ULMAn Bidegorriak Euskararentzat

Osteguna, 2016ko urriaren 13a

Arrakastatsua izan zen ULMAk irailaren 23ko “Bidegorriak euskararentzat” ekintzaren amaierarako antolatu zuen egitaraua, bere osotasunean; eta pozik eta ilusioz agertu ziren ULMAko antolatzaileak auzolanean egindako lanarekin. Baita Oñatiko herriak eman zuen erantzunarekin ere.

150 lagun inguruk hizkuntza txikien aldeko jarrera etikoa eta ekologikoa aldarrikatuz 5 kilometroko ibilbidea egin zuten bizikleta gainean, bidegorrian zehar, eta 9 gunetan geldialdia egin zuen tropelak: geldialdi bakoitzean globo bat ziztatzen zuten, eta globoak barruan zekarren galdera irakurtzen zioten ULMAko kooperatiba bakoitzeko presidenteari; eta presidente bakoitzak erantzun egiten zion galderari. Hizkuntza gutxitu batek orekan bizitzeko behar dituen baldintzak azaldu zituzten denen artean.

Eguerditik nabari zen festa giroa Oñatiko plazan. Plazako arkuetatik zintzilik aurreko hilabeteetan ULMAko negozioetan lankideek eta organoek idatzitako ia 300 adierazpen eta konpromisoak irakur zitezkeen euskararen muraletan. Arratsaldean, herritarrek ere izan zuten muraletan beraien konpromisoa idazteko aukera, Amaia Txintxurretak plaza girotzen zuen bitartean.

Horrez gain, Oñatiko 3 ikastetxeetako LH6ko umeek egindako marrazki dotoreak ere ikusgai egon ziren eszenatokiaren bueltan. Izan ere, ikastetxe bakoitzean ordubeteko hitzaldiak egin ziren aurreko astean, ‘ULMA GARA, EUSKARA GARA’ lemapean: bertan, lehendakari batek, jubilatu batek eta Motibazio Taldeko kide batek azaldu zieten gaztetxoei nola sortu zen ULMA, zer lan eta zer produktu egiten dituzten ULMAko negozioetan, eta lanean euskaraz gero eta gehiago egiteko zer egiten duen ULMAk euskara planaren baitan. Horrekin, 40 marrazki inguru egin zituzten umeek, taldeka.

Festari amaiera emateko eta ULMAren 55. urteurrena ospatzeko, Oñatiko Ganbara abesbatzak, Oinatz dantza taldeak eta KALAKAN musika taldeak kontzertu bikaina eskaini zuten San Migel elizan, bertaratu ziren ia 600 lagunen gozamenerako. Ospakizunari bukaera biribila eman zitzaion horrela.

Bideo erreportai honetan jaso dituzte ekintzaren bueltan grabatutako irudiak.

Erantzun