Ordizian kirola euskaraz

Asteartea, 2016ko urtarrilaren 12a

Badira urte batzuk jada, Ordiziako Udaleko Euskara Sailak, EMUNekin batera, herriko hemezortzi bat kirol elkarterekin elkarlanean diharduela, euren barruko eta kanpoko harremanetan euskararen erabilera bultzatzeko asmoz.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Argazkia: Ordiziako Udalean hitzarmenen sinatze ekitaldia (2011. urtea)

Hala, denetariko elkarteekin hitzarmenak sinatuta ditugu, estatuko ohorezko lehen mailan ari den errugbi elkartearekin, esaterako.

Hitzarmen horiek bi motatakoak dira, entitatearen euskararen erabileraren arabera: A hitzarmena dute batzuek (elkarteak hainbat arlo gutxienez euskaraz betetzen dituela ziurtatzen duena) eta B hitzarmena besteek (elkarteak hainbat arlo batez ere euskaraz betetzen dituela ziurtatzen duena).

Hitzarmenen jarraipena egiteko eta bertan zehaztutakoak betetzen direla ziurtatzeko, noizean behin, jarraipen bilerak egiten ditugu elkarteekin.

Azken urteotan egindako urrats aipagarrienak hauek ditugu:

– Elkarteetako web orrien eta sare sozialen diagnostikoa.

– Kirol taldeetako entrenatzaileen ezagutzaren diagnostikoa.

– Ahozko neurketak sei elkarte nagusien talde banatan.

– Motibazio saioa saskibaloi entrenatzaileentzat.

– Hizkuntza irizpideen lanketa eta aitortza ekitaldia B hitzarmena duten elkarteekin.

Aurtengo helburuei dagokienez, entrenamenduetako hizkuntza ohituretan eragitea nabarmenduko genuke; hala, saskibaloi elkarteko talde batean eta futbol elkarteko beste talde batean bi hilabeteko proiektua jarri dugu abian, eta gauza bera egin dugu Urpekoak taldeko lau entrenatzaileekin. Emaitzak txukunak izan dira, denetan euskarak ahozko erabileran gorantz egin baitu, eta aurrera begira dinamika berdinarekin jarraitzeko interesa erakutsi baitute.

Aipatzekoa da, azkenik, Euskararen Egunean elkarteek euren alea jarri zutela, euskararen aldeko talde argazkian parte hartuz.

Aitzol Azpiroz (Ordiziako Udaleko euskara teknikaria)

Erantzun