Sentsibilizazioa zer lortzeko? Zer motatakoa?

Osteguna, 2014ko azaroaren 20a

Sentsibilizazioaren helburu nagusia izan beharko luke euskaraz bizitzeko dauden aukerak azaltzea. Horretarako, ezinbestekoa da motibazio iturriak identifikatzea, balio gehigarria azalera ekartzea eta euskararen egoera azaltzea.

Baina sentsibilizazioa ezin da modu bakartuan joan. Izan ere, horrek eragina izan dezan ezinbestekoak dira koherentzia eta eredugarritasuna. Gainera, sentsibilizazioak zentzu osoa izateko, beharrezkoa da horrekin batera aisialdian, zerbitzuetan eta abarretan aurrerapausoak egitea. Eta, zelan ez, horiek sendotuko duten neurri instituzionalak.

Izan ere, sentsibilizazioa ezin da plangintza isolatu gisa hartu. Beharrak ere motibazioa elikatzen du eta neurri ausartek ere bai. Testuinguru osoak lagundu behar du motibazioan, bestela alferrik arituko gara. Gainera, motibazioa euskara ikasten ari direnekin ez ezik, beste euskaldun guztiekin ere landu beharko genuke.

Kanpaina asko egin dira gurean, baina jarraipenik gabekoak. Gainera, esfortzu handiagoa egin da ezagutzan horretan baino. Bakoitza bere esparrura begira ari da eta horrela ezinezkoa da sendoa izango den kanpaina egin. Plangintza baten barruan egon beharko lirateke kanpaina horiek, adierazleak, epeak, arduradunak eta abarrekin hornituak. Gainera, ez dugu pentsatu behar kanpaina batekin pertsona bat betiko motibatuko dugula. Motibazioa etengabe landu behar da, egunero elikatu behar da. Eguneroko ekintzen bidez landu beharko genuke sentsibilizazioa eta neurri sozialekin hauspotu, indartu.

Batzuen ustez, sentsibilizazioa gaur egun ezagutzen dugun moduan, akaso agortuta egon daiteke. Izan ere, abiapuntutik bertatik motibatuta ez dagoena zelan motibatu? Eta, bestetik, zelan lortu sentsibilizaziotik erabilera handitzea? Gainera, motibazioa gehiegi lotu omen dugu ludikotasunetik eta emaitzak ez dira izan behar adinakoak.

Gazteekin zuzeneko mezuak saihestu beharko genituzke. Subliminalagoak eta originalagoak izan beharko genuke, baita umorea erabili ere. Euren gustuko jardueretan txertatu beharko lirateke sentsibilizazioa. Eta, gainera, sentsibilizazioa egiteko akaso euren adinetik gertuago daudenak inplikatu beharko genituzke, eraginkorragoa izan dadin. Gainera, motibatu nahi ditugun horiek ere hartu beharko lukete parte, ezta?

Erantzun