FAGORen eta EMUNen arteko hitzarmen sinaduraren ekitaldia

Asteazkena, 2006ko martxoaren 1a

Hizlari Javier Gantxegi, FAGOR, Koop. E.ko lehendakaria, Juan Jose Ansoategi, lehendakariordea eta EMUNeko zuzendari nagusia den Dani Larrea aritu ziren.

Lehenik Juan Jose Ansoategik hartu zuen hitza eta FAGORen euskararen erabilera areagotzeko planen hasiera izan zuen hizpide. Hasierako helburu eta zergatiak aipatu ondoren, Fagorreko planen arrakastarako baldintzen artean, bazkideen eta Kooperatiben konpromisoa, planifikazioa, metodologia eta planen dinamizazioa aipatu zituen.

Fagor Taldeko kooperatiba guztietako euskara planek ipar bakarra izan dute helburu eta metodologiaren ardatz, eta 1998an EMUNekin sinatutako hitzarmena apustu estrategikoa izan zen FAGORentzat.

Laugarren hitzarmena dela aipatu zuen ondoren Javier Gantxegik. Euskara planek gaur egun enpresaratzea erakusten dute. Lehenengo eta bigarren hitzarmenetan nahiko eduki boluntarista zirenak, oraingo honetan errealitate modura ageri dira. Horren adibide gisa hitzarmenean jasotako aipamen batzuk:

  • Euskara planak etengabeko hobekuntzara zuzenduta daude, eta hori gauzatzeko erabiltzen den Plan-Do-Check-Act prozesuaren arabera antolatzen dira.
  • Horrezaz gain, Fagorreko planifikazio estrategikoaren baitan txertatu dira, eta horrek zenbait aldaketa ekarri ditu hitzarmenetan.

Gantxegiren hitzetan, Fagorreko euskararen erabilera bikoiztu baino gehiago egin da (1998ko %17tik, 2005eko %36ra). Ezagutzari dagokionez, 2005ean %63ra iritsi da, eta euskara planak hasi zirenean %53koa zen: horretarako arrazoi nagusia sartu diren bazkide berriek euskaraz jakitea izan da. Horrez gain, horietako askok ikasketak euskaraz egin dituztela eta horrek enpresa munduan euskaraz lan egin ahal izateko bitartekoak ziurtatu behar dituela azpimarratu du. Bestalde, planaren ezaugarri garrantzitsuena bere izaera parte hartzailea dela eta, etorkizunean, trabarik gabe euskaraz ere funtzionatuko duen kooperatiba taldea ikusten duela ere aipatu zuen.

Azkenik, Dani Larrea, EMUNeko zuzendari nagusiak hartu du hitza elkarlanaren nondik norako eta ondorioak azaltzeko. FAGORek EMUNi emandakoen artean aipatu zituen:

  • Hasteko eta hazteko oso oinarri egokia izan dela
  • Euskara Planak bideratzeko enpresa ikuspegia ezinbestekoa gertatu dela. Horretan oinarrituta, gestio tresnak, metodologia hobetu, euskara enpresa parametroetan sakondu (adib.: adierazle kuantitatiboetan sakondu, hizkuntzaren gestioa gestio sistemetan integratu), lan funtzioen baitan hizkuntzarekiko funtzioak definitu eta abar egiteko aukera nabarmendu daitezke.
  • Bezero-hornitzaile harremana baino gehiago, elkarlan harremana lortu da, eta ondorioz, FAGOR EMUNeko bazkide erabiltzailea ere bada.

EMUNek FAGORi emandakoen artean aipagarrienak aldiz, ondorengoak dira:

  • Erronkaren ikuspegi teknikotik erantzun egokia emateko etengabeko ahalegina: metodologia, planifikazio eta dinamizazio lanak.
  • EMUN pertsonengan eta horien parte hartzean oinarritutako kooperatiba izanik, ikuspuntu teknikoaz gain, lan mundua euskalduntzeko FAGORen dinamikan sinistea eta konprometitzea.

Elkarlanak luzaroan irauteko asmoa azaldu zuten bertaratutakoek.

Bidaltzailea: Emun, Koop. E.

Erantzun