Otxandiotik mintzora
Asteartea, 2017ko maiatzaren 9a
Otxandiotik Iruñerako bide jendetsua egin du aurtengo Korrikak.
Korrika ez da, baina, Otxandiotik abiatu den bakarra. Ipuinek, kantek eta olerkiek Bularretik Mintzorako bidea egin dute Otxandioko haurren eta gurasoen eskutik. Eta arrasto sakona utzi dute.
Haurrak hurrengo saioa noiz iritsiko irrikan, gurasoak umeen begirada ameslariekin hunkituta: doinu jolasak, adierazkortasuna, emozioa eta irribarreak. Azken batean, istorioekin eta jolasekin magia sortzen.
Bi taldetan banaturik, lehen hezkuntza eta haur hezkuntzako 32 bat familia aritu dira hilean behin saioak eginez liburutegian. Hiru saio udazkenean eta beste hiru neguan. Eta ez pentsa, ez zaie gogoa itzali, datorren udazkenean ere jarraitu nahiko lukete eta.
Otxandioko etorkizuneko euskalduntasunerako zutabe da Bularretik Mintzora: sormenean, hizkuntzaren gozamenean eta kulturaren transmisioan. Ea datorren ikasturtean ere amets egiten jarraitzen duten Otxandioko txikiek eta handiek.
EZETZ ASMATU!
Txori ikusgaitzak dira
eta haur lokartuen ile artean
egin ohi dute habia.
Txori horiek eramaten gaituzte
lurralde urrunetara,
normalean ezinezkoak diren
lanak eta jolasak egitera
Iturria: IGERABIDE, J.K. (2001.). Mintzo naiz isilik. Elkarlanean
Erantzun