Iruñerriko merkataritzan euskararen presentzia areagotu nahian

Ostirala, 2018ko martxoaren 16a

1994. urtean merkataritzan euskararen presentzia indartzeko plan bat jarri zen martxan: Euskara Merkataritzara Plana. Hasiera batean Burlatan jarri zen abian, eta, arian-arian, herri gehiago joan dira gehitzen. Gaur egun, 9 herritan dihardu planak: Berriobeiti, Berriozar, Zizur Nagusia, Antsoain, Burlata, Atarrabia, Uharte, Aranguren eta Gares

250 saltoki baino gehiago ari dira euskararen erabilera areagotzeko urratsak ematen: tabernak, tailerrak, okindegiak, hotelak, ile apaindegiak, botikak, harategiak, loradendak… Horiei guztiei, doako itzulpen zerbitzua zein euskara ikasteko edo errotuluetan euskara erabiltzeagatiko diru laguntzak eskaintzen zaizkie, besteak beste, aipatutako udaletako euskara zerbitzuetatik

Plan horren baitan, entzute handiko suertatu izan da, iaz zein aurten, hiztegitxoen egitasmoa. Baina, zertan datza proiektu hori?

Hiztegitxoen egitasmoa

Gabon bueltan planteatzen den zozketa bat da, sasoi horretan salerosketa kopuruak gora egiten duela baliatuta. Planean parte hartzen duten saltokietan guztira 25.000 hiztegitxo banatu dira, 5 motatakoak: arrosak, urdinak, berdeak, laranjak eta horiak. Eduki ezberdina du bakoitzak.

Urtarrilaren 31ra bitartean bezeroek kolore bakoitzeko hiztegitxo bana bildu behar izan dute (erosketa bakoitzeko hiztegitxo bat hartuta saltokitik). 5 hiztegitxoak eskura izandakoan, guztiei argazkia atera eta, whatsapp bidez, 692 730 246 zenbakira bidali dute argazkia. 420 partaidetik gora izan ditugu!

Argazkia bidali duten guztien artean 100 euroko baliodun 3 bono zozkatu dira, planean parte hartzen duten aukeratzen dituzten saltokietan erabiltzeko. Saridunak Uharteko Javier Borda eta Gonzalo Fernández eta Barañaingo Itxaso del Río izan dira. Joandako martxoaren 2an egin genuen sari banaketa Iruñeko Karrikiri elkartearen aurrean (behean argazkia). Saridunek martxoa bukatu arte erabili ahal izango dute erdietsitako bonoa.

 

Itxaso Telleria (Emuneko kidea)

Erantzun