Udaletako hizkuntza errolden esperientziak

Asteartea, 2013ko apirilaren 16a

Apirilaren 26-27an Lasarte-Orian egingo den Udaltop topaketan hizkuntza erroldak izango ditu hizketagai Kristina Pavo, Emuneko teknikariak. Gaiaren inguruan aurrerapentxo bat egiteko eskatu diogu.

Kristina Pavo, Emuneko teknikaria.

“Hizkuntza erroldak herri administrazioen eta  herritarren arteko komunikaziorako estrategietako bat delakoan gaude.  Baina nola bideratzen ditugu herri-administrazio eta herritarren arteko komunikazioak eta harremanak?

Hainbat aldagai aztertuz jasotako informazioaren berri emango dugu, ikuspegi kuantitatibotik (hizkuntza errolda kopurua, mapa herrialdeka, hizkuntza errolda duten herri administrazioak zeintzuk diren, udal osoan edo sail batzuetan ezarrita duten…) , ikuspegi funtzionaletik (helburuak…)  eta ikuspegi historikotik (sorrera urteak, herritar kopuruak, aldaketa kuantitatibo zein kualitatiboa…).

Ikuspegi kualitatiboagoa ere aztertu dugu, ustez, baliagarriak diren praktikak eskura jarriz.

Esan beharra daukagu lan hau burutzeko guztira 187 herri administrazioekin bideratu dugula harremana. Horietatik, 131k erantzun du, emaitza kuantitatiboetan aurkeztuko dugun datuen arabera. Praktika baliagarriak irudikatzeko, berriz, 3 aukeratu ditugu. Horretarako bi irizpide kontuan izan ditugu:  irizpide geografikoa eta  praktika horien berezitasunak edota desberdintasunak.

Ondorio nagusi batzuk ere azalduko ditugu Udaltopen.”

Udaltop topaketan izena emateko epea apirilaren 19ra arte dago zabalik.

Erantzun