Soziolinguistika saioak: Jon Sarasua

Asteazkena, 2013ko apirilaren 24a

Argi daukagu Emunen egiten dugun lana aurrera eramateko, behar-beharrezkoa dugula soziolinguistikaren inguruan egunero ikasten jarraitzea. Bide horretan, 20 emunkide elkartu ginen, iaz AEDk Arrasaten antolatu zituen hitzaldiak ikusi eta aztertzeko (Jon Sarasua, Lorea Agirre, Kike Amonarriz eta Pako Aristi). Bide batez, eskerrak eman nahi dizkiegu AEDri eta Goienari material interesgarri horiek eskura jartzeagatik. Guk ere, irekitasun horri gure ekarpentxoa egiteko, hemen jasoko ditugu goiz emankor horretan ateratako hainbat ondorio.

Jon Sarasuaren hitzaldia aztertutakoan, aipatu ziren hainbat ideia laburbildu ditugu azpian.

Hitzaldiak (AED): Jon Sarasua from Goiena Komunikazio Taldea on Vimeo.

– Hizkuntza ekologia diskurtso erakargarria da, indartsua, baina arriskutsua izan daiteke. Jantzi beharra dago diskurtsoa eta filosofia osoa transmititu behar da. Transmititu behar da pentsaera jakin batekin bat datorren bizitza ikuskera dela. Izan ere, askotan ematen du ekologiaren esparru batzuk baino ez ditugula aintzat hartzen, eta ez bere osotasunean. Subsidiarietate printzipioa, adibidez, ez dakigu behar bezala barneratuta daukagun (edo behar bezala transmititzen dugun).

– Elebitasunaren diskurtsoak ez du bere osotasunean balio. Esplizituagoak izan behar dugu, euskara hutsez funtzionatzeko hautua ere adierazi behar dugu, beharrezkoa denean. Gu gabiltzan enpresetan gune hegemonikoak lortu eta indartu behar ditugu (enpresetan elebitasunaren “gezurrezko” diskurtsoa erakutsi).

– Belaunaldi berriekin lan egin beharra dago. Ez da euren kontzientzian eragiterik lantzen. Transmisioa landu behar da. Eta argi eduki behar dugu etorkizunean ere euskaraz bizitzea hautua izango dela eta hautu hori egin behar dela.

– Argi dago euskarak balio erantsia duela. Baina nola eraman diskurtso hau ebidentzia mailara? Nola lortu erdal hiztunak zerbait galtzen duen sentsazioa izatea? Eta enpresa batek? Aurten Emunen barruan landuko dugu gai hau sakonago.

Erantzun