Ginkana PesaLur-en

Asteazkena, 2015eko uztailaren 15a

PesaLur –Pesa Taldeko enpresetako bat– Lemoan dago kokatuta eta, bertan, 2012an hasi ziren Euskara Plana inplementatzen. Ordutik, urrats asko egin dituzte euskararen normalizaziora begira (besteak beste, hizkuntza irizpideak onartzea eta betearazten hastea, autobus erabiltzaileekin harremana duten langileentzat euskara ikastaro trinkoak eta motibazio saioak antolatzea…).

Baina, ekintza horien osagarri, kolektibo osoarentzat ekintza ludikoren bat antolatzeko beharra ikusi genuen Euskara Batzordean; orain arte Euskara Planean parte hartu gabe zeuden langileengana hurbiltzekoa, alegia.

Presentación1

Horrela, hainbat aukera aztertu ostean, lehiaketa bat antolatzea erabaki genuen eta, horretarako, Irizar-en egiten dutena hartu genuen oinarri moduan. Lehiaketarekin bi helburu lortu nahi genituen:

  • Euskara Plana, oro har, eta Euskara Batzordea, zehazki, ezagutaraztea.
  • Egunerokoan euskararen mundutik urrun bizi direnei euskararen gainean jakin-mina piztea, edo pizten hastea, behinik behin.

Lehiaketa pasa den ekainean egin zen, eta labur-labur honako hauek izan ziren lehiaketaren ezaugarriak:

  • 3 pertsonako taldeak osatu ziren.
  • Talde bakoitzari izena jarri zioten taldekideek.
  • 5 aste iraun zituen.
  • Astero 3 galdera bidali genizkien: 1) euskarari buruzkoa; 2) PesaLur-i buruzkoa; 3) porra.
  • Komunikazio guztiak bi hizkuntzatan egin genituen (mezuaren hartzaileak parte-hartzaile guztiak zirenean).
  • Galderak astelehenetan bidali genituen eta erantzunak ostiral eguerdia baino lehen bidali behar zituzten.
  • Komunikaziorako 3 bide eskaini genizkien: whatsapp-a, emaila eta papera; baina, gero, praktikan, denek whatsapp-a erabili zuten.
  • Talde irabazleko 3 kideek jaso zuten saria (bazkari eder bat).

Lehiaketaren balorazioa positiboa izan da: 1) Euskara Plana sozializatzeko, eta Euskara Batzordearen berri emateko balio izan duelako; 2) euskarari buruzko bitxikeriekin euskararen beste alderdi bat erakutsi diegulako (sinbolikoki bada ere); 3) 13 taldek (39 pertsonak) parte hartzea positiboki baloratu dugu; are gehiago, parte-hartze kopuru horretatik haratago, galdera batzuen erantzunak-eta bilatzen jende asko inplikatu dela ikusita; saltsa handia sortu da lehiaketaren bueltan.

Erantzun