Primerako zerbitzua emateko Realeko dendarientzako euskara ikastaroa

Asteartea, 2014ko ekainaren 3a

Real Sociedad SADko dendetan lan egiten duten zazpi dendarik, pasa den urtean zehar, EMUNek antolatutako oinarrizko euskara ikastaroan parte hartu zuten. Ikastaroa euskararen erabilera normalizatzeko planaren barruan antolatu genuen eta 10 orduko iraupena izan zuen. Helburua euskarari buruzko nozio orokor batzuk ikastea edota errepasatzea izan zen, eta baita dendako ohiko egoeretan ematen diren elkarrizketak ulertzeko eta jarraitzeko gai izatea ere.

Erreala

Euskararen ezagutzari erreparatuta, talde heterogeneoa zen, ezagutza maila desberdinekoak baitziren parte-hartzaileak. Hala ere, bakoitzaren abiapuntua kontuan izanda, helburua guztientzako egokitzat jo zuten.

Eskuliburu bat prestatu genuen ikastaroan emango genituen eduki eta ariketa sortekin. Edukiak 10 gaitan antolatu genituen: agurrak, aurkezpenak, narrazio errazak, zenbakiak, orduak, egutegiko kontuak, dendako hiztegia eta abar lantzeko aukera izan zuten dendariek. Oinarrizko eduki horiez gain, dendetan ematen diren ohiko elkarrizketak praktikatu zituzten, bezeroen eta dendarien rolak antzeztuz. Noski, umorea ez zen falta ikastaroan zehar.

Eskuliburuko gai bakoitzaren bukaeran, osagarri gisa hizkuntzak ikasteko estrategia erabilgarriak eta euskara eta euskal kulturari buruzko jakingarriak zituzten.

Parte-hartzaileen balorazioa ona izan zen, Realeko dendetako arduraduna den Ane Anabitarteren esanetan: “Euskararen ezagutza maila baxua daukatenei balio izan zitzaien hizkera arrunteko esamoldeak gogoratzeko eta dendako hiztegi orokorra ikasteko. Maila altuagokoei eta euskara ohiko hizkuntza gisa erabiltzeko gaitasuna dutenei, berriz, arloko esamolde berriak ikasten lagundu zien eta, horrez gain, maila baxuko lankideei laguntza eman zieten. Baina, batez ere, ikastaroak ohiko lanean eta gure bezeroekiko harremanetan euskararekiko gure konpromisoa indartzen lagundu zigun. Gainera, ikastaroan giro ezin hobea izan genuen”.

Bidaltzaileak: Juanjo Ruiz eta Ane Anabitarte

Erantzun