Lekeition Eixu!

Asteazkena, 2015eko abenduaren 16a

Pasa den abenduaren 5ean “Lekeitioko Euskeraren Jaialdia” izan zen Lekeition. Azken urteetan arduratuta dabiltza lekeitiarrak herritarren artean euskararen erabilera jaisten ari delako. Hori dela-eta, Iker Ajuriagerra EMUNeko lankideak eta Lekeitioko Udalak bideratuta, EIXU lantaldea sortu da Lekeition, herritarrez osatuta. Euren leloak argi lagatzen du zein den lantaldearen helburua: “EIXU bigarren berbia be euskeraz”. Hortaz, helburua zehaztuta, makinatxo bat dinamika sortu dituzte herrian, Iker EMUNeko kideak koordinatuta. Esaterako, herritarrengana ailegatzeko dokumental bat egin dute, hain zuzen, euskararen egoeraren erradiografia egin eta hausnarketarako gaiak plazaratuta.

Dokumental hori eman zuten jaialdian, zinema aretoa bete-beteta zegoela, 300 bat ikuslerekin.

Jaialdia borobiltzeko eta herritarrek izan ditzaketen kezkak erantzuteko, bi aditu soziolinguista gonbidatu zituzten galderei erantzuteko: Olatz Altuna, Soziolinguistika Klusterreko langilea, eta Iñaki Martinez de Luna, EHUko irakaslea. Baina ekitaldiaren sorpresa hortxe izan zen, galderak ez zizkieten egin ikusleek, hiru aktore ezagunek baizik (Miren Gojenola, Ana Elordi eta Mikel Laskurainek) eta ikusleak barrez lehertzen jarri zituzten, gaia zorrotz aztertzeko galderak egiten zituzten bitartean.

Amaitzeko, herriko 35-40 komertziori “EIXU ziurtagiria” banatu zitzaien, zerbitzua eta paisaia euskaraz lehentasunez izateagatik.

Horixe, hortaz, ekitaldi borobila eta atsegina, ikusleak indarberrituta ateratzea lortu zuena.

Eixu

Erantzun