Herri txikien indarra eta ilusioa

Ostirala, 2018ko uztailaren 27a

Zegama. Gipuzkoa hegoaldeko herri bat da, Goierri eskualdean. Doi-doi 1.500 biztanleko langa gainditzen du. Sarrera hau euskararen ezagutzari eta erabilerari buruzko datuekin osatuko dugu: euskaldunak %83 dira, ia-euskaldunak %6 eta erdaldunak %10 (Eustat, 2016). Erabilera, berriz, %68koa zen 2011n.

Aurtengo martxoan deitu zuen Zegamako Udaleko Euskara Batzordeak EUSKARALDIA antolatzen hasteko lehen bilera. Lehen erabaki esanguratsua antolaketa taldea herritar gehiagori zabaltzea izan zen. Hori horrela, 10-12 laguneko talde motorra lanean hasi zen. Adinez, jatorriz, generoz eta lanbidez talde anitza osatzea lortu da, udala eta herritarrak bat eginik lehen unetik. Hau indargune garrantzitsua izan da orain arteko ibilbidean.

EUSKARALDIAren egitasmoari lotuta, orain arte, honako ekimen hauek nabarmenduko genituzke:

-Maiatzaren 10ean EUSKARALDIAren aurkezpen publikoa egin genuen berrogeita hamar bat herritarren aurrean Aitziber Garmendia aktorearen laguntzaz. Herriko hiru gazte izan ziren saioa gidatu zutenak eta horrek ekitaldiari beste balio bat erantsi zion.

-Ekainaren 23an San Juan bezperako suaren inguruan Desioak sutan ekimena prestatu zuten batzordekideek. Hots, herritarrek euskararekiko dituzten desioak jaso, kutxa batean sartu eta sutan erre desio horiek bete daitezen.

-Honi guztiari EUSKARALDIAren irudia sozializatzeko herriko hainbat ekintzetan egin den ahalegina erantsi behar zaio, toki askotan agertu da EUSKARALDIAren logotipoa herriko elkarteen borondate onari esker.

Orain opor osteko garaia dator eta lanak ugaritu egingo dira baina horrek ez gaitu kezkatzen. Taldekideek erakutsi duten gogo eta ilusioarekin ondo joango den uste sendoa baitaukagu. Azpimarragarria da Zegamaren moduko herri bat erakusten ari den indarra tamaina honetako erronkari eusteko. Hunkigarria ere bai, herritarrak auzolanean ikusita.

Opor osteko garaia herriko jaietan, San Bartolometan, hasiko dugu Irten armairutik ekintzarekin: izena eman nahi duten herritar guztiei argazkia aterako zaie (bakarka, binaka nahiz taldeka) berariaz prestatutako armairu batetik irtetera doazela irudikatuz. Hori eta gauza gehiago izango dira jaietan izena emateko garaia badatorrela gogoratzeko. Horren ondoren, egitasmoan izen-ematea antolatzen eta hamaika egunak prestatzen jarraituko dugu. Esan gabe doa, Zegamako Talde Motorra zabalik dagoela borondate onarekin datorren herritarren ekarpenei leku egiteko.

Zuk pentsatu al duzu zer izango zaren, ahobizi edo belarriprest?

Inaxio Usarralde (Emuneko kidea)

Erantzun