Komunitatea sortzen jarraituko dugu aurrerantzean ere

Astelehena, 2012ko urriaren 8a

“Euskara lanean bidea egiten” lelopean urriaren 4an egindako jardunaldiak aurreikuspen onenak bete zituen.

Artikulu honetan ez dugu jardunaldiaren kronikarik egingo. Izan ere, #emunek15 traolaren bidez modu bizi eta berritzailean zuzenean jasotako kronika ikusteko aukera dugu guztiok.

Lan jardunaldia izan da egindakoa eta ez dugu adarretan gelditu nahi, bertako mamia ere zure esku jarri nahi dugu. Areto nagusian zein tailerretan egindakoa grabatu egin dugu eta grabaketetan material interesgarri ugari dago. Datozen asteetan emango dizuegu horien berri.

Lerro hauetan jardunaldiaren 3 aspektu azpimarratu nahi ditugu:

1.- Eta protagonistok zer diogu? ikus-entzunezkoan euskara plana indarrean duten 10 bezerok gaiari buruzko euren sentipen eta iritziak jasotzen dira. Ikus-entzunezkoa ikusteko aukera duzu hemen:

2.- EMUNek teknikoki bideratzen dituen euskara planetan 4 ardatz jorratzen ditu: euskararen inguruko ezagutza, motibazioa eta erabilerarekin batera planaren erakundetzea. Olatz Olasok, EMUNeko I+G+Bko zuzendariak 4 ardatz horietan egindakoaren errepasoa egin zuen eta, ondorio gisa “gutxienez, botila erdiraino betetzea lortu dugula” baieztatu zuen.

Azterketa horrekin batera, aurrera begirako 3 erronka aipatu zituen Olatzek:

• Behar berriei ikuspegi ekintzaile eta sortzailearekin erantzuteko EMUNek hartzen duen konpromisoa.

• Pertsonak gara gakoa. Egin den guztia egiteko pertsonak klabeak izan gara, bagara eta izango gara. Pertsona guztiok dugu zer esana euskararen gaian.

• Komunitatea sortu. Asko gara euskara planaren bueltan gabiltzanak eta guztion artean esperientzia eta ezagutza ugari batzen dugu. Gutako bakoitzarena partekatuz eta batuz asko irabaz dezakegula uste dugu.
Horrexegatik, EMUNetik gaurtik aurrera bidea ireki nahi dugu euskara planetan dihardugunon komunitatea sortzeko. Gaurkoa hasiera besterik ez da. Elkarrekin gune ezberdinetan gure esperientziak partekatu eta aberasteko aukera izango dugu, aurrez aurre zein sarearen bidez.

3.- Jardunaldira bertaratutakoek balorazio laburra egin zuten idatziz. Lehen irakurketa egin dugu eta, salbuespenik gabe, balorazio ona edo oso ona egiten dute. 3 hauek dira gehien azpimarratzen diren ideiak:

• Jardunaldiaren antolaketa eta giro ona.
• Halako ekimenen premia. Aberasgarria da beste enpresen bizipenak eta esperientziak ezagutzea. Pilak kargatzeko balio dute halakoek.

• Errepikatzen den ahulgune bakarra: gaietan sakontzeko denbora gehiago behar dela.

EMUNen aldetik, eskerrak eman nahi dizkiegu jardunaldian parte hartu zuten guztiei batetik eta, bestetik, komunitatea sortzeko eta sendotzeko erronkari seriotasunez heltzeko konpromisoa.

Oraingoan bukatzeko, hemen duzue Jardunaldiko hainbat argazki.

Hurrengoan gehiago!

Erantzunak

  1. Bideoa ikusi dut. Oiloipurdia jarri zait. Motibagarria da oso. milesker

Erantzun