Ordizian herritarren parte-hartzearekin diseinatu da plan berria

Asteazkena, 2014ko ekainaren 11a

Euskararen erabilera indartzeko asmoz, eta herriko taldeekin, eragileekin eta herritarrekin elkarlanean, gaur egungo egoera aztertu eta euskara plan berria osatzeari ekin dio Ordiziako Udalak. Guk Ordiziako Udaleko Imanol Iturriotz euskara zinegotzia eta Izaskun Zubitur euskara teknikaria elkarrizketatu ditugu xehetasun gehiago jakin nahian.

P1010255

1) Zein da euskararen egoera Ordizian?

Azken hogeita bost urteetako bilakaera aztertzen badugu, euskararen ezagutzak eta erabilerak gora egin dute; horrela, 2011n euskaraz dakitenak %57,2 dira eta euskararen kaleko erabilera %39 da. Belaunaldi gazteenetan du presentzia handiena euskarak, eta hori datu positiboa da. Hala ere, euskararen hazkunde horrek geldialdi bat izan du azken urteetan, batez ere ezagutzan eta etxeko erabileran. Beste alde batetik, euskara eta gaztelania ez diren beste hizkuntza batzuek ere bere txokoa egin dute Ordiziako egoera soziolinguistikoan. Ordiziarrek euskararen aldeko jarrera badute, baina, aldi berean, askori zail egiten zaio gaztelaniaz hitz egiteko duen ohitura aldatzea.

2) Zein dira herriak dituen indargune eta ahulezia nagusiak?

Esan dezakegu zaila dela inertzia apurtzea; asko aurreratu den arren, oraindik zerbitzuen sektorean gaztelaniari lehentasuna ematen zaio, eta sektore horretan eragitea nahiko zaila da. Beste alde batetik, umeen eta gazteen aisialdi eskaintza gehiena euskaraz bada ere, gaztelerazko eskaintzak ere nahiko zabala izaten jarraitzen du. Euskararen kalitateari dagokionez, gure partaidetza prozesuan jaso ditugun ekarpenen arabera, gazteek, euren arteko elkarrizketetan askotan nahasten dituzte bi hizkuntzak, euskara soilik era freskoan erabili beharrean.

Hala ere, Ordiziak euskararen erabilera indartzeko azpiegitura sendoa du: elkarte, talde eta eragile ugari ditu herriak eta, oro har, euskararen aldeko jarrera dute guztiek, eta batzuen inplikazioa eta ahalegina handia da. Horrekin batera, euskara modu naturalean erabiltzen duten talde eta norbanako ugari dago herrian, eta erreferente dira; bukatzeko, azpimarratu nahi genuke euskara ikasteko eta erabiltzeko baliabide ugari eskaintzen dituela Ordiziak.

3) Zer dela-eta heldu diozue Ordizian Euskara Sustatzeko Ekintza Planari?

Euskara Biziberritzeko Plan Estrategikoa (EBPN) amaitu zen eta, haren luzapena egin ondoren, plan berria prestatzeko garaia iritsi zela erabaki zuen Udalak. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak ere aurten onartu du ESEP plan berria, eta plan berrira egokitu behar zuen Ordiziako planak. Planak, eskema berrira egokitzeaz gain, Ordiziako gaur egungo egoerara eta beharretara egokitu behar du, eta horrek du garrantzia handiena. Aurreko planean antolatutako egitasmoak baloratzeko garaia iritsi da eta hobekuntzak egiteko une aproposena da honako hau.

4) Zein urrats ematen ari zarete une honetan ESEP lantzeko?

Hasteko, une honetan Ordizian euskararen egoera zein den aztertzen ari gara. Alde batetik, datu kuantitatiboak (esparruka hizkuntza gaitasuna eta erabilera zenbatekoa den, eta abar) hartu ditugu kontuan. Bestetik, datu kualitatiboak jasotzen ari gara, martxan jarri dugun partaidetza prozesu bati esker. Hainbat sektoretako jendeak hartu du bertan parte (kultur eta kirol elkarteetako kideak, ikastetxeetako ordezkariak, alderdi politikoetako kideak, udal teknikariak, euskalgintza…) eta euskararen normalizaziorako Ordizian ditugun indarguneak eta ahuleziak zeintzuk diren zerrendatu dituzte. Horrez gain, horiek guztiak kontuan izanda, ekintzak proposatzeko aukera izan dute partaidetza prozesuan. Ondoren, Euskara Zerbitzuak, proposamen horiek kontuan izanda, ESEP plana eratuko du Eusko Jaurlaritzak proposatzen duen eskemarekin uztartuz.

5) Nola irudikatzen duzue Ordizia hemendik lauzpabost urtera?

Helburu nagusiena euskararen normalizazioa bultzatzeko azpiegitura sendoa lortzea da eta norbanakoak, elkarteak eta erakunde publikoak norabide berean lan egitea. Hori lortuta, urrats sendoa emango genuke euskara hainbat eremutara hedatzeko.

Erantzun