Soziolinguistika saioak: Lorea Agirre

Asteartea, 2013ko apirilaren 30a

Soziolinguistikaren inguruko ezagutza lantzeko egin genuen mintegian landutako bigarren hitzaldia Lorea Agirrerena izan zen. Bertan aipatutako hainbat ideia jaso ditugu azpian. Lehen saioa Jon Sarasuarena izan zen.

LoreaAgirre (Justizia sozialaz ari garenaren kontzientzia) from Goiena Komunikazio Taldea on Vimeo.

LoreaAgirre (Euskararen ekibalentzia katea) from Goiena Komunikazio Taldea on Vimeo.

LoreaAgirre (Kontzientziaren formak) from Goiena Komunikazio Taldea on Vimeo.

Lorea Agirre (Galdera erantzunak) from Goiena Komunikazio Taldea on Vimeo.

Lorea Agirre (kontzientzia eta identitateaz) from Goiena Komunikazio Taldea on Vimeo.

Gure euskara planetan oinarri minimoak zehazten ditugu. Sarritan teknikariontzat minimoak direnak, enpresetakoentzat maximoak izaten dira. Adostasuna bilatu beharrak gutxiagotasun mailara eramaten gaitu batzuetan.

Bezeroak jartzen ditu helburuak, edo horrela izan beharko luke behintzat. Gure egitekoa aholkuak ematea da, errealitate osoa aurkeztea, zer irabazten duen eta zer galtzen adieraztea.

Sarritan azken helburuari begiratuta, urrats bat besterik ez dena egonkortu edo betikotu egiten dugu. Ez dugu progresibotasunaz hitz egiten, ez gara “ausartzen” zehaztutako helburu hori pauso bat, maila bat besterik ez dela esaten.

Maila orokorreko diskurtsoan, diskurtso handi horretan, misioa edota azken helburua zehaztean eroso aritzen gara. Momentuko diskurtsoan, egoera puntualak gainditzeko behar ditugun arrazoietan zailtasun handiagoak izaten ditugu.

Geu ere askotan asimilazio egoera batetik abiatzen gara adostasun bila, beldurra izango bagenu bezala jokatzen dugu, langa geuk jaisten dugu negoziatzen hasi aurretik. Euskararen balioa zenbaitetan geuk gutxiagotzen dugu, ez diogu erdarekiko berdintasunik aitortzen.

Legitimitate falta sentitzen dugu, geure burua ez dugu sendo ikusten. Euskara planak hobekuntza gisa ikusi beharrean, oztopo gisa bizi dugu. Euskararen politikek ez dute enpresako beste politika batzuek duten sendotasunik.

Euskara planak saltzen hasten garen momentu beretik erakutsi beharko genuke legitimitatea, boterea. Saltzeko esaten dugunak asko baldintzatzen du ondorengo jarduna.

Anormaltasuna sarritan geuk bideratzen dugu, norekin zer lantzen dugun aztertu beharko genuke. Esaterako, zenbait kasutan zuzendaritzan landu behar genituzkeen zenbait gai beste foro batzuetan lantzen saiatzen gara.

Nolako perfila izan beharko luke Emuneko teknikariak? Sinpatikoa, umoretsua, gertukoa, dinamikoa …? Geure buruari benetan pentsatzen duguna esateko, haserretzeko, eztabaidatzeko … eskubiderik onartzen diogu? Jendea haserretu ez dadin saiatzen gara, gatazkak ekiditen. Sarritan ausardia falta erakusten dugu, ez dugu erantzukizunik eskatzen (guztiak gure gain ote daude ba?)

Euskararen alde egitea justizia sozialaren alde egitea da. Gehiago landu beharko genuke diskurtso hau. Denok ulertzeko moduko diskurtsoa da eta, aldi berean, oso zaila bere aurka egotea.

Erantzun