Sareko hizkuntza irizpideak definitzeko gako batzuk

Asteartea, 2012ko apirilaren 24a

Apirilaren 17an #sarekohizkuntzak enpresetan jardunaldia egin genuen Garaian eta EMUNek enpresek sareko hizkuntza irizpideak definitzeko gako batzuk eman zituen. Artikulu honetara jardunaldian azaldutakoa ekarri dugu.

Hitzaldiaren helburua enpresek sareko hizkuntza irizpideak definitzeko gako edo jarraibide batzuk ematea izan zen eta ez sare sozialetarako hizkuntza irizpide egokienak zeintzuk diren adieraztea. Azken honetarako hainbat faktore hartu behar baitira kontuan eta hauen arabera irizpide bat edo beste izango da egokiagoa.

Uste dugu, enpresek bezeroari bere hizkuntzan eman behar diotela informazioa. Euskal hiztunak diren bezero edo erabiltzaileekin euskaraz jardun beharko dute eta sare sozialak bezeroekin harremanetan jartzeko beste kanal bat direnez, hauetan ere irizpideak zehaztu beharko ditu enpresak.

Enpresek Internetera salto egin aurretik hizkuntzaren gaia hausnartu behar dute, sare sozialetan zertarako egon nahi duten zehaztu eta horren arabera komunikazio estrategia bat definitu. Koherentea izan behar du enpresaren Interneteko jardunak; argi eduki behar dute sarean esaten denak enpresaren identitatearekin zerikusia duela: azken baten offlinean, hau da, Internetetik kanpo, eurentzat euskara garrantzitsua bada, onlinean, Interneten, ere halaxe izan beharko da.

Jarrain hizkuntza irizpideak definitzerakoan kontuan hartu beharreko gakoak zehazten dira:

  • Norabidea zehaztu: hizkuntzarekiko konpromisoa badu enpresak, komunikazio jarduna horren araberakoa izango da. Esaten denaz gain, nola esaten den garrantzitsua da.  Hau da, mezuak euskaraz, gaztelaniaz edo elebitan zabaltzeak irudi bat emango du, edukian bertan azaltzen denaz gain. Hizkuntza aukerak berak irudi bat zabalduko du jarraitzaileen artean, bai enpresaz, baita bezeroekin izan nahi duen harremanaz ere.
  • Community managerra: Sarean euskaraz egitea erabakiz gero, saregile lanak egingo dituen pertsona euskalduna izatea ezinbesteko da. Bestetik, enpresako Community Managerrak euskarazko sare sozialen egoera ezagutu behar du, hau da, garrantzia izango du nor jarraitzen duen, adibidez, gure enpresa edo markak jarraitzen dituen kontu guztiak gaztelaniaz ari badira, gaztelaniazko komunitate batean egongo gara eta zaila izango da hor euskaraz jardutea.
  • Zein da hartzailea?: ezinbestekoa da informazio hau ezagutzea, hau argi izateak irizpideak zehaztea erraztuko du.
  • Sare sozialak: Twitter, Facebook, Google+… bakoitza helburu batekin erabili daiteke eta bakoitzak aukera ezberdinak eskaintzen ditu. Twitter informazioa zabaltzeko egokiagoa da eta Facebook iruzkinak egiteko. Google+k aldiz, jarraitzaileak taldeka antolatzeko aukera ematen du.
  • Jarraipena egitea: baliteke hau izatea gakorik garrantzitsuena. Sare sozialek berehalako feedback-a eskaintzen dute, beraz enpresak probak egin behar ditu, baina, modu kontziente batean jarraipena egin ahal izateko eta horren arabera beharrezko egokitzapenak.

Bestetik, eta enpresak sarean euskaraz egin nahi duela kontuan hartuz, jarduteko aukera batzuk proposatu genituen. #sarekohizkuntzak hausnarketan hainbatetan irten den galderari erantzun nahian edo: kontu bat hizkuntza bakoitzarentzat edo hizkuntza guztiak kontu berean? Gure ustez, enpresak sare sozialetan duen jarduna oso zabala ez bada euskara eta erdara kontu bakar batean uztartzeak ikusgarritasuna ematen dio euskarari. Aldiz, enpresak sare sozialetan duen jarduna oso zabala bada hizkuntza bakoitzarentzat kontu bat erabiltzea proposatzen dugu.

Demagun kanal bakarrean jardutea erabakitzen duela, zein izango da irizpidea mezuak zabaltzerako orduan? Nola eman lehentasuna euskarari? Gure ustez, ez dago informazio guztia hizkuntza guztietan errepikatu beharrik, zenbait informazio hartzaile konkretu bati zuzenduta dago eta horren hizkuntzaren arabera egin dezakegu. Bestetik, informazioa errepikatzen badugu zein mezu zabaldu behar da lehenengo? Euskarazkoa primizia izan dadin lehenengo euskaraz zabalduko dugu eta denbora batera erdarazkoa. Baina, bi mezuak aldi berean eman nahi baditugu zabaldu lehenengo erdaraz eta ondoren euskaraz horman euskarazkoa azaldu dadin aurrena.

Bideoak dira enpresek gaur egun erabiltzen dituzten beste medio bat. Hauetarako MU telebistak erabiltzen duen irizpide berbera aplikatzea proposatzen dugu: bideoak euskaraz sortu eta ondoren azpidatzi. Bideoan hitz egin behar duena ez bada euskalduna bere hizkuntzan grabatu eta euskaraz azpidatzi.

Bukatzeko, aurretik aipatutako bezain garrantzitsuak diren kontuan eduki beharreko bi gai aipatu nahi genituzke. Lehenengoa, hizkuntza kalitateari buruzkoa da; hizkuntza zuzena eta egokia erabiltzea beharrezkoa da. Erabilera desegokiek (ortografia akatsak, esaldien argitasun eza…) enpresaren irudiari egiten diote kalte. Bigarrena, enpresako pertsona estrategikoen ingurukoa da; enpresa edo erakundeak kontu korporatiboak zabaltzen dituzte, baina, askotan hauetan enpresako kideek parte hartzen dute. Kolaboratzaile hauek edo erakundeko pertsona estrategikoek ere hausnarketa egin beharko lukete sare sozialetan erabiltzen duten hizkuntzaren inguruan.

Bidaltzailea: Edurne Gonzalez (Emuneko teknikaria eta sare sozialetan aditua)

Erantzun