Nik euskaraz eta zuk erdaraz?

Osteguna, 2014ko azaroaren 13a

Moti+batu topaketan euskara ikasten ari direnek erabilerarako jauzia eman dezaten nola lagundu izan da galderetako bat. Gure ustez, horretarako baliabide edo praktika interesgarria izan daiteke elkarrizketa elebiduna.

Juanjo Ruizek topaketetarako bideoan azaltzen duen bezala, elkarrizketa elebiduna hizkuntza batean baino gehiagotan elkar komunikatzen duten bi pertsona edo gehiagoren arteko elkarrizketa da. Izan ere, euskara ulertzeko arazorik ez dagoenean, hizkuntza ezberdinak erabil ditzakegu elkarrizketa berean.

Eta hortxe dago, hain zuzen ere, gako nagusietako bat, ulermenean. Euskal Herrian euskaraz ulertzen duen gero eta jende gehiago dago, nahiz eta gaitasun faltagatik, edo dena delakoagatik (oraindik…) hitz egiten ez duen. Horrela, esate baterako, ezagutza datuetan azaltzen den elebidun hartzaileen multzokoekin euskaraz egingo bagenu, batetik, euskaraz egin nahi dugunoi aukerak biderkatuko litzaizkiguke; eta bestetik, hizketakideari euskara entzuteko, praktikatzeko, euskalduntze prozesuan aurrera egiteko…aukera emango genioke.

Hala ere, esan dezakegu, oro har, Euskal Herrian elkarrizketa elebiduna ez dela ohiko praktika bat. Gure ustez oztopo nagusiak maila kognitiboan dauzkagu, eta zehazki, gure aurreiritzi edo interpretazio okerretan oinarritzen dira. Beraz, beste gakoetako bat, horiek desmuntatzean datza: hizkuntza alternantzia normala da munduan, ez daukagu zertan guztiok/guztia hizkuntza bakarrean egin behar, bestearentzat ez dauka zertan traba izan behar, lagungarria baizik, agian besteak hala nahi du, ez da errespetu eza, gaiaz hitz egitea lagungarria izan daiteke, ez dauka zertan gatazkatsua izan behar…

Azken finean, elkarrizketa elebiduna probatu, praktikatu, kalera atera, normalizatu…egin beharko genuke, eta aukera daukagunean baliatu.

Horrela, hasierako galderari erantzunez, erabilerarako jauzia emateko bide horretan, euskara ikasten ari den horri laguntzeko modu bat izan daiteke eta euskaraz bizi nahi dugunontzat gure hizkuntza erabiltzeko aukera ezin hobea.

Erantzun