Hizkuntza asertibitatea eta euskararen normalizazioa (III): Akuilu taldeak Fagor Arrasaten

Asteazkena, 2010eko martxoaren 24a

Akuilu taldeak Fagor Arrasaten

Gure filosofiaren oinarria langileen parte hartzea da eta euskaraz hitz egitea kooperatiban benetan parte hartzea da

Juan Jose Ansoategi Fagor Taldeko lehendakaria

Aurreko artikuluan hizkuntza asertibitatea zer den azaldu eta gero, horren aplikazio praktiko baten adibidea azaldu nahi dugu hizkuntza asertibitateari eskainiko diogun azken artikulu honetan. Kasu honetan Fagor Arrasate Koop. E.an gauzatutako esperientzia emango dugu ezagutzera.

Kokapena: Fagor Arrasate

Akuilu taldeak bezala bataiatu genuen hizkuntza asertibitatea praktikan jartzeko interbentzioa ulertzeko egokia iruditzen zaigu gauzatu zen testuinguruari buruzko bi hitz esatea.

Akuilu taldeak Fagor Arrasate enpresan sortu genituen. Fagor Arrasate Kooperatiba Elkartea 50 urteko ibilbide luzea duen kooperatiba da. Arrasaten jaio zen mugimendu kooperatibistaren aitzindarietako bat da. Gaur egun Euskal Herritik mundu zabalera begira ari den 400 langile baino gehiago duen Kooperatiba da. Euskal Herrian lantegiak ditu Arrasaten (2), Markinan eta Donostian.

Makina-erremintako sektorean kokatzen du bere jarduna: automozio eta etxetresna ekoizleentzako makinak egiten ditu. Beraien jarduera dela eta kualifikazio handiko langileak ditu (ingeniariak, muntatzaileak,…).

Euskara ezagutzari dagokionez, %80 inguruk euskaraz daki. Ohikoa denez jende helduagoaren multzoan euskaraz alfabetatu gabeko langile asko dago. Gazteen artean aldiz, euskaldun alfabetatuak dira gehienak.

1999an Fagor Arrasatek eta EMUN Koop. E.k hitzarmena sinatu zuten Erabilera Euskara Plana ezartzeko Fagor Arrasaten. Euskara plan horren baitan kokatzen da Akuilu taldeen interbentzioa.

Aurrekariak

Akuilu taldeen egitasmoak bi iturri nagusitik edan zuen: alde batetik Markinan eta Arrasaten 2007an egindako Akuilu taldeen proba pilotuak; eta bestetik Valentzian sortutako Taller D´Espai Lingüístic Personal (TELP) saioak.

Markinako Akuilu talde pilotuei dagokionez, 2007. urtean Soziolinguistika Klusterrak bultzatutako ERALAN proiektuaren barruan kokatutako interbentzio bat izan zen. ERALAN proiektuaren helburua lan arloan hizkuntza erabileran eragiteko hainbat interbentzio burutzea zen. Horietako bat Akuilu taldeen proba pilotua izan zen. Horretarako Markinako lantegiko bulegoetan 10 pertsona aukeratu ziren eta ordu eta erdiko lau saio eman zitzaizkien. Beraien eta enpresaren lan-jarduna euskaldunagoa izateko partaideen kontzientzia eta koherentzian eragin zen saio horietan.

Lehenengo interbentzio pilotu honek emaitza interesgarriak izan zituenez, 2007ko azaro eta abendua artean Markinan burututako esperientzia Arrasateko lantegiko bulegoetako pertsonez osatutako talde batekin gauzatu zen.

Bi talde pilotu hauek bukatu eta gero bi talde horiekin asertibitatearen gaia oso azaletik jorratu genuela ondorioztatu genuen. Asertibitate teknikek hizkuntzaren normalkuntzan izan zezaketen baliagarritasunaz ohartuta, 2008an sortuko genituen talde berriekin gaia sakontasun handiagoz jorratzea erabaki genuen. Era honetan, asertibitatea eta hizkuntza asertibitatea saioetako oinarria bilakatu zen. Horretarako oso baliagarria izan zitzaigun interbentzioaren bigarren aurrekaria diren Taller D´Espai Lingüístic Personal (TELP) saioetako materiala.

Valentziako Psikologiako Fakultateko irakasle den Ferran Suay eta kirol psikologian eta klinikoan aditua den Gemma Sanguines, psikologiaren ezagutzan oinarrituta, katalana komunikazio-hizkuntza izaten laguntzeko estrategia bat garatu nahian, 2003-2004. urteen artean Taller d’Espai Lingüistic personal (TELP) ikastaroak sortu zituzten. TELP ikastaroen helburua hizkuntza-gatazkei aurre egiteko norbanakoaren baliabideak garatzea eta baita norbanakoaren baliabideak perfekzionatzea.

TELP saioetan metodologia elkarreragilea erabiltzen da, hainbat arloko baliabideak erabiliz: Jokabidearen Terapiakoak, Kirol-psikologiakoak, ikuspegi paradoxikokoak edo estrategikokoak eta antzerkikoak. Saioak 10-15 pertsona talderako aurreikusita daude eta gutxi gorabehera 10 orduko iraupena izaten dute.

Valentzian sortutako TELP ikastaro hau, euskal herritar eta erakundeek agertutako interesa ikusita, Euskal Herriko egoerara egokitzeko lanak egin eta gaur egun TELP ikastaroak Euskal Herrian zehar ematen dihardu EMUN Koop. E.k.

Akuilu taldeen deskripzioa

Bi aurrekari horiek eman ziguten esperientzia eta ezagutza baliatuz, interbentzioaren oinarria izan ziren saioetan hizkuntza asertibitatearen gaian sakontzeko asmoz hainbat aldaketa egin eta 2008. urtean Fagor Arrasaten bi Akuilu talde martxan jartzea erabaki genuen. Akuilu taldeen interbentzioa gidatu dituzten helburu orokorrak bi izan ziren: euskaltzaleen hizkuntzarekiko kontzientzia sendotzea (pertsona batek bere egiten duen hizkuntzak duen egoeraz jakitun izatea eta normalizatzeko ahalegina egiteko nahia) eta euskaltzaleen hizkuntzarekiko koherentzia lantzea (pertsona batek bere egiten duen hizkuntza normalizatzeko ahalegina egiteko nahia portaera efektibo bilakatzea, pertsonak bere egiten duen hizkuntza normalizatua egongo balitz moduan bizitzeko portaera).

Fagor Arrasateko 22 pertsona aukeratu genituen Akuilu talderako ezaugarri egokiak baitzituzten eta bi taldetan antolatu genituen. Ondoren, 2008. urtearen apirila eta uztaila bitartean ordu eta erdi inguruko lau saio gauzatu genituen langile horiekin.

Akuilu taldeen saio horiek asertibitatearen artikuluan ikusi genuen berregituraketa kognitiboa lortzeko eta komunikazio estrategietan trebatzeko saio bat bezala ulertu behar dira. Saioetan garatutako edukiekin, portaera aldatzeko helburuarekin, partaideen arreta portaeran jarri genuen, portaeraren zergatiak ulertu zitzaten eta aldatzeko gakoak izan zitezkeen gaien inguruko hausnarketa bultzatuz: hizkuntza eskubideak, hizkuntzen ekologia, asertibitatea, hizkuntza asertibitatea, eta abar. Erabilitako metodologia parte hartzailea izan zen, partaideei beraiei sarritan hitza emanez beraien esperientziak kontatzeko eta hausnarketa bultzatzeko, ikasitako praktikan jartzeko rol jokoak erabiliz eta abar. Era horretan gai batzuekiko partaideen pentsamendu ereduak aldatzea eta euskararen aldeko portaera eragilea sakontzea lortzea espero genuen. Era berean, interbentzioan komunikaziorako efikazak diren baliabideak eman genizkien, asertibitatezko komunikaziorako estrategien berri emanez eta berauek praktikatuz.

Akuilu taldeetan izandako asistentziari dagokionez, esan behar dugu lan arazoek eragin nabarmena izan dutela. Ondoko irudian ikus daitekeenez, jada lehenengo saioan asistentzia %73 inguruan egon zen. Ondorengo saioetan asistentzia portzentajea jaitsiz joan zen, azken saioan %45 inguruan kokatuz. Batez besteko asistentzia %59koa izan zen.

Interbentzioa gauzatu dugun lan testuinguruan argi dago lehentasuna lanak duela eta hori asistentzian nabaritu da. Gainera Akuilu taldeetako orduak langileek beraien lan orduetatik kanpo egin behar zituzten, beraz saioetara etortzeak lantokian beranduago arte egotea behartzen zituen langileak. Halabeharrez, lantokian lanak dauka lehentasuna, euskararen normalizazioa bultzatzen dituzten ekimenen aurretik. Horrek zailtasun handiak sortu dizkigu parte hartzaileek portaera aldatzeko jarritako helburuen jarraipen zehatz bat lortzeko.

Azkenik, parte hartzaileek egindako balorazioei dagokionez, saioek balorazio positiboa izan zuten eta parte hartzaileek asertibitateari buruzko teoria eta praktika gehiagoren beharra azpimarratzen zuten. Ez da harritzekoa, asertibitatearen gaia ezaguna ez duten pertsonentzat lau saio ez baitira nahikoak gaia guztiz ezagutu eta menperatzeko. Dena den, gure ustez gaiari buruz zerbait gehiago jakin nahi izatea azpimarragarria iruditzen zaigu eta modu positiboan baloratzen dugu.

Ondorioak

Akuilu taldeen interbentzioak maila indibidualean eragitea bilatzen zuen. Horrek ez du esan nahi beste mailako interbentzioak baztertzea aurreikusten dugunik. Ezta gutxiago ere. Gure ustez gutxitutako hizkuntza baten normalizazio lanetan maila guztietan eragin beharra dago eta maila ezberdinetan egiten den eragiletza horren sinergiak normalizazioaren norabidean jarri. Beraz, hemen aurkeztutakoa maila indibidualean eragiteko modeloa da, baina beste maila batzuetan eragitearekin uztartu daitekeena.

Interbentzioak batez ere norberak duen portaeran eragitea bilatzen du, hau da, partaideek beraien portaerari begiratu behar diote, berau aztertu eta, hala erabakitzen badute, horren gaineko aldaketak egin. Partaideen portaeran dago fokalizatuta eragina, eta ez beste pertsonen portaeran. Euskara gehiago ez erabiltzeko sarritan erabili izan diren aitzakiak beste pertsonaren portaeran fokalizatu izan dira. Euskaraz ez dakitenek euskara ikasten ez duten bitartean beraiekin euskaraz egitea ezinezkoa dela eta antzerako arrazoiak izan dira askotan euskal hiztunok erabilitako aitzakiak. Era horretan euskal hiztunok, arazoaren iturria eta irtenbidea, kanpo faktoreetan jarri izan dugu, guk geuk euskara normalizatzeko egin dezakeguna alde batera utziz. Esan dugun moduan, neurri handi batean aitzakia izan da, gure ahalegina egiteko gogo edo nahi eskasa justifikatzeko modu bat. Akuilu taldeen interbentzioak eztabaidaren bihotza norberaren portaeran kokatzen du.

Era horretan euskararen normalizaziorako interbentzio honek planteatzen duen irtenbidea kanpo faktoreetatik askatu eta norberak alda ditzakeen portaeretan zentratzen da. Arazoaren irtenbidea beste pertsonaren portaera aldatzea izan beharrean, guk geuk gure portaera aldatzea eta irtenbideak bilatzean datza. Zentzu honetan Mahatma Ghandiren hitzak guztiz egokiak iruditzen zaizkigu paragrafo hauetan azaldu nahi duguna islatzeko: ez zaitez saiatu beste batzuk aldatzen; izan zaitez zu zure bizitzaren arduradun eta saia zaitez zu zeu aldatzen. Euskararen normalizaziorako ahalegin honen abiapuntua norbera da, norberak duen portaera eta norberak portaera horretan egin ditzakeen aldaketak, eta ondoren besteek egingo dute eurek askatasunez erabakitzen dutena, hori ere errespetatua izango baita. Era honetan, interbentzio modelo honek proposatzen duena da norberak bere portaeran zentratzea besteek egingo dutenaren zain egin gabe.

Artikulu sorta hau bukatzeko honako ondorio orokor hauek aipatu ditzakegu:

  • Hizkuntza asertibitatea estrategia egokia da gutxitutako hizkuntza baten normalizazioan eragiteko maila indibidualean.
  • Hizkuntza asertibitatezko portaera ikasi daiteke taldekako saioetan parte hartuz teoria eta praktika uztartuz.
  • Portaeran aldaketak emateko, helburuak jartzerakoan progresibitatea kontuan hartzea baliagarria suertatzen da helburuen betetze maila hobetzeko.
  • Norberaren portaerari erreparatzea da gakoa.
Bidaltzailea: Juanjo Ruiz, Emuneko teknikaria

Erantzun