Langune sortu da, hizkuntzen industria egituratzeko

Osteguna, 2010eko otsailaren 18a


Sortze batzarra

Gauza jakina da izugarrizko abiada hartu duela informazio eta komunikazioen garapenak eta, ondorioz, erabilerak. Hizkuntza denez komunikazioaren osagairik garrantzitsuena, komunikatzeko darabiltzagun teknologion bilakaerak eragin zuzena du hizkuntzen kudeaketan, areagotu egiten baitu kudeaketaren beharra.

Horretaz gain, badira beste faktore batzuk ere norabide berean jartzen gaituztenak: globalizazioa, mundua merkatu bihurtzea, lanerako nahiz aisialdirako pertsonen mugikortasuna ikaragarri handitzea, ingelesak nazioartean indarra galtzea, potentzia berriak agertzea merkatuetan eta, horrenbestez, hizkuntza egoerak eleaniztasunerako joera hartzea, internetaren hedapena, ama-hizkuntza edozein arlotan erabiltzeari gero eta garrantzia handiagoa ematea …

Labur esateko: hizkuntza beharrak areagotu egin dira, gerora ere hala izango da, eta behar horiei erantzuna eman behar zaienez, normala da merkatura eskari hori asetzeko gero eta produktu eta zerbitzu berri gehiago agertzea, industria sektorea osatzeraino, hizkuntzen industria.

Euskal Herrian bertan ere ohituta gaude hizkuntza desberdinak erabiltzera eta, gainera, ahalegin berezia egin behar izan dugu, eta egiten ari gara, euskarak bere funtzioak normaltasunez bete ditzan.

Horregatik hainbat erakunde, enpresa, elkarte eta bestelako ari da hizkuntzen industria deitu dugun sektorean: itzulpengintzan, irakaskuntzan, edukiak sortzen eta hedatzen, erabilera sustatzeko aholkularitzan…

Hainbat bai, baina bakoitza bere aldetik. Egoera honi aurre egiteko, hizkuntzen sektore ekonomikoa egituratzeko eta dauden erronkei aurre egitea elkarrekin lankidetzan arituta errazago izango delakoan, azken urtean sukalde lanean jardun ondoren, urte berriarekin bat, LANGUNE elkartea sortu dute arestian aipatu alorretako hainbat eragilek.

Horietako bat da EMUN bera eta LANGUNEko behin-behineko Zuzendaritza Batzordean ere parte hartzen du, elkartea legez osatu denetik.

LANGUNEk datozen hilabeteotan esku artean izango duen erronka nagusia bere Plan Estrategikoa lantzea izango da, Euskal Herria Hizkuntzen Industriaren alorrean Europa mailan erreferente bilakatzeko bidean urratsak ematen hasteko.

Ekimen garrantzitsua, bada, abian jarri dena, EMUNen egitekoarekin bat datorrena eta denbora labur samarrean berri gehiagoren iturria izan daitekeena.

Bidaltzailea: Dani Larrea, EMUNeko Zuzendaria

Etiketak

Erantzun