Hizkuntza normalizazioa eta motibazioa. Jardunaldiaren zuzeneko jarraipena

Asteartea, 2007ko urriaren 9a

Hasi da EMUNek bere 10. urteurrenaren testuinguruan antolatutako jardunaldia. Gandiaga Topagunean gaude, Arantzazun. Eta hemen ari gara argazkiak gordetzen.

EMUNeko lehendakari Ima Elexpuruk harrerako hitzak esan ditu eta orain Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateko Nekane Arratibel ari da hitz egiten: EMUN zoriondu du eta hizkuntza normalizaziorako prozesu guztien motorra motibazioa dela esan du.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Erramun Osaren hitzak datoz orain. EMUN zoriondu ondoren, LanHitzen ezaugarriak eta HPSren etorkizuneko erronkak nabarmendu ditu.

EMUNeko Imanol Larreak jardunaldiaren egitaraua azaldu digu eta Peter Mac Intyre-ri eman dio hitza.

MacIntyre-ren iritziz, bigarren hizkuntza ikasteko prozesuetan orain arte garrantzia osoa alderdi linguistikoei eman zaie baina ikasprozesuan norbanakoek, pertsonek parte hartzen dute eta motibazioek, antsietateak, sinesmenek, esperientziek, baloreek eta abarrek eragin handia dute prozesu horren garapenean. Ingurune sozialak ere (taldeen arteko gatazkek, alderdi demografikoak, migrazioek…) ikasprozesu hori baldintzatu egingo dute.

Bigarren hizkuntza ikasten ari direnek hegazkinetik lehen aldiz jauzi egin behar dutenek izaten dituzten sentsazio berak dituzte; zirrara, beldurra, ezinegona, emozioa… Bigarren hizkuntza ikasten ari denak ere sentimendu horiek ditu eta hitz egiterako jauzia egiterakoan galdera hauei erantzun behar izaten die:

  • zer gertatuko da ezer oker esaten badut?
  • egongo al da ni laguntzeko gai den inor?
  • elkarrizketa norantz joango da? zein oztopo aurkituko ditut?

Bigarren hizkuntza erabiltzeko orduan giltzarri da zerbait komunikatzeko gogoa izatea.

Galderen tartean Marije Manterolak, Jaime Altunak eta Joxe Mari Muxikak parte hartu dute eta, azken honek, harreman sozialek eta sare sozialek duten garrantziaz galdetu du.

Kafe tartearen ondoren, Valentziako Unibertsitateko irakasle Ferran Suay hasi da hitz egiten:

Euskaldunok erdaldunen aurrean beti erdarara joz “kortesiaz” jokatzen omen dugu baina ez, hori ez da kortesia, etengabe errepikatzen den jokaera hori ez da kortesia. Hori hizkuntza sumisioa da eta beti hizkuntza gutxituen hiztunen gain geratzen da. Eman diezaziogun buelta: euskaldunona kortesia bada, euskarara jotzen ez duten erdaldunena deskortesia izango da, ezta?

Betidaniko mitoak hausten ari da Ferran. Gaztelaniatik euskarara arteko distantzia linguistikoa euskaratik gaztelaniarakoaren parekoa da eta historian zehar euskaldun elebakar askok egin behar izan dute gaztelaniarako jauzi hori. Beraz, bizitza osoan Euskal Herrian bizi diren erdal hiztunek ez dute aitzakiarik euskarako gutxieneko maila izan dezaten.

Katalanaren testuingurua eta euskararena desberdinak direla esan du Suay-k eta, horrenbestez, desberdin planteatu behar direla hizkuntza sumisioa saihesteko planteamenduak.

Historian zehar hizkuntza gutxituek eta beren hiztunek jasan dituzten zigorrek hizkuntza sumisioa handitu dute. Baina ez dira lehengo kontuak bakarrik: gaur egun katalana espres diskriminatzen duten 300dik gora lege daude.

Babesgabetasun ikasiaren paradigma azaldu digu: zigor bikoitza (testuinguru batean eta bestean) jasan dutenek zigor gabeko guneetan ere kokilduta jarraitzen dute. Eta hori da hizkuntza sumisioa iraunarazten duena.

ETB2ren euskara tratamendua kritikatu du; euskaldunak gaztelaniaz hitz egitera behartzeak (Iparraldekoen kasuan are gehiago) hizkuntza sumisioa indartzen du. Baina gaztelaniara jauzi egiten duten euskaldun peto-petoek ere zigorra jasotzen dute, gaztelaniaz oker edo euskal azentoarekin hitz egiteagatik. Zigor bikoitza jasotzen dute eta babesgabetasuna handitzen du.

Beraz, hizkuntza sumisioan daudenen jarrera aldatzeko maila psikologiko guztietan esku hartu behar da eta gizarteko eragile guztiek (erakunde publiko zein pribatuek, harreman sareek, eskola eta lan munduak…) parte hartu behar dute esku-hartze horretan.

Hizkuntza dimisiotik fideltasunera pasa behar da (kontzientzian eraginda) eta hizkuntza asertibitatera iritsi behar da, baliabideak eskainiz eta nola egin irakatsiz.

Galderei erantzuten hasi da Ferran Suay. Parte-hartzaileek aipatutako baliabide horien adibide zehatzak eskatu dizkiote Ferrani eta hau dira eman dituenetako batzuk: bezero paperean bagaude ez dugu inongo beldurrik izan behar eta arreta geure euskalkian eskatzeko posizioan ere geundeke; inora izapideren bat egitera goazenean eta harrerako erdaldunak zakar erantzun badigu, guk gaizto papera hartu eta “jar nazazu zu baino konpetenteago den batekin, mesedez” esan dezakegu.

EMUNeko kide Joxpi Irastortza hasi da hitz egiten.

MacIntyre kanadiarrarekin hasi dugu jardunaldia, Herrialde Katalanetako Ferran Suay etorri da gero eta gurean gabiltza orain, Joxpi Irastortza lazkaotarrarekin.

Gandiaga izan du gogoan, bere poema batzuk irakurrita, eta enpresetako euskara planen bilakaera eta metodologia azaltzen hasi da.

Joxpik ERCko eurodiputatu Bernat Joan i Mari-ren erreferentzia egin du hizkuntza berreskuratzeko 3 zutarriak zeintzuk diren adierazteko; zutarri horien artean dago motibazioa.

Pertsonen jarreraren oinarri teorikoak azaldu ditu eta jarreren egitura psikologikoa oso konplexua dela nabarmendu du.

Hainbat teoria azaldu du: espektatiba/balentzia teoria, akzioaren kontrol-teoria, kausa-egozpenean oinarritutako ikuspegia… Teoria bakoitzerako adibide zehatz argigarriak eman ditu.

Eta orain enpresetako euskara planetako pertsonen artean egin duen ikerketa lana azaltzen hasi da Joxpi: jarraitutako metodologia, jasotako emaitza kuantitatiboak, emaitza kualitatiboak…

Hauek dira ikerketa lan horren ondorio nagusiak:

  • Konpromisoak hartzeko garaian adinak eragiten du. Konpromisoak betetzeko orduan, berriz, ez.
  • Lantokiko buruaren jarrera kontuan hartzekoa da.
  • Jarrera-objektuen gaineko ikuspegia edo kognizioa aldatzea zaila da, denbora behar da.
  • Jarrera-portaera apalena dutenek emaitza hobeak lortu dute eztabaida taldeetan. Jarrera eragileena dutenek bi jardueretan emaitza parekoak izatea ere esanguratsua da.
  • Bi metodologiak izan daitezke baliagarriak euskararen aldeko portaerak izateko.
  • Langileek dituzten kezka, arazo eta oztopoak azaleratzea aurrera egiteko pistak izan litezke, eragin-trukerik gabe ezagutuko ez genituzkeenak.
  • Gure norabideko helburuak lortzeko intentzioa izatea bada zerbait, baina ez nahikoa. Kanpoko akuiluak ere badu eraginik gure erantzunetan, baina ez da nahikoa. Norberak bere jarreren upela kontrolatzea da bidea, autokontrola, autoerregulazioa.

Joxe Azurmendiren aipu batekin bukatu du Joxpi Irastortzak bere hitzaldia:

Beti gabiltza soluzio definitiboen bila eta ez dugu zertan horrela ibili beharrik. Soluzio definitiboa, behin betikoa, heriotzak bakarrik dakar. Bien bitartean, gauzak etengabe aldatzen ari diren neurrian, hauek unean uneko soluzioak eskatzen dituzte.

Bukatu da goizeko saioa. 3 hizlarioi, milesker.

Arratsaldean 4 mintegi hauek egingo ditugu:

  • Peter MacIntyre: Komunikatzeko gogoa ulertzen eta garatzen
  • Ferrán Suay: Euskaltzaleentzako asertibitatea
  • Alex Mungia eta Xabier Elortza (HABE): Buruntzaldeko esperientzia: emozioen ekologiaren bidetik
  • Iñaki Eizmendi (EBETE): Erdaldunak euskarara nola erakarri: ba al dakigu zirrikituak irekitzen?

Mintegiak bukatu eta gero, hona ekarriko ditugu ondorioak.

Informazio gehiago, hemen .

Mintegietako ondorioak:

ERDALDUNAK EUSKARARA ERAKARTZEA (Iñaki Eizmendi):

  1. Euskarara erakartzeko bideak aurkitzea, zirrikituak irekitzea lortu behar dugu: harreman edo lotura txikiak bilatzea, hortik abiatzea.
  2. Kezketatik abiatu. Gauzak zehatzak eta praktikoak eskaini. Ideia eta mezu positiboak eskaini. Enpatia etengabe erabili beharreko tresna.
  3. Ezinbestekoaren bidea eta sedukzioarena, biak erabili behar dira.
  4. Emozioetatik eragiten hasi behar gara.

KOMUNIKATZEKO GOGOA ULERTZEN ETA GARATZEN (Peter MacIntyre):

Nola garatu komunikatzeko gogoa:

  • Hizketakideak pizten duen interesa eta gaiaren interesa.
  • Ikasleari aukera ematea, ez derrigortuta sentitzea.
  • Egoera, ingurua zaindu (egoera atsegina / desatsegina).
  • Kuriosidadea, gauza berriak ezagutzeko gogoa sustatu.

BURUNTZALDEKO ESPERIENTZIA (Xabier Elortza eta Alex Mungia):

  • Hizkuntza kontuak oso AFEKTIBOAK dira. Berebiziko garrantzia gurasoekin eremu pribatuan emozioetan eraginez lan egiteak.
  • Eragiteko modua: PROZESUA da oinarri (komunikazioa, enpatia) eta hortik sortutako produktuak (CD, liburuxka) osagarri dira.
  • Gurasoengana iristeko bidea: euren eta gure USTEEN berri jaso, KOMUNIKAZIOA landu.

EUSKALTZALEENTZAKO ASERTIBITATEA (Ferrán Suay):

  • Aurreiritziak erabiltzen ditugu hizkuntza aukeratzerakoan.
  • Aurreiritziak inguruaren eta pertsonaren araberakoan dira.
  • Lehen gatazka gure aurreiritzien aurkakoa izan behar du.
  • Gero asertibitatea: erasoa eta menpekotasunaren arteko portaera.
  • Menpekotasun linguistikoak mailak ditu, eta kalteak ekar ditzake guretzat eta solaskidearentzat.
  • Euskaraz egiteko ahaleginak merezi du.

EZUSTEKOA! Oihulari Clown-ekoak etorri dira tailerren inguruko parodia egitera… Jardunaldirako amaiera bikaina.

Bidaltzailea: EMUN Koop. E.

Erantzunak

  1. Jarriko al dituzue arratsaldeko mintegietako diapositibak? Izan ere, bat aukeratu behar zenez, joan ez ginen mintegietako edukien irrikaz gauzkazue hemen.
    Zorionak Emun!
    Eskerrik asko.

  2. Eskerrik asko, Kristina.
    Hemen dituzu jardunaldiko hitzaldi eta mintegi guztietako aurkezpenak:

    http://www.emun.com/10urte/jardunaldia/aurkezpenak

    Ondo izan.

Erantzun