko prozesua lasai egin behar dugu, baina ditugun aukera guztiak aprobetxatuta.

Bestalde, arnasguneak sortu eta hedatzeko prozesu honi jarraipena egiteko modua ere finkatu dugu: urtean hiru bilera labur egingo ditugu arnasguneetako kideekin ondo egindakoak, arazoak, zailtasunak eta abar detektatzeko, eta, behar izanez gero, aholkua eta laguntza eskaintzeko.

Horretan gabiltza, ondo ari garelakoan gaude eta ez dugu amorerik emango.

Enrike Letona (Emuneko kidea)

Erantzun